Errauste plantarik egingo ez dela ospatzeko, jairako deia

Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduak egin du proposamena; azaldu dute abenduaren 29an izango dela, Usurbilen

Zero Zabor mugimenduko kideak, atzo, Usurbilen elkartuta. J. C. RUIZ / ARP.
arantxa iraola
Usurbil
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Abenduaren 29rako egin du deia Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduak, Usurbilen. Nik ere gelditu dut: horixe jarri diote izena. Festa bat izango da; Gipuzkoan hondakinak errausteko planta bat egiteko proiektuaren aurka jardun duten guztien topagune izatea nahi dute. Atzo eguerdian eman zuten asmoaren berri, Usurbilen bertan egindako agerraldi batean. Zero Zabor mugimenduko herrialde osoko jendea elkartu zen, eta, denen izenean, Garazi Zubimendik eta Ruben Gonzalezek hartu zuten hitza. Errauste planta egiteko asmoa bertan behera uztea «garaipen» bat izan dela nabarmendu zuten —orain aste bi jakinarazi zuen Gipuzkoako Diputazioak tratu bat lortu zuela azpiegitura eraiki asmo zuten enpresekin, egin ez zezaten—, eta horregatik dela jai bat egiteko une ona: «Bidelagun izan ditugun herritar guztiokin batera ospatu nahi dugu garaipena».

Azpiegitura egiteko proiektuak bertan behera lagatzeak «aro» berri bat dakarrela uste dute. Pozik daude horregatik. Izan ere, gogorarazi dute ingurumenaren zein osasunaren aldetik kalte handiak ekarriko lituzkeela errauste plantak. Ekonomikoki ere, abantaila nabarmena izango dela deritzote. Eraikitzera zihoazen enpresei kalte-ordainak eman behar izan bazaizkie ere, aldaketa onerako izan dela pentsatzen dute. Zubimendi: «Errauste planta bertan behera geratzeak zortzi milioiko kalte-ordaina ekarri du. Errauste planta eraikitzeak 200 milioitik gorako gastua ekarriko liguke. 25 aldiz diru gehiago aurreztea lortu dugu».

Erantzukizun eske

Festa girorako deia egin arren, kontu eske mintzatu zaizkie, oraindik ere, errauste plantaren inguruan hartutako azken erabakiak auzitan jarri dituzten hainbat politikariri. Zehazki, Carlos Ormazabali eta Denis Itxasori mintzatu zaizkie, 2011 amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontseiluan administrazio kontseiluaren ezohiko bilera batera deitu zutelako, errauste plantaren oinarrizko proiektua onartzeko. Diotenez, ezohiko bilera hartan ebatzi ziren orain «bertan behera utzi behar izan diren kontratuak», eta, hala, haiek ere ardura dute orain egin behar izan den gastuan: «Orain eragiten duten zalapartak ez ditu erantzukizun horretatik libratzen».

Jaiko egitaraua ez dute aurkeztu oraindik. Antolaketan aurrera egin ahala, xehetasunak ematen hasteko asmoa dute. Plazara atera nahi izan dute, hala ere, «garaipen» mezua zabaltzeko. Zero Zabor mugimenduaren ideiak, gainera, Gipuzkoan onik zabaltzen ari direla uste dute. Aditzera eman dute «gero eta leku gehiagotan, gero eta emaitza hobeekin» ari direla lortzen zabor gutxiago sortzea. «Zabortegi kutsakorrak» ere desagerraraztea dute orain xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.