Ingurumena

Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu dituen epaiari helegitea jarriko dio GHK-k

Heldu den astelehenerako ezohiko batzarrera deitu dute, errekurtsoa jartzeko proposamena aztertzeko. EH Bilduk adierazi du "ulertezina eta arduragabea" litzatekeela "mendekuaren bidean jarraitzea".

Errazkin eta Intxaurrandieta, duela hilabete batzuetako ekitaldi batean. FOKU
2018ko urriaren 25a
07:40
Entzun

Zubietako errauste plantaren judizializazioaren sokak ez du etenik. Orain, EAJk eta PSE-EEk helegitea jarri nahi diote Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin —EH Bilduko kide eta aurreko agintaldiko GHK-ko eta diputazioko Ingurumen Saileko arduradunak, hurrenez hurren— errugabetu dituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. Heldu den astelehean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) ezohiko batzarrera eramango dute helegite bat jartzeko proposamena. Horren bidez, bi alderdiek nahi dute Errazkinek eta Intxaurrandietak ordaintzea 2013an erraustegiaren proiektua geratzeak eragindako kalte ekonomikoa, hau da, 46 milioi euro inguru.

Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien EH Bilduko arduradunei, eta erraustegi proiektua "neurriz gainekoa" zela ebatzi zuen. Beraz, kaltea baino gehiago, erabaki horrek Gipuzkoari onura egin ziola deliberatu zuen auzitegiak, kalte ekonomikoa handiagoa izango baitzen proiektua martxan jarri bazen. GHK ez dago ados ikuspegi horrekin, eta txosten juridiko bat egin du epai horren azterketa egiteko. Txostenaren arabera, "gaindimentsionatuta" egoteak ez du galarazten errauste plantak funtzionatzeko aukera. Aldi berean, iritzi dio epaiaren funtsa ez dagoela oinarrituta egin diren probetan, eta ondorioztatzen du argudio garrantzitsuak daudela errekurtsoa jartzeko.

Asteleheneko ezohiko batzarrean GHK-ren proposamenak aurrera egingo balu —EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutenez, hala izatea litzateke normalena— Espainiako Kontu Auzitegiaren beste sala batek aztertuko luke helegitea. Azken urrats gisa, prozesuak Auzitegi Gorenean amaitu daiteke.

"Mendekuaren bidea"

EH Bilduk adierazi du "ulertezina eta arduragabea" litzatekeela EAJk eta PSE-EEk helegitea jartzearen alde egitea, eta erabaki horrekin "mendekuaren bidean jarraitzea". Koalizioak gogorarazi du "konfrontazio eta judizializazio bideak baztertu eta gipuzkoarren interesak lehenesteko deia" egin ziela bi alderdi horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.