Lore sortak, euskalgintza arloko aditu andana eta isiltasuna. Horiek izan dira nagusi gaur arratsaldean Donostiako Errekaldeko beilatokian. Xabier Mendiguren Bereziartu herenegun hil zen, eta gaur izan da haren beila. Euskalgintzako erreferenteetako bat izan den heinean, haren heriotza ez da oharkabean pasatu, eta egunotan anitz izan dira Mendigurenen alde zabaldutako mezuak. Gaur eginiko agurrean ere islatuta gelditu da haren erreferentzialtasuna. Izan ere, beilatokiko ateak 16:00etan ireki badituzte ere, ordurako jende mordoa zegoen bilduta eraikinaren atarian.
Lau orduz egon da irekita beilatokia, baina Mendigurenekin lanean aritutako gehienak lehenbiziko orduan joan dira. Hala nola Euskalgintzaren Kontseiluko, AEK-ko, eta Bai Euskarari taldeko kideak, baita hainbat hedabidetako kazetari ezagunak ere.
Ateak ireki bezain pronto sartu dira barnera, bata bertzearen atzetik eta ataria hutsik gelditu arte. Korridorea isilik pasatu, eta barruko gelara sartu bezain azkar hautsi da isiltasuna. Sarreratik entzun zitezkeen bisitarien ahotsak, baita gehien errepikatzen zuten hitza ere: euskalgintza. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan da hitz hori ahoan zuen pertsonetako bat. Eskisabelen erranetan, argia da Mendigurenek egindako ekarpena: «Bizitza bat euskararentzat». Izan ere, hamaika aferatan ibilitakoa da: ikastolen mugimenduan, itzulpengintzan, testuliburuak egiten eta Kontseiluan bertan. «Hizkuntza politiketan tresneria berri baten bila intuizioa izan zuen jende taldearen parte izan zen, eta horren gidari ere bai», azpimarratu du harro Eskisabelek.
Aretoa jendez beteta bazegoen ere, lore sortendako lekua ere egina zuten. Batzuk bertan zeuden, eta bertze zenbait bisitariek berek ekarri dituzte. Haize Otaño Lizarralde Gipuzkoako AEK-ko artezkaria, erraterako, sorta ederra eskuan duela sartu da gelara. Otañorentzat, Mendiguren «ikur bat» izan da helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuan, «pertsona estrategikoa». «Euskararen lekukoa eraman du, eta orain guri dagokigu lekuko hori behar den helmugaraino eramatea», erran du.
Alfabetatzeaz mintzatzean, Mendigurenek itzulpengintzan eginiko lanaz ari da Otaño, urte luzez euskarazko testuliburuak sortzen lan anitz egin baitzuen. Helduen euskalduntzean ez ezik, umeenean ere lagundu zuen, Saioka euskarazko ikasliburuak ondu baitzituen bertze zenbait eragilerekin batera. Horiek garai hartan sortzen ari ziren lehenbiziko ikastoletan erabili zituzten.
«Gertutasuna»
Euskalgintzako erreferente ezagunak ez ezik, politikariak ere bertaratu dira Mendigurenen beilara. Horietako bat izan da Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Azkar egin du sar-atera, eta Mendigurenek eginiko ekarpena azpimarratu du: «Euskalgintza eraiki du; bere bizitzaren zati handi bat eskaini dio». Gogoratu du, gainera, euskalgintzak behar bat zuen lekuan aurkitu zitekeela Mendiguren, eta horrek «poza eta babesa» ematen zituela.
Mendigurenen ekarpena zen, beraz, Donostiako eraikin hartan egon diren guztien ahotan zebilena. Zenbaitek, baina, hitz xamurragoak dituzte harentzat: lan arlotik haratago, pertsona gisa nolakoa izan zen azpimarratu baitute. Rober Gutierrez, Bai Euskarari elkarteko zuzendaria, erraterako, Mendigurenekin lanean aritua da, eta hori «pribilegio» bat izan zela aitortu du: «Nabarmendu behar da pertsona bezala erakusten zuen gertutasuna; hori jakin zuen islatzen euskararekin egin zuen lanean». Modu batera edo bertzera guztiek agurtu dute azkenekoz Mendiguren, baina hark irekitako bidea guztiek ibiliko dutela jakinda.