Erreferente bat agurtu dute

Xabier Mendigurenen beila izan da Donostian, eta han izan dira euskalgintzako hainbat eragile

Xabier Mendiguren Bereziarturen beilatokian euskalgintzako hainbat erreferente bildu ziren, atzo. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun

Lore sortak, euskalgintza arloko aditu andana eta isiltasuna. Horiek ziren nagusi atzo arratsaldean Donostiako Errekaldeko beilatokian. Xabier Mendiguren Bereziartu herenegun hil zen, eta atzo izan zen haren beila. Euskalgintzako erreferenteetako bat izan den heinean, haren heriotza ez da oharkabean pasatu, eta egunotan anitz izan dira Mendigurenen alde zabaldutako mezuak. Atzo eginiko agurrean ere islatuta gelditu zen haren erreferentzialtasuna. Izan ere, beilatokiko ateak 16:00etan ireki bazituzten ere, ordurako jende mordoa zegoen bilduta eraikinaren atarian.

 

Lau orduz egon zen irekita beilatokia, baina Mendigurenekin lanean aritutako gehienak lehenbiziko orduan joan ziren. Hala nola Euskalgintzaren Kontseiluko, AEK-ko, eta Bai Euskarari taldeko kideak, baita hainbat hedabidetako kazetari ezagunak ere.

Ateak ireki bezain pronto sartu ziren barnera, bata bertzearen atzetik eta ataria hutsik gelditu arte. Korridorea isilik pasatu, eta barruko gelara sartu bezain azkar hautsi zen isiltasuna. Sarreratik entzun zitezkeen bisitarien ahotsak, baita gehien errepikatzen zuten hitza ere: euskalgintza. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan zen hitz hori ahoan zuen pertsonetako bat. Eskisabelen erranetan, argia da Mendigurenek egindako ekarpena: «Bizitza bat euskararentzat». Izan ere, hamaika aferatan ibilitakoa da: ikastolen mugimenduan, itzulpengintzan, testuliburuak egiten eta Kontseiluan bertan. «Hizkuntza politiketan tresneria berri baten bila intuizioa izan zuen jende taldearen parte izan zen, eta horren gidari ere bai», azpimarratu zuen harro Eskisabelek.

Aretoa jendez beteta bazegoen ere, lore sortendako lekua ere egina zuten. Batzuk bertan zeuden, eta bertze zenbait bisitariek berek ekarri zituzten. Haize Otaño Lizarralde Gipuzkoako AEK-ko artezkaria, erraterako, sorta ederra eskuan zuela sartu zen gelara. Otañorentzat, Mendiguren «ikur bat» izan da helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuan, «pertsona estrategikoa». «Euskararen lekukoa eraman du, eta orain guri dagokigu lekuko hori behar den helmugaraino eramatea», erran zuen.

Alfabetatzeaz mintzatzean, Mendigurenek itzulpengintzan eginiko lanaz ari zen Otaño, urte luzez euskarazko testuliburuak sortzen lan anitz egin baitzuen. Helduen euskalduntzean ez ezik, umeenean ere lagundu zuen, Saioka euskarazko ikasliburuak ondu baitzituen bertze zenbait eragilerekin batera. Horiek garai hartan sortzen ari ziren lehenbiziko ikastoletan erabili zituzten.

«Gertutasuna»

Euskalgintzako erreferente ezagunak ez ezik, politikariak ere bertaratu ziren Mendigurenen beilara. Horietako bat izan zen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Azkar egin zuen sar-atera, eta Mendigurenek eginiko ekarpena azpimarratu zuen: «Euskalgintza eraiki du; bere bizitzaren zati handi bat eskaini dio». Gogoratu zuen, gainera, euskalgintzak behar bat zuen lekuan aurkitu zitekeela Mendiguren, eta horrek «poza eta babesa» ematen zituela.

Mendigurenen ekarpena zen, beraz, Donostiako eraikin hartan egon ziren guztien ahotan zebilena. Zenbaitek, baina, hitz xamurragoak zituzten harentzat: lan arlotik haratago, pertsona gisa nolakoa izan zen azpimarratu baitzuten. Rober Gutierrez, Bai Euskarari elkarteko zuzendaria, erraterako, Mendigurenekin lanean aritua da, eta hori «pribilegio» bat izan zela aitortu zuen: «Nabarmendu behar da pertsona bezala erakusten zuen gertutasuna; hori jakin zuen islatzen euskararekin egin zuen lanean». Modu batera edo bertzera guztiek agurtu zuten azkenekoz Mendiguren, baina hark irekitako bidea guztiek ibiliko dutela jakinda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.