Jean Rene Etxegarai Elkargoko lehendakaria
«Utzi gaitu zuhurki, bizitzea maitatzen zuen bezala. Bere lana izugarria da. Nekazaritzak baina baita Euskal Herriak ere hainbeste zor diote! Gogoratzeko adibide bat».
Alain Rousset Akitania Berriko lehendakaria
«Euskal Herriaren arima handi bat desagertu da. Konbikzioak zituen gizona zen, zintzoa, irudikorra. Eta guztiek errespetatua».
Foro Sozial Iraunkorra
«Bakearen artisaua, ETAren desarme zibilaren protagonistetako bat eta Euskal Herriko bakea eraikitzeko prozesuak aurrera egiteko lanean ari garen guztion bidaide».
Vincent Bru Diputatua
«Adorez defendatzen zituen bidezkoak iruditzen zitzaizkion kausak. Gogoetatsu eta jakintsu, beste ezerk baino gehiago errespetatzen zituen ikuspuntu ezberdinak».
EH Bai
«Gaur gure herriak galdu du militante handi bat, galtzen dugu lagun handi bat. Laborantza iraunkorra, Batera edo bake prozesuan, Mixelek ekarpen handia egin du Euskal Herriarentzat».
ELA
«Kolpe gogorra izan da ELArentzat, baita mugimendu abertzale guztiarentzat ere. Nazio Batzordeak une beltz honetan besarkadarik beroena helarazi nahi die bere senide eta gertukoei».
Maryse Cachenaut EHLGko kidea
«Ez zen gelditzen eta ez zuen oraino gelditzeko gogorik. Gizon engaiatua zen, zintzoa eta sinplea. Bere iritzia eman bai, baina beti gu erabiltzen zuen. Trena bezala, lokomotorako parte zen: beti besteak tiratzen eta motibatzen.Baina bazekien bakarrik ez zuela tiratzen ahalko eta bagoiak bete behar ziren. Militantziako aita bat izan da. Harro zen baina urguilurik gabe».
Peio Iralur Borroka laguna
«Bizi guzia, azken hatseraino, engaiamendu bat izan da. Borroka guzietan lehen lerroan edo aitzindari izan da; egitura berrien asmatzaile, sortzaile eta animatzaile. Laborari ttipien eta laborantza iraunkorraren alde. Bakearen alde.
Mixel, ildo berriak idoki dituk ainitz alorretan. Hik erein haziak, hozitu dituk, denek uzta ona die eta izanen die. Milesker, Mixel».
Beatrice Molle-Haran Kazetaria
«Tristezia ikaragarria da. Biziki hunkia naiz. Kalitatez josia zen. Gizon engaiatua zen. Oso hunkia naiz. Sekulako xantza ukan dut bera ezagutzea Luhusoko [Lapurdi] operazioan, 2016an. Erran zidatelarik Mixel ere operazioko kide zela, konfiantza eman zidan, begiak hetsirik joan nintzen. Hor ikusi nuen gizatasun handikoa zela, eta ber denboran, tema handia zuen. Bihotz handikoa bazen ere, uste dut ez zela erraza izan behar bere parean egotea negoziaketetan, baitzuen formakuntza sindikalista on-ona. Aitzinatzen zen lana berarekin, pragmatikoa zen. Txiroenekiko atentzioa zuen. Engaiamendua, elkartasuna zituen bere-bereak».
Anais Funosas Bake Bideko lehendakaria
«Euskal Herriak militante handi eta nekaezinagaldu du gatazkaren konponbidean. Baina eskaini duen guzia hor utzi digu ondare gisa. Orain, makila eskuan jarraitu behar diogu bideari».
Mixel Berhokoirigoin hil da. Erreakzioak
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu