«Abstentzioa handitzen denean ere, EH Bilduk gehitu egiten ditu bere botoak. Euskal Herriak jakin du gure aukera politikoa saritzen, eta baloratu du gure koherentzia eta lan politikoa egiteko era». «Euskal Herriak lehentasun bat du. Espainiako Estatuan ez du gobernu faxistarik nahi. PPren eta Voxen aukera uxatu nahi duen herri bati buruz ari gara. Bi boto nagusitu dira: PSEren eta PSNren aldekoa, koiunturala, beldurrak motibatutakoa; bestea, ezker independentistarena da, eta hori saritu eta indartu egin du». «Bloke erreakzionarioak, berriz, porrot egin du. Horrek pozten gaitu. Zentzu berean, aukera bat irekita dago Espainiako Estatuan beste mota bateko alternatiba bat eraikitzeko». «Gure herriari emaniko hitza beteko dugu; gure esku baldin badago, balantza antifaxismora, burujabetzara eta ezkerrera desorekatuko dugu».
Arnaldo Otegi
EH Bilduko koordinatzaile nagusia
«2008an, PSE-EEk emaitza bikainak eskuratu zituen. Orain antzera gertatu da. Boto baliagarria PSErantz joan da, baina beste behin herritarrek esan digute ohitu egin behar dugula egoera honetara, askok ez baitute izaten bere botoa erabakita. Hauteskundeen eta polarizazioaren arabera erabaki dezakete botoa ematea alderdi abertzale bati edo estatuko bati». «Aurreikusteko erraza den alderdia gara. Sozialistek ezagutzen dute gure euskal agenda, eta badakite zein den egoera lau urtean haiei babesa ematen aritu ostean». «Inbestidurari begira, Sanchezek pentsatu beharko du zer erabaki estrategiko hartu Euskadin eta Katalunian; bestela oso zail izango du».
Itxaso Atutxa
EAJren BBBko presidentea
«Nafarrek mezu argi bat helarazi digute. Nafarroan, Gorteetarako hautatu beharreko bederatzi ordezkaritatik bost sozialisten esku geratu dira, herritarren borondateari esker. Nafarroa defenditzeko eta aldarrikatzeko konfiantza eman digute». « Herritarrek ez dute nahi ez murrizketarik ez eta atzerapausorik ere. Ezkerraren eta eskuinaren arteko lehian, ezkerra nagusitu da argi eta garbi. PSNri zilegitasuna ematen dio Nafarroako Gobernuaren lidergoa hartzeko. Espainiako Gobernua aurrerakoia izan dadin gure ekarpena egingo dugu. Negoziazioetan aurrera jarraituko dugu». «UPNk esan du Feijoori emango diola babesa, bere balizko inbestiduraren aurrean. Zalantza dut aurkeztuko ote den, ikusirik ez duela nahikoa babesik, baina edozein kasutan nafarrek PSN hautatu dute Nafarroaren interesak defenditzeko. UPNk albo batera utzi du bere erregionalismoa eta foraltasunaren defentsa».
Maria Txibite
PSNko idazkari nagusia
« Egoera zaila da, baina hemen esan ohi dugun bezala, «toreatzaile onak, zezen zailekin». Herrialde honek beharrezkoa du uneotan herritarrei kezka eragiten dieten gaiei aurre egingo dien gobernu bat. UPNk ideiak oso argi ditu: independentismoaren obsesioaren aurrean, Nafarroako identitatearen defentsa sutsua. Gobernuko presidentetzara aurkeztuz gero, Alberto Nuñez Feijoo babestuko genuela esan genuen kanpainan, eta hala egingo dugu». «Dena den, sanchismoak ez du espero bezain emaitza txarra izan, eta, beraz, nekezagoa izango da gobernua aldatzea».
Alberto Catalan
UPNko diputatua
«Kanpainan, hedabide eta inkestatzaile handiek giro jakin bat sortu dute, eskuinaren eta ultraeskuinaren garaipena ziurtzat eman zedin. Sumarrek eta Yolanda Diazek buelta eman diogu».
Iñigo Martinez Zaton
Ezker Anitzako Antolakuntza idazkaria
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu