«Errealitatearen negazionista» izatea leporatu dio UPNk Txibiteri

Laura Aznalek uste du aurrerapausoak eman direla, baina Nafarroako Gobernuari galdegin dio «anbizio handiagoa» izatea. Geroa Baik aldarrikatu du  «azken hamar urteetako aldaketaren motorra» izan direla.

Javier Esparza eta hari entzuten Txibite.
Javier Esparza eta, hari entzuten, Maria Txibite. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko azaroaren 14a
14:45
Entzun

Esperotako bidetik doa politika orokorreko goizeko saioa. Nafarroako Gobernuko bazkideek euren ñabardurak azaldu dituzte, eta oposizioko alderdiek, berriz, bestelako egoera bat marraztu. UPNk, hain zuzen ere, «errealitatearen negazionista» izatea leporatu dio Maria Txibite gobernuko lehendakariari. EH Bilduk, bestalde, desberdinen arteko akordioen garrantzia azpimarratu du, eta gobernuari eskatu dio «anbizio handiagoa» izateko aurrera begira. Gobernuko beste bazkide nagusiak, Geroa Baik, nabarmendu du funtsezkoa izan dela eskuina boteretik aldentzeko. «Geroa Bairik gabe, UPN gobernuan egongo litzateke oraindik, eta horrek kezka pizten dio oposizioari».

Ustekabe bakarra Esparzaren beraren diskurtsoaren hasiera izan da, ironiaz ekin baitio. Hala, UPNko bozeramaileak nabarmendu du «azkenik argia ikusi» duela. «Orain, ziur nago gobernu bikaina dela, erabaki akasgabeak hartzen dituela, eta zuk ez duzula inoiz okerrik egiten. Nafarroa paradisua da, beti oskarbi dago, eta hodeiren bat agertu bada, oposizio maltzurrak esandako gezurren ondorioz agertu da». Ironia alde batera utzita, Esparzak aipatu du ez duela bat egiten Txibitek marraztutako Nafarroarekin, gorrotoz betetako horrekin. «Hemen, gorrotoaren monopolioa EH Bildurena da». 

Jarraian, azken hamar urteotan erabilitako diskurtsoaren muinari heldu dio. «Gobernuak ez du sinesgarritasunik, eta ez du Nafarroaren irudi onik ematen, ez barruan, ez eta kanpoan ere. Datuak okerrera doaz, eta balioak ere bai, terrorismoa kondenatzeko gai ez den bazkide bat duzuelako sostengu». Haren ustez, politika moderatuak egin beharko lirateke berriz, UPNren eskutik. «Hori izan beharko litzateke bidea baldin eta norabidea zuzendu eta irudia hobetu nahi bada».

«Gobernuak ez du sinesgarritasunik eta ez du Nafarroaren irudi onik ematen, ez barruan, ez eta kanpoan ere». 

JAVIER ESPARZAUPNko bozeramailea

Laura Aznalek nabarmendu du EH Bilduk «funtsezko rola» jokatu duela, hamar urtez bide eman baitie aurrekontu akordioei eta bestelako politikei. Onartu du aurrepausoak eman direla arlo sozialean, ekonomikoan eta demokratikoan. «Dena den, asko dago egiteko oraindik, eta beharrezkoa izango da gobernuak askoz ere anbizio handiagoa izatea». Adibidez, «gobernantza feminista» izateko eskatu du, gobernuko departamentuek berdintasun arloko egiturazko neurriak har ditzaten, «ausardiaz eta zeharkakotasunez». 

Bestalde, agerian utzi ditu desadostasun batzuk. Nahiz eta hamar urteotan aurrekontuak handitu, beharrezkotzat jo du zerga erreforma sakon bat egitea diru sarrera gehiago izateko, eta, hala, «sozialki aurreratuen diren Europako herrialdeekin bateratzeko». Osasungintzari erreparatuta, atsekabea agertu du gobernuak proposatutako osasun legearen aurreproiektuarekin, eta irmo adierazi «pribatizazioari ateak» itxiko dizkiotela. Halaber, autogintzaren erronkak direla eta, proposatu du mahai bat eratzea sektoreko eragileekin batera. «Oraingoz, ez dugu erantzunik jaso eskaera horren inguruan». Euskararen arloan, uste du «oso gutxi» egin dela aurrera. 

«Nor da mugarik gabe eztabaidatzearen beldur? Trafiko eskumenarekin gertatutakoak agerian uzten du Foru Hobekuntza aldatu behar dela»LAURA AZNALEH Bilduko eleduna

Foru Hobekuntza abian da legealdi honetan, eta, hain justu, hura erreformatzeari ekin behar zaiola aipatu du Aznalek. «Nor da mugarik gabe eztabaidatzearen beldur? Trafiko eskumenarekin gertatutakoak agerian uzten du Foru Hobekuntza aldatu behar dela. Balia dezagun aukera hori».

Geroa Baik ere heldu dio gai horri. Pablo Azkonaren arabera, beharrezkoa da oraindik eskualdatu gabeko eskumenak eskualdatzea, eta autogobernuan  «ahalik eta gehien» aurreratzea. Erreforma beharra ere azpimarratu du: «Sentsibilitate politiko guztiak errespetatuko dituen Foru Hobekuntzaren alde lan egin nahi dugu, autogobernuan aurrera egiteko modua eman dezan eta hura blindatzeko erremintak izan ditzan». 

Eskuin muturrak ingurune politikoa nahasteko abiatutako estrategia ikusita, Azkonak uste du are garrantzi handiagoa hartzen duela Nafarroak egun duen egonkortasunak. Eta arlo horretan, koalizioak jokatzen duen rola goraipatu du, «azken hamar urtetako aldaketaren motorra» izan direla iritzita. «2015etik izan diren hiru gobernuen zutarria izan gara». 

«Geroa Bairik gabe, UPN gobernuan egongo litzateke oraindik, eta horrek kezka pizten dio oposizioari»PABLO AZKONAGeroa Baiko eleduna

Aurreko legealdian Klima Aldaketaren Legea aurrera atera bazen ere, Azkonak kritikatu egin du hartan jasotako Trantsizio Energetikoaren Agentzia abian jarri ez izana. Kezka azaldu du Volkswagenek Alemanian egindako kaleratzeengatik, baina gogorarazi industria arloan oraingoz eusten zaiela inbertsioei. Bestalde, Geroa Bairen esku dago egun Osasun Departamentua, eta, hain zuzen, lehentasunen artean jarri du itxaron zerrendak laburtzea, baita etorkizunerako osasun legea lantzea ere.

PPko Javier Garciaren arabera, Nafarroako Gobernuak «iparra galdu du». Haren ustez, inoizko aurrekonturik handiena izan arren, gaizki kudeatzen ari dira. Zerga presioa arintzeko beharra aipatu du: «Zerga presio handia izateak iruzur fiskala sustatzen du; zergak jaisteak, aldiz, jarduera ekonomikoa».

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek nabarmendu du koalizioa osatzen duten indarrek bultzatu dutela egungo aldaketa.  «Tsunami atzerakoia ikusita, gobernu aurrerakoi eta plural hau anomalia bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.