Bide oparoa egiten ari da Ikusgune, Gasteizko LGTBIQ+fobiaren kontrako behatokia, 2019tik, sortu zenetik. Euskal Herrian aktiboki martxan lanean dagoen behatoki bakarra da egun, eta, berez Gasteizen kokatua egon arren, Arabako gainontzeko herrietako errealitatea ere aztertzen du bere lanetan. 2019an sortu zen, baina bere jarduna ez zen hutsetik sortu. 2017an Lumagorri elkartea Gasteizen izandako eraso LGTBIfoboak jasotzen hasi zen. Ondorengoa zen abiapuntua: «Gertakari batzuk oso larriak dira, eta erantzun publikoa izaten dute. Badira beste batzuk, ordea, hain larriak ez direnak, erantzun publiko bat izaten ez dutenak, baina beharrezkoa da horiek identifikatzea eta nonbait jasotzea».
Premisa horretatik abiatuta hasi ziren Gasteizko Udalarekin elkarrizketak izaten, eta bi urte geroago sortu zen Ikasgune, 2019an. «Garai hartan, oso kezkatuta geunden, Gasteiz erdialdean dagoen cruising espazio batean eraso pila bat gertatzen ari zirelako. Ia astero gertatzen ziren, eta geure buruari galdetzen genion: hemen ez du inork ezer egingo? Udalarekin hitz egin, eta prestasuna azaldu zuen hori aztertzeko zerbait sortzeko, eta horrela sortu zen Ikusgune behatokia». Amets Martinez de Herediarenak dira hitzak; bera da egun Ikusguneren koordinatzaileetako bat.
Argi eta zehatz azaldu du Martinez de Herediak zein den Ikusguneren egitekoa: «Araban gertatzen diren erasoak jasotzen ditugu, horien bilketa egiten dugu urteko txostenean jasotzeko». Horren ondotik dator azalpen xehea: «Guk gertakari hitza erabiltzen dugu, ikusten dugulako indarkeriak graduazioak dituela, mailaketa bat duela, eta mailaketa hori egiten dugu». Hala, koordinatzaileak azaldu du eraso deitzen dituztenak identifikatzen dituztela, alde batetik: «Erasoak aipatzean, eraso fisikoez ari gara». Horrekin batera, gorroto delitua nabarmendu du: «Uste dugu hori ere jaso egin behar dela; zisheterosexismoaren erreprodukzioa deitzen diogu horri, bizimodu heterosexuala goraipatzen duen indarkeria eta diskriminazioa», nabarmendu du.
2019tik aitzinerako erasoen txostena egiteaz arduratu da behatokia, baina aitzineko datuak ere badaude, 2017 eta 2018an Lumagorri elkarteak hartu baitzuen ardura hori. Gertakari edo eraso horiek dokumentatzeaz gain, erasoak salatzeko laguntza eta lehen arreta ematen diete biktimei, eta, horrez gain, LGTBI pertsonak ahaldundu, eta saretzeko tresnak sortzeko ekintzak antolatu eta sustatzen dituzte: hitzaldiak, ikastaroak, bideo emanaldiak... «Kolektiboa ahalduntzea eta saretzea da helburua», dio.
Eraso edo portaera batzuk «behin eta berriro errepikatzen» direla ikusita, hezkuntzan ere paratua dute begirada, eta herritarren heziketa sustatu, eta tresnak emateko hainbat gida sortu dituzte. Azken hilabeteetan oso ezagun egin den Zaindu zaitez gida da horietako bat. Horretan, ligatzeko orduan hartu daitezkeen hainbat segurtasun neurri jaso dituzte. Hauteskunde mahaiak osatuko dituzten dituztenentzako praktika onen gida da bigarrena. Kasu horretan, helburua da transexualen ahalduntzea bozkatzeko orduan, mahaian egonen diren pertsonak heziz. Gabezia batetik sortu zuten gida hori, transexualekin lanean zebiltzala ikusi baitzuten askok ez zutela bozkatzen NAN erakusterako zeukaten lotsagatik.
Hurrezko hirukia
Hiru urteko bidean aberatsa da Ikusgunek egindako lana, eta horren erakusle da EHGAMEk ematen duen Urrezko Hirukia saria jasoko dutela aurten. Aniztasuna eta berdintasuna sustatzen dituzten elkarte, norbanako edo erakundeei ematen die saria Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, eta Ikusgune izango da aurtengo sariduna. Martinez de Herediak pozarren jaso du elkartearen aitorpena. «Oso pozik gaude. Batzuetan, lan karga handia izaten dugu, eta azken urtea bereziki oso gogorra izan da, eta, noski, horrelako berriak eskertzen dira».
Hemendik aitzinera ere helburua bera da: Gasteiz eta Araba LGTBIfobiarik gabeko eremuak izatea. Horretarako lanean jarraituko dute, eta orain baino baliabide gehiagorekin, gainera: «Aurrera begira, lokal propio bat izango dugu, eta oso garrantzitsua izango da ekintzak antolatzeko, eta saretze horretan eta elkar ezagutzean sakontzeko». Horrekin batera, gertakariak jasotzen, aztertzen eta horien ondorioz egin behar diren esku hartzeak proposatzen jarraituko dute.
LGTBI
Errealitatearen erakusleihoa
Ikusgune Arabako eta Gasteizko eraso LGTBIfoboak jasotzen dituen behatokia da. 2019an sortu zuten, Gasteizko Udalarekin batera, eta erasoak identifikatzea, biktimei lehen arreta ematea, eta LGTBI komunitatea «saretzea eta ahalduntzea» dira behatokiaren helburu nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu