«Bera gabe gauza pila bat ez lirateke egongo orain dauden moduan». Saminez mintzatu da Iñaki Queralt EHGAMeko kidea Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferente bat galdu berritan: Mikel Martin zendu zen atzo goizean, minbiziak jota. Errenteriakoa (Gipuzkoa) zen, eta EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, beste hainbat kiderekin batera. 1970eko hamarkada amaiera aldera hasi ziren antolatzen, eta haiek izan ziren 1979an Francis trabestiaren hilketa salatu zutenak: «Kikildu beharrean kalera atera ziren; lehen momentua izan zen non EHGAM bezalako talde batek eraso homofobo bat eta erailketa salatu zuten», oroitu du Queraltek. Errenteriakoa Euskal Herriko «Stonewall txikia» izan zen, eta egun hartatik aurrera, etengabe jarraitu zuen Martinek LGTBI kolektiboaren eskubideen eta beste «hamaikaren» alde.
Martinen heriotzaren berri izan bezain laster, eskaera bat zabaldu dio EHGAMek Errenteriako herriari: ortzadarraren bandera begizta beltz batekin balkoietan esekitzea. Euskal Herri osora ere hedatu dute eskaera aste amaierarako: «Ikus dadila elkartasuna».
«Guretzat bere lekukoa hartzea kristoren zama izango da, baina aurrera egingo dugu. Sikiera Mikel joan da jakinda jendea badela bere pausoak jarraitzeko», adierazi du Queraltek. Martin ez zen izan ibilbide motzekoa: 1970eko hamarkada amaierako mobilizazioetan hasi, «edozer borroka bere» egina, eta gaur egun arte hala segitzen zuela. Zutik eta Munduan Elkarlanean elkarteetan aritu zen Martin. Errenteriako Udaleko LGTBI+ Aholku Kontseilua sortzen ere lagundu zuen.
2005ean, jipoituta
2005eko urtarrilaren 13an, Espainiako lau militarrek Martin jipoitu zuten, Donostiako Urbieta kalean, konorterik gabe utzi arte. «Ziur ETArekin eta Ibarretxeren planarekin ados dauden horietakoa zarela», esan zioten eraso bitartean. Militarretako bi erasoaren egunean bertan atxilotu zituen Udaltzaingoak; epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten. Alcala de Henaresekoak (Espainia) ziren, eta urte hasieran lekualdatuak zituzten Loiolako kuartelera.
Sei urtera iritsi zen epaia: bi militarri bina urteko espetxe zigorra eta 300 euroko isuna ezarri zieten —ez ziren kartzelara sartu—; beste bi akusatuei, 4.500na euroko isuna. 7.670 euroko kalte ordaina ere ezarri zieten. Epaia jaso berritan, Martinekin hitz egiteko parada izan zuen BERRIAk: «Ez nago erabat pozik, gure zigor eskaera handiagoa baitzen, baina nahikoa hurbiltzen zaio».
Hainbeste denboraren ostean, jipoia jaso izana aitortu zioten EHGAMeko kideari. Izan ere, 2005eko urtarril hartan, Espainiako Defentsa ministro Jose Bonok ezbaian jarri zuen erasorik jazo izana ere: «Ez da ezertxo ere gertatu». Bonori zuzendu zizkion Martinek hitzok, epaia argitaratu zuten egunean: «Galdetu nahiko nioke ea, epaia eskuan, zalantzak dituen oraindik ere. Esan zuena zuzentzeko eskatuko nioke».
Erasoaren arrazoiaz, Maria Aleman epaileak ebatzi zuen ez zegoela argi eraginik izan al zuten Martinen sexu orientazioak eta ideologiak. Hark, ordea, kontrako iritzia zuen: «Haien ideologia faxistari erreparatuta, kalean nirekin topo egin, eta pentsatuko zuten: 'Hara hemen euskalduntxo bat'. Horrek agerian uzten du herri baten parte izateagatik eta nire ideia politikoengatik jo nindutela».
Mikel Martin
Erreferentea sexu askapen mugimenduan
Minbiziak jota zendu da Mikel Martin errenteriarra, EHGAMen sortzaileetako bat. 2005ean, Espainiako armadako lau militarrek jipoitu egin zuten; erasoa gertatu eta sei urtera kondenatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu