Aski da Errenteriako (Gipuzkoa) Iztieta auzoko osasun zentroko atarian tarte bat, kezkatuta dauden erabiltzaileekin solasean hasteko. Hitz egiteko gogoz dago jendea: zer gertatzen ari den kontatzeko. Duela ez asko, Encarnacion Nuñezek adiskide bat lagundu zuen osasun zentrora, arduratuta: «Aurpegiko hemiplegia baten zantzuak zituen; aurpegia oker-oker eginda zuen». Bederatziak aldera joan ziren, goizean. «Eguerdian etortzeko esan zioten». Arduratuta, ez zuten itxaron: «Larrialdietara joan ginen, erietxera». Esan du osasun zentroko arta «hobea» zela lehen. Janire Martinek ere hitz egin nahi izan du. Emakume gazte bat da. Nahi baino lan handiagoa eman dion katarro batek erasanda, berriki bi aldiz joan behar izan du osasun zentrora, eta horra, bietan arazo bera: «Ez zegoen medikurik, erizaina bakarrik zegoen, eta auskultatu ere ez ninduen egin».
Kexa idatziz ere adierazten dute herritar askok. Erietxeko atean bertan asteak daramatzate hainbat herritarrek sinadurak biltzen. Inprimaki batzuk ematen dizkiete izenpetzeko: Pazienteari eta Erabiltzaileari Arreta Emateko Osakidetzako Zerbitzura bideratzeko inprimakiak, hain zuzen, eta erantzuna izaten ari da ekinbidea. «10.000 pertsonak bete dituzte dagoeneko agiriak», azaldu du Javier Sanz pentsionisten Duintasuna elkarteko ordezkariak. Haiek ari dira «dinamizatzen» osasun zentroaren aldeko protesta, mugimendu feministarekin eta auzo elkarteekin batera. Abenduaren 16an egin zuten lehen urratsa. Arrastoa utzi du herrian. «Manifestazio jendetsu bat egin zen, eta, ikusita jendea mobilizatzeko prest zegoela, konpromisoa hartu genuen gaiari heltzeko».
Agirian oso oinarrizko eskeak egiten dituzte sinatzaileek: lehen mailako zerbitzu funtsezkoekin lotutakoak. Egun, oinarrizko horiek ere ez dira betetzen, ordea. «Hamasei medikuko kupoa du osasun zentro honek», azaldu du Sanzek. «Baina, horra, une honetan bi mediku erretiroa hartuta daude, beste bat lanaldi erdian dago aurki erretiroa hartuko duelako, eta bost gaixo agiriarekin daude...».
«Jendeak beldurra du, kezka; artarik ez diotela emango iruditzen zaio».
JAVIER SANZ Duintasuna pentsionisten mugimenduko ordezkaria
Agerikoak dira horrek sortu dituen arazoak eta horren ondoriozko sentimenduak: «Jendeak beldurra du, kezka; artarik ez diotela emango iruditzen zaio». Eta badute kasu larrien berri. «Esaterako, bada jendea etxean egon dena sukarrarekin, tarte luze batean medikua ikusterik ez du izan, eta pneumoniarekin ere heldu dira gero erietxera, justu; oso egoera zailak izan dira».
Arta mugatua
Iztietako osasun zentroa etengabeko arretako gune bat da; hots, iluntzetan eta asteburuetan larrialdi zerbitzua ematen die inguruko herriei ere. Baina tankerako zentro hainbatetan ere gertatzen den eran, medikuak falta dira usu txanda horietan: erizainak bakarrik egoten dira. Onartezina iruditzen zaie: «Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzun; 71.300 herritar gara. Horrenbeste herritarrentzat asteburuetan medikurik bermatuta ez egotea, larrialdietako medikurik ez egotea...». Igaro Aste Santuan hasi zen gabezia hori, eta konponbiderik ez zaiola jarri deitoratu du Sanzek: «Ohikoa da medikurik ez egotea. Zenbaitetan egoten da, beste zenbaitetan, aldiz, ez. 71.300 biztanleko eskualde batek ezin du hala egon».
Onartu du «presioaren» ondorioz egon direla osasun zentro barruan mugimendu batzuk, baina konponbide iraunkor bat nahi dute: «Ez gara geratuko». Asteartean, Errenteriako Udalean izango dira, udalbatzarrean, hara ere eraman baitute gaia, mozio baten bidez. Udalbatzak aldarrien aldeko «deklarazio ofizial bat» egitea nahi dute, goragoko instantzietan ere babes hori izateko.
Udalaren eskabidea
Aizpea Otaegi alkateak berak gutun publiko bat igorri zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera, egoera salatuz, eta bilera bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri. Urtarrilaren 9an egin zuen urratsa. Oraindik ez duela erantzunik jaso esan du. Zain dago. Izan ere, bat dator bera ere: Iztietako zentroaren gaineko kezka agerikoa da herrian. «Jende askok lehen pertsonan bizi duen zerbait da osasun zentroko egoera».
«Espero dugu Osasun Sailaren partetik erantzunen bat jasotzea, baina oraindik ez dugu jaso».
AIZPEA OTAEGI Errenteriako alkatea
Badute lehen ere esperientzia. Beraun auzoan dago herriko beste osasun zentroa. Hango egoera hobetze aldera, mobilizazioak egin zituzten herritarrek orain dela hilabete batzuk, eta orduan ere urrats bera egin zuen udalak. Lortu zuten orduan Jaurlaritzaren erantzuna. «Orain ere espero dugu Osasun Sailaren partetik erantzunen bat jasotzea, baina oraindik ez dugu jaso».
Kezkak kezka, herrian aldarriaren inguruan taxutu den mugimenduaren sendotasuna nabarmendu du Otaegik. «Gure herrian dauzkagun eragileak erakusten ari diren lanerako gaitasuna, elkarlanerako gaitasuna, handia da».