«Guk hartutako erabaki guztiak eta emandako pauso guztiak juridikoki akasgabeak izan ziren». Ainhoa Intxaurrandieta, Iñaki Errazkinen ondoan, halaxe mintzo zen iragan apirilean, Espainiako Kontu Auzitegian egin behar zieten epaiketaren atarian. 2013an, Zubietako errauste planta gerarazteko erabakia hartu zutenean, deus okerrik ez zutela egin argudiatu zuen, eta horixe defendatzera joango zirela Madrilera. Eta aldeko epaia lortu dute: euren jarduna egokia izan zela ebatzi du epaileak.
Pozik zegoen atzo Intxaurrandieta. «Erabat konbentzituta geunden; bagenekien ondo jokatu genuela. Eta honek baieztatu besterik ez du egiten hori». Auzibidea oker zitekeen kezka ere izan dute, ordea, hilabeteotan guztiotan. «Izan ere, joko zelaia ez zen gure aldekoa. Auzi politikoa zen, ez juridikoa». Epaileak, baina, arrazoia eman die, eta salatzaileek auzibidetik eratorritako kostuak pagatu beharko dituzte. Ebazpenaren kontra helegitea jar dezakete.
Salaketa aurrera eraman duen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak adierazi du epaia errespetatzen duela, baina bere esku dauden «bitarteko guztiak» erabiliko dituela «Gipuzkoak berreskuratu dezan EH Bilduko aurreko kudeatzaileek eragindako 45 milioi euroko zorra». Aurreratu du GHK-ko zerbitzu juridikoak aukera guztiak aztertzen ari direla, «interes publikoa babesteko eta eragindako kaltea gutxitzeko», eta adierazi du EAEko Auzitegi Nagusian prozedura bat irekita dagoela GHK-ko aurreko kudeatzaileen jokabidean irregulartasunak eta botere desbideratzea izan ote ziren ikertzea eskatzeko. Auzitegi Gorenaren oniritziaren zain dago auzibide hori, GHK-k dioenez.
EH Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian hartu zuten orduko GHK-ko buruek errauste plantako lanak gerarazteko erabakia. Aldi hartan, GHK-ko presidentea zen Intxaurrandieta; Iñaki Errazkin, berriz, Ingurumen diputatua. Biek eman zuten erabakiaren berri 2013ko azaroan. Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSE-EEko buruzagiek, eta, legealdi honetan, foru gobernuko agintea berreskuratuta, EH Bilduko buruzagi ohiak auzitara eramatea ebatzi dute; erabakiak diru galerak ekarri dituela adierazi dute, eta arduradun politikoek horren gaineko erantzukizuna hartu behar dutela. Eta «erantzuna» zinetan larria izan zitekeen. Kontu Auzitegiak auzipetuen aurkako ebazpena eman izan balu, 46 milioi eurorainoko zigorra jar ziezaieketen biei.
Auzibide horren atzean «mendeku» gosea besterik ez zegoela azaldu dute usu bi auzipetuek. «Halakoak eremu juridikora eramaten badira, eramaten dira adierazteko zeinek agintzen duen eta zeinek egon behar duen mendean», deitoratu zuen Errazkinek epaiketaren atarian egindako agerraldi batean.
Aukera «bakarra» zen
Kritika horiei kontra eginda, bi buruzagiek benetan kudeaketa txarra egin zutela argudiatzen saiatu dira, hala ere, partzuergoko egungo buruzagiak. Madrilen egin zuten epaiketan izan zen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, eta irmo mintzatu zen han ere EH Bilduko kideen jarreraren kontra. «Botere desbideraketa oso larria izan zen. Oso gutxitan gertatzen da, zorionez. Baina kasu honetan gertatu zen, eta horrek kalte ekonomiko handia ekarri zuen», argudiatu zuen.
Bi auzipetuek, beste askotan bezalaxe, hartutako erabakiaren alde egin zuten tinko epaiketan ere. Errauste planta, haiek agintea hartu aurreko legealdian pentsatu eta ebatzi zen moduan, ezin zela egin argudiatu zuten. «Aukera guztiak aztertu genituen. Une hartan genuen aukera bakarra kontratua etetea zen», adierazi zuen Intxaurrandietak. Antzera Errazkin ere: «Errauste planta egin izan balitz, guztiz defizitarioa izango litzateke».
Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman die: egoki jokatu zutela ebatzi du. Gaur eguerdian, EH Bilduk agerraldi bat egingo du, epaiaren gaineko balorazioa jakinarazteko.
Errazkinek eta Intxaurrandietak aldeko sententzia jaso dute
GHK-k salatu zituen, errauste planta geratzeagatik. 46 milioi eurorainoko zigorra zuten mehatxu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu