«Oso kezkatuta» daudela adierazi dute OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko ordezkariek. Agerraldi batean nabarmendu dutenez, Zubietako erraustegiak isuriko dituen gai toxikoek, eta haien aurrean planteatzen diren neurketa metodoek, ez dute bermatzen eraginik ez izatea herritarren osasunean.
Esaterako, nabarmendu dute OME Osasunaren Mundu Erakundek dioela 0,2 mikrogramo metro kubo dela airean onargarritzat jotzen den merkurio kopurua. Bada, egin berri duten ikerketan ondorioztatu dute Zubietako errauste planta oso goitik ibiliko dela. Ingurumen txostenak dio Zubietako erraustegiak 50 mikrogramo isuriko dituela, alegia, OMEk gomendatutakoa baino 250 aldiz gehiago. «Zubietako erraustegiko tximinietatik egun batean isuriko dena da 3,78 milioi haurrek jaso ahalko luketena», azpimarratu dute Maialen Berridi eta Jose-Cruz Ruiz Villandiego medikuek egindako agerraldian.
Beste hainbeste gertatzen da artsenikoarekin ere. Tecnaliaren ikerketa baten arabera, artseniko kopurua hirukoiztu egin da Zabalgarbi inguruko landareetan. OMEren arabera, artsenikoa oso gai toxiko arriskutsua da, eta Zubietan, gainera, eragina handiagoa litzateke Bizkaiko erraustegian baino. «Zubieta inguruan ikastetxe asko daude, batzuk kilometro batera baino gutxiagora. Haurrak toxiko hauekiko oso zaurgarriak direnez, gu, mediku garen heinean, oso kezkatuta gaude».
165.000 autok adinakoa
Osasun alorreko profesionalek diotenez, agintariek «oso arinki»hartzen dute erraustegiaren kutsadura. Esate baterako, su artifizialen antzera kutsatuko duela adierazi izana gaitzetsi dute, eta «demagogia hutsa» dela esan. Zabalgarbiko datuak Gipuzkoara ekarrita, gogoratu dute Zabalgarbik urtean isuri duen CO2 kopurua —235.000 tona, 2014an— 165.000 autok isurtzen dutenaren parekoa dela. «Horri gehitu beharko litzaioke orain arteko trafikoa, toxikoek pertsonengan duten efektua metagarria baita».
Aldi berean, kezkatuta daude dioxinak neurtzeko proposatu duten ereduarekin. «Hiru hilabetean behin zortzi orduko neurketak egingo dituzte, indarrean den legeak agintzen duenez. Alegia, erraustegia martxan dagoen denboraren %0,3. Gainerako %99,7an ez dugu jakingo zer botatzen ari diren».
Horiek hala, OEITko ordezkariek biltzeko eskaria egin diete berriro diputazioko ordezkariei. Orain arte ez ahaldun nagusi Markel Olanok ez haren gobernuko inork ez diela bilerarik egiteko aukerarik eman salatu dute. «Gurekin zuzenean ez badute bildu nahi, prest gaude nazioarteko adituak Gipuzkoara ekartzeko».
OEITk gogoratu du nazioarteko azterlan epidemiologiko eta zientifikoak ikertzen aritu dela azken hamarkadan, eta ondorioak hauexek direla: heriotza tasa orokorra %13 handiagoa da erraustegi batetik gertu bizi diren pertsonen artean. Minbizi kasuek %3,5 egiten dute gora. Eta, oro har, abortuak, malformazioak, eta arnasketa eta bihotzeko gaixotasunak hazi egin daitezke.
GuraSOS eta Zubieta
Hain zuzen ere, gai horiekin duen kezka dela eta, eta auzi honetarako irtenbide «adostu eta osasungarria» eskatzeko antolatu du GuraSOSek manifestazioa heldu den larunbaterako Donostian. Hainbat jende ezagunek bat egin du, besteak beste, Gorka Otxoa aktoreak, Garbiñe Biurrun epaileak, eta Asier Illarramendi eta Imanol Agirretxe Realeko jokalariek.
Zubietako herriak ere agerraldi bat egin du agintariei eskatzeko aintzat har dezatela zubietarren erabakia. Berriki egindako galdeketa batean, %65eko parte hartzearekin, herritarren %99,6 erraustegiaren aurka azaldu ziren. Ez Donostiako Udalean eta ez foru aldundian ez dituztela aintzat hartu salatu dute. Gipuzkoar guztiei dei egin diete Donostiako manifestazioan parte hartzera.
Erraustegiak 165.000 autok adina kutsatuko duela dio OEITk
Medikuen arabera, legezkoa baino 250 aldiz merkurio gehiago isuriko du errauste plantak. Kezka dute dioxinak neurtzeko moduarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu