Erreferentziazko prezioen indizea zehazteke, «konplexutasun tekniko handiagatik»

Errenteria tentsio handiko eremua da, baina ezingo dizkiete jabe handiei muga zorrotzak ezarri indize horren faltan. EH Bilduk esan du Gipuzkoako Aldundia kalkulua «atzeratu nahian» ari dela.

Gipuzkoako Ogasunaren egoitza, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gipuzkoako Ogasunaren egoitza, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
nerea intxausti
2025eko urtarrilaren 31
12:00
Entzun

Etxebizitzen alokairuen prezioa igotzea mugatu daiteke Errenterian (Gipuzkoa), atzotik, orduan bihurtu baitzen tentsio handiko eremu ofizialki. Halere, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek ez zituzten beharrezko datu batzuk garaiz bidali, eta, erreferentziazko prezioen indizea kalkulatzeko nahitaezkoak zirenez, jabe handiei eragiten dien neurria ezin izan dute martxan jarri. EH Bilduk irmo kritikatu zuen atzerapena atzo, baina gaur Irune Berasaluze foru bozeramaileak erantzun egin die; esan du jada bidali dituztela datuak Eustatera, eta lanak «konplexutasun tekniko handia» duelako atzeratu direla. 

Errenteria da, ofizialki, tentsio handiko eremu izatea lortu duen Hego Euskal Herriko lehen herria. Gutxienez hiru urtez izango da tentsio handiko eremu, eta aldi horretan jarriko dute martxan udalak egin eta Eusko Jaurlaritzak onartutako ekintza plana.

«Aldundiak dagokiona bete du datuak Eustatera bidaliz, eta EH Bilduri eskatzen diogu ez dezala etxebizitza bezalako gai delikatu bat gezurrekin instrumentalizatu»

IRUNE BERASALUZEGipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramailea

Halere, Aizpea Otaegi alkateak atzo esan zuen tentsio handiko eremuaren izendapena «hankamotz» heldu dela: alokairuen prezioa igotzea mugatuko duen neurria eta beste zenbait atzo jarri baziren ere abian, espero ziren bi puntu ez ziren bete, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ez dituelako erreferentziazko prezioen indizeak jakinarazi.

Izan ere, prezio hori ezartzeko Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek ez zituzten beharrezko datuak garaiz bidali, eta, beraz, bi neurri horiek ezin dira indarrean sartu oraindik. Bidali beharreko datuek azaltzen dute zenbat diru bideratzen duten familiek alokairua ordaintzera. 

EH Bilduk irmo kritikatu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundia, eta esan zuen erreferentziazko prezioen indizearen kalkulua «atzeratu nahian» ari dela. Erantsi zuenez, udalek ez ezik, gainontzeko erakundeek ere ez badute «premiaz ardurarik hartzen», neurria ezingo da erabat martxan jarri. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak bide beretik jo zuen: «Presazkoa zaigu Gipuzkoako eta Bizkaiko erreferentziazko prezioen indizea jakitea, herri gehiagok beharko baitute laster». Gaur, horrez gain, Kaleratzeak Stop taldekoek ere salatu dute «atzerapen arduragabea» izan duela Gipuzkoako Foru Ogasunak, eta beste 22 herri tentsio handiko eremu izendatzeko lanak «oztopatzen» ari dela.

Bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berasaluzek erantzun egin die. Adierazi du martxan direla Espainiako Etxebizitza Ministerioak eskatutakoak betetzeko lanak, baina lanak «konplexutasun tekniko handia» duela: «Aldundiak dagokiona bete du datuak Eustatera bidaliz, eta EH Bilduri eskatzen diogu ez dezala etxebizitza bezalako gai delikatu bat gezurrekin instrumentalizatu». «Gezurrak elikatu» nahi izatea aurpegiratu die, eta «helburu alderdikoiak» soilik dituztela. «Ahalik eta denbora laburrenean» egin dutela erantsi dute.

Atzeratu dituzten neurriak jabe handiei zuzendutakoak dira —bost higiezin baino gehiagoren jabe direnak hartuko dituzte jabe handitzat—. Haiei neurri zorrotzagoak ezarriko dizkiete; esaterako, haiek alokatzen dituzten etxeen prezioek gehienezko eta gutxieneko kopuru batzuen artean egon beharko dute —erreferentziazko prezioen indizeen araberakoak izango dira—. Indarrean dauden alokairuei ere ezarriko diete neurria, eta jabe handiak kontratuak eguneratzera behartuta egongo dira. Bestalde, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko kontratu berrien prezioa igotzea ere mugatu egingo da —prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sisteman zehaztuko da—.

Indarrean

Tentsio handiko eremuaren izendapena zela-eta, hainbat neurri sartu ziren indarrean atzo: batetik, alokairu baten bost urteko kontratua amaitutakoan, hiru urtez luzatzeko aukera egongo da, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan; bestetik, alokairuaren prezioa igotzea mugatu egingo da kontratu berrietan. Kontratu berrian ezingo da gainditu egindako azken kontratuaren errenta —legearen arabera, kontratuak %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuak badira, edo hobekuntzak egin badira etxebizitzaren birgaitzeari, energia eraginkortasunari edota irisgarritasunari dagokienez—. 

Nafarroako Gobernuak azaroan hasi zuen 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua. Besteak beste, Iruñea, Burlata, Zizur Nagusia, Berriozar, Antsoain, Altsasu eta Tutera izendatu nahi dituzte tentsio handiko eremu. 21 udalerri horietan, Nafarroako herritarren %68,3 bizi dira. Abiatzear dituzte izapide administratiboak.

Nafarroako EH Bilduko Miren Zabaletak gaur adierazi du lankidetzarako prest daudela tentsio handiko eremuetan plan «anbiziotsuak» eta «zehatzak» egiteko hemendik aurrera. Balioa eman die «etxebizitzaren krisiaren» aurrean udalak egiten ari diren lanari, «lankidetzan oinarritutako gobernantza» egiten ari direlako eta «udaleko ateak herritarrei irekitzen» ari direlako. Gainera, nabarmendu du EH Bildu Iruñeko Udal Gobernura iritsi eta hilabetera jarri zutela abian etxebizitza plana. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.