Rosa Parks, Angela Davis, Simone de Beauvoir, Chimamanda Ngozi Adichie, Empar Pineda Erdozia, Emma Goldman, Dolores Ibarruri Gomez, Aimar Elosegi Ansa, Bartolina Sisa Vargas, Miren Clemente Lozares, Berta Caceres Flores eta Begoña Gartzia Arandioguren. Hamahiru erreferente feminista horiek eta beren borrokak plazaratzeko sortu du Hernaniko Kulturartekotasun Plaza Feministak Gobara podcasta. Gobara «ikasteko, pedagogia feminista egiteko, desikasteko, gogoetatzeko, ongi pasatzeko, barre zein negar egiteko, amesteko, eraldatzeko, aitortzeko, ezagutzeko... eta askoz gehiagorako»,aurkezpen testuan diotenez.
Aurretiazko lanketa prozesu baten ondoren, 2021eko irailean sortu zen Hernaniko Kulturartekotasun Plaza Feminista. Feminismoaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako espazioa da, hainbat jarduera eta egitasmo iraunkor dituena, eta, hain zuzen, horixe egin nahi dute podcastaren bidez ere: arrazakeriaren kontrako borrokaren eta feminismoarenaitzindariak ezagutarazi eta beraiek abiatutako borrokak gaur egun duen indarra erakutsi. Erreferente horiek, gainera, ez dituzte kasualitatez aukeratu: Hernaniko Berdintasun Kontseiluak hizpidera ekarritako kideak dira, eta Hernaniko gunean ere espazio fisiko propio bat ere badute.
Pentsaraztea helburu
Orain, aitzindari horiek Hernanitik kanpo ere ezagutaraztea da asmoa. Halaxe kontatu du Saioa Iraola Kulturarteko Plaza Feministako koordinatzaileetako batek: «Kide feminista hauek ezagutaraztea garrantzitsua da memoria kolektibo bat osatzeko. Hau bada gonbidapen bat hausnarketarako. Pentsatzeko zein diren bakoitzaren erreferenteak, eta ikusteko aski aitortzen ote ditugun».
Erreferente horiekespazioaren lau paretatik kanpora zabaltzeko ere baliatu nahi dute podcasta:«Produktu batsortu nahi genuen feministentzat baliagarria dena, baina, feminismora iritsi ez den herritar batek ere entzun eta jasoko duena. Antirrazismora edo inperialismoaren kontrako jarrera bat ez duenarengana ere irits daitekeena, eta gogoetarako bidea ere izan daitekeena», nabarmendu du Iraolak. Esan eta egin. Otsailean kaleratu zuten lehen atala, Simone de Beauvoir pentsalari feminista ardatz duena, eta egunotan kaleratu dute bigarrena, Rosa Parks Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko ekintzaileari buruzkoa. Asmoa dahilabete bakoitzeko lehen astean atal berri bat kaleratzea. Denera, beraz, hamahiru hilabete iraungo du proiektuak, eta bukatutakoansarean geldituko da edonork entzuteko moduan.
Hamahiru dira aitzindariak, horietako asko «Europako feminismo zuritik orain arte gehiegi begiratu gabeak» direla, nabarmendu du Ana Iruretagoiena kazetari eta podcastaren egileak.Hori dela eta, podcasta egitea bera erronka bikoitza izan dela dio: batetik, erreferente horiek ez direlako behar beste ezagunak; eta bestetik, horiez euskaraz arituko den jendea aurkitzea ez delako erraza. Hizkuntzaren auzia aipatu du: «Erabaki genuen nire ahotsean doan guztia euskaraz izatea, Hernanitik sortzen den zerbait delako, eta ulertuz beharbada Bartolina Sisa Vargasi buruz hitz egingo digun norbait pertinenteagoa dela latinoamerikarra izatea». Hori da podcastaren bigarren zutabeetako bat: euskaraz izango da nagusiki.
Euskararen gaiari ere begiratu dio Iraolak, eta, podcastaz harago, gunean bertan ere hizkuntzaren auziak garrantzi berezia duela nabarmendu du: «Gure zutabeetako bat da euskara, eta erronka ere bada kulturartekotasuna euskaraz lantzea, jatorri askotariko herritar mordo bat biltzen gara hemen, eta euskararekiko jarrera baikor eta enpatiko bat sustatzea dagokigu euskaldunoi».
Lehena kaleratuta, jasotako harrerarekin pozik dira biak. Bertze guztiaren gainetik erreferente berriak sortzeko balio dezakeelako da pozik Iruretagoiena: «Balio badu pertsona horien borroka eta ondorengoek borroka hori nola bizi duten ikusteko, ongi etorria da».
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Erreferenteak plazaratzeko
Hamahiru erreferente feminista eta antirrazista landuko ditu Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministaren 'Gobara' podcastak. Hilean bat kaleratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu