«Erreakzio patriarkala»

Nabarmen ugaritu dira eraso matxistak aurten. Konfinamendua amaitu osteko egoera emakumeen kalterako izan da, adituen esanetan, eta mugimendu feminista indartsuaren lana goratu dute.

Emakume bat elkarretaratze batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Bizitzen ari garena ez da biolentziaren areagotze bat besterik», adierazi du Maitena Monroyk, indarkeria matxistan adituak, konfinamenduaren ostean aregotu diren indarkeria kasuez galdetzean. Antzeko iritzia dute Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Andrea Pebet Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareko kideak ere. Mugimendu feministak ohartarazi zuen eraso matxisten goraldia izango zela, eta azken asteotako salaketek berretsi baino ez dute egiten iragarritakoa. Horri gehitu behar zaio mugimendu feminista indartsu baten loratzea: «Indarkeria horiek azaleratzeko lanean aritu izanak inoiz ez bezalako garai batera ekarri gaitu. Inoizko sentsibilizaziorik handiena baitago orain, eta horren kontrako erreakzio patriarkal izugarria dago, Susan Faludi idazleak dioen moduan», Monroyren esanetan.

Monroyren iritziz, «sindemiak ere» argi utzi du etxeak ez direla emakumeentzako leku seguruak: «Emakume asko kaiola batean sartu ditu; torturatzaileekin konfinatu ditu».

Landaidak adierazi du zer lehentasun izan zuten konfinamenduan: «Zerbitzuak martxan egotea eta emakumeentzako eskuragarri». Koordinazioa indartu eta zerbitzuak egokitu behar izan zituzten. Egun, «presentzialtasuna» berreskuratu duten arren, beste modu telematikoak ere mantentzen dituzte.

Otsoa etxean

Telematikoki artatu behar horrek arazoa larriagotzea ekarri du indarkeria matxisten aferan, Pebeten ustez: «Politika instituzionalek ezin zioten aurre egin errealki problematika horiei». Frantziako Gobernuaren helburua etxeratze agindua babestea eta errespetaraztea zela salatu du: «Beraz, konfinamenduak ekarri dituen alde negatibo guztiak ukatu dituzte, bazterrean utzi eta baita gorde ere».

Monroyk adierazi du konfinamendu garaian emakume askok detektatu dituztela aurretik beren harremanean identifikatu gabeko indarkeriak: «Hori dakar eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan etxe batean sartuta egoteak».

Beste kontu bati ere erreparatu dio: ihes estrategiari. «Hiperaktibitate» izugarrian aritzen baitira emakume asko, gelditu beharrik ez izateko. Gelditu eta errealitateari aurre egiten diotenean ikusi ohi dute askok beren burua «identifikatuta». Emakume asko konturatu da, Monroyren ustez, ez zuela harremanarekin jarraitu nahi, eta askok hasi dituzte banaketa prozesuak. Garai hori «alerta guztiak piztuta» eduki beharreko momentua da: «Exaltazio momentua da, erasotzaileak ez duelako onartzen bere botere objektua galdu izana».

Iragarpena

Landaidak gogora ekarri du COVID-19ak berdintasunean izan zuen eraginari buruz iazko abuztuan egin zuten txostenean, aditu batzuek hipotesi modura hurrengoa aipatzen zutela: «Osasun krisiaren ondorioz enpleguaren galera, ezegonkortasun ekonomikoa eta estresa asko areagotuko zirela, eta horrek erasotzaileengan botere galera sentipena sor zezakeela; galera horrek, era berean, etxe barruko indarkeriaren maiztasuna eta larritasuna handitu zezakela, eta etxetik kanpoko, beste jazarpen jokabide batzuk ugaritu (sexu jazarpen kasuak ugaritzea, adibidez)».

2019. eta 2020. urteak konparatuz gero, kopuruz, nahiko bertsuak dira bikotekideari jarritako salaketak. Baina, 2020a 2021arekin alderatuta, nabaria da aurtengo bigarren lauhilekoan egon den hazkuntza. Eta jakina da gehienak ez direla salatzen. Emakume askori salaketa jartzea asko kostatzen zaiela aitortu du Monroyk, faktore askorengatik; horietako bat da «justizia patriarkalaren iraunkortasuna». Pebetek ere argi dauka: «Badakigu bortizkeria anitz izan direla eta gehienak segur aski ez direla salatuak izan. Nahiz eta lehen konfinamenduan %40 eta bigarrenean %60 izan ziren etxeko erasoak».

Emakume askok beldurra galdu izana garrantzitsutzat jo du Monroyk: «Batzuek beldurra eta lotsa galdu ditugu. Estigma sozialaren aurrean, emakume askok aurpegia eta gorputza jartzen ditugu, eta pairatu ditugun indarkeriak kontatzen ditugu». Horrela, beste emakume batzuek ere pausoa emateko bidea hasten da, «eskubide bat baita indarkeriarik gabeko bizitza bat».

Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea duela urteeta erdi sortu zutenean, momentuko ekinaldia izan zela azaldu du Pebetek: «Beharra genuelako persona zaurgarrienak eta ahulenak babesteko, baina biziki konplikatua izan zen haienganat iristea garai hartan».

Axioma argi bat

Konpromiso politiko erreal bat behar dela uste du Monroyk, hau da, «baliabide ekonomikoak». «Transbertsalki» pentsatu behar d,a eta lanak «sistematizatua» behar du, irmo gaineratu duenez: «Askotan pentsatzen dut ez garela inurri langileak besterik. Ez dugulako lortzen nahiko genukeen besteko lana egitea. Lan honek sinergikoa behar luke eta sistematizatua erabat». Praktika onak bildu behar direla nabarmendu du. «Bestela zer daukagu? Esloganak, hitz onak, sinbolikoaren areagotze bat. Baina alor materiala behar da», dio Monroyk. Hori gabe lan bakarra biktimak artatzea izango dela esan du: «Gure helburua indarkeriarik ez izatea da».

Datuen analisia egiteko denbora gehiago beharko dela gehitu du Landaidak: «Egiturazko arazo bat da, aurpegi asko dituena, eta lanean jarraitu behar dugu arretan eta prebentzioan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.