Ingurumena. Hondakinen kudeaketa

Erraustegien alternatibak aztertzeko galdegin dute OEITko medikuek

Errauste plantek eritasunak areagotzen dituztela esan eta osasuna lehenesteko eskatu dute

OEIT mediku taldeko Pauilin, Berridi, Villandiego, Mitxelena eta Barandiaran, atzo, Donostian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Edozein azpiegitura eraiki aurretik, gizakien osasunari lehentasuna ematen dion arduraren printzipioa kontuan hartzea. Horixe eskatu diete Gipuzkoako arduradun politikoei OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea osatzen duten medikuek. «Hondakinak tratatzeko errauste planta ez den beste sistema batzuk azterditzatela» ere galdegin dute, Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duten erraustegiaren inguruan berriro ireki den eztabaidara batuta. Atzo Donostiako agerraldian egin zituzten bi eskari horiek medikuek, eta 2004tik 2015eko azarora arte nazioarteko datu base zientifikoetan egindako azterketak kontuan hartuta, hainbat datu ere eman zituzten erraustegiek gaixotasunak areagotzen dituztela «frogatzeko».

Errauste planta batetik hamar kilometroko erradioan bizi direnen artean, minbizia kasuek %3,5 egiten dute gora OEITko ordezkarien esanetan. Maialen Berridi medikuak emandako datuen arabera, nazioartean egindako ikerketek berretsi dute leuzemia kasuak %21 areagotzen direla errauste plantatik bost kilometroko erradioan bizi diren pertsonen artean; pleura minbizien kasuak %84 ugaritzen direla ere zehaztu du Berridik, eta behazuneko minbizia kasuak, berriz, %24 areagotzen direla.

Gaixotasun horiek «erraustegiek sortzen dituzten errautsen, eskorien eta karbono dioxido isurketen ondorioz» gertatzen direla gehitu du Xabier Mitxelenak. Errautsekin «bereziki kezkatuta» agertu da, gainera, medikua, «gizakiengan sortzen dituzten kalteegantik». Mitxelenak azaldu duenez, «Zubietako errauste plantak 5.900 tona errauts sortuko ditu urtean», eta horiek jasotzeko segurtasun zabortegiak beharrezkoak izango direla gaineratu du. Izan ere, «errautsek jasotzen duten tratamenduak ere ez du kutsadura arriskua gutxitzen», Mitxelenaren esanetan. Urak eta haizeak eragindako higadurak kutsadura hori zabaldu egiten dutela ere ohartarazi du, «gizakiengan eragin kaltegarriak sortuz».

Aldundiak egin dituen aurreikuspenak betetzen badira, zubietako erraustegian urtean 163.500 tona hondakin erreko dira, eta horrek «157.000 tona karbono dioxido» sortuko dituela gaineratu du Mitxelenak. Isurketa horiek 2015ean Parisen egindako goi bileran hartutako konpromisoetatik «urrun» egoteaz gain, «klimarako mehatxua dira», medikuaren esanetan.

Heriotza tasak gora

Gaixotasun ugarik isurketa horiekin guztiekin lotura dutela frogatu dute OEITko medikuek aztertu dituzten ikerketek, eta gehitu dute eragin nabarmena dutela arnas aparatuko edo bihotzeko gaixotasunekin. Papera erretzeagatik sotzen diren hidrokarburo poliziklikoek biriketako minbizia eragiten dutela ere zehaztu dute, eta anemia eta dermatologia arazoak ere sor ditzakeela.

Erbi ezpain kasuek %30 egin dezakete gora errauste plantek isurtzen dituzten partikula kutsatuen ondorioz, eta, oro har, heriotza tasak ere gora egiten duela ohartarazi dute. Datu horiek erraustegia dagoen eremutik bost eta hamar kilometro arteko erradioan gertatzen diren arren, ondorioak eremu horretatik kanpora ere zabaltzen direla esan dute medikuek.

Hala, Jose Luis Paulin medikuak berretsi egin du hondakinak tratatzeko erraustegiak ez diren beste sistema batzuk aztertzeko eskaera —2004an egin zuen lehen aldiz eskaera OEITk—, eta gogoratu du zabortegiak ez direla «erabat» desagertuko: «Gizartean barneratuta dago erraustegiekin zabortegiak desagertuko direla, baina errauste plantek sortzen dituzten hondakinak jasotzeko beti beharko dira zabortegiak».

OEITko kideentzat, «osasuna dago guztiaren gainetik», eta «ezinbestekoa» da gizarteak ere datu horien berri izatea. «Erraustegiak txarrak direla erakutsi nahi dugu, eta datuak ditugu horretarako», zehaztu du Berridik. Agintari politikoekin eta herritarrekin «datuak partekatzeko» prest agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.