Erreakzioak

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun

Jorge Fernandez Diaz

Espainiako Gobernuko Barne ministroa

Euskal presoek «ETAren menpe» jarraitzen dute, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera. Esan du ez dituela onartuko EPPKren eskaerak, eta berretsi du ez dela amnistiarik egongo. «Amnistiaren bidez, inpunitatea lortu nahi dute», nabarmendu du PPko agintariak.

Rodolfo Ares

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

Euskal presoen etorkizuna ez dela erabaki kolektiboen menpe egongo adierazi du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. EPPKren adierazpena «desengainutzat» jo du, eta adierazi du presoak «errealitatetik kanpo» bizi direla. «Badakite legeak ez duela onartzen amnistia». Aresek uste du EPPK-k «gatazkaren teoria faltsu bat» ezarri nahi duela.

Iñigo Urkullu

EAJren EBBko presidentea

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ez du aurrerapausorik ikusi EPPKren adierazpenean. Buruzagi jeltzalearen aburuz, «antzezpen» bat izan da adierazpena, «hautesleen aurrean biktima gisa agertzeko».EPPKren ekitaldiaren aurretik, Joseba Egibar GBBko presidenteak adierazi zuen «errotik» aldatu behar dela espetxe politika; gogorarazi zuen ETAren aurkako borroka tresna gisa sortu zela, eta erakunde armatuak amaitu egin duela bere jarduna.

Jose Antonio Pastor

PSE-EEko bozeramailea

EPPKren adierazpena «etsigarria» izan dela adierazi du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. «Historikoa izango zela adierazi zuten batzuek, baina ez da horrela izan». Pastorren iritzian, «ETAren estrategiaren preso» dira kolektiboko kideak. Halaber, adierazi du atzokoaren gisako adierazpenek ez diotela laguntzen presoak «gizarteratzeari».

Antonio Basagoiti

EAEko PPko presidentea

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, EPPK-k ez du ezer berririk proposatu. «Betiko kontua da. Horregatik, ETAko presoei gogorarazi behar diegu ez dela amnistiarik egongo eta Euskadi Espainiaren parte izango dela aurrerantzean ere». Basagoitik batasuna eskatu die alderdiei, «presoen estrategiari bidea ixteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.