Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, ehunka arrain agertu ziren hilda atzo Arkaitzerrekan, Zubietan (Gipuzkoa) errauste plantatik behera doan errekan. "Erreka hilda" dagoela salatu dute, eta salaketa bat aurkeztuko dute epaitegietan. Atzo goizean agertu ziren lehen arrainak hilda, eta eguerdian Uraren Euskal Agentzia han izan zen laginak hartzen. Errauste plantan ere izan ziren uraren agentziakoak, eta han ere laginak hartu zituzten.
Josu Perea Uraren Agentziako ordezkari batek gaur Euskadi Irratian azaldu duenez, errauste plantak errekara euri ura botatzeko baimena du, baina aurretik tratatu egin behar dituzte; euri urak ez baitira soilik teilatura doazenak, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kide batek BERRIAri adierazi dioenez: "Baita kanpoan lurrera erortzen den ura ere". Pereak gaineratu du lurzorua zikin baldin badago euri urak kutsatuta joan daitezkeela errekara.
GHK Gipuzkoako Hondakinek Kontsortzioak, errauste planta kudeatzen duen erakundeak, gaur goizean ukatu egin du, ohar baten bidez, isurketarik egin izana, eta argudiatu du zirkuitu itxia dagoela errauste plantan erabiltzen den urarentzat. Esan du euri ura soilik isurtzen dela errekara, eta hori egiten dela jasotako urak gainezka egiten duenean. Auzia uraren agentziaren esku dagoela dio.
Erraustegiaren Aurkako Mugimeduko kide horrek azaldu duenez, ordea, nahikoa ziur daude isurketaren jatorria errauste plantan edo TMB plantan dagoela, han inguruan ez baitago beste jarduerarik. Are eta gehiago, bada han ondoan beste erreka bat, Lizardi, Arkaitzerrekarekin Artzabaleta baserrian elkartzen dena, eta horretan ez da inongo arazorik izan. Bi errekak elkartu eta Oriara doaz aurrerago.
Laginen zain, ikerketa osoa abiatzeko
Perezek azaldu du errekako laginak aztertuko dituztela, eta aste bat edo bi barru horrek emandako datuen arabera hasiko dela ikerketa oso bat. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere hartu ditu uraren eta arrainen laginak, eta aztertzera bidaliko dituzte. Zer isuri mota izan den aurreikusi, eta horren arabera egingo dute.
Mugimenduko kide horrek BERRIAri azaldu dio edozer gauza izan litekeela isurketaren jatorria: kamioi bat garbitzeko erabili den ura, hondakin organikoa kanpoan utzita atera dena edo bidoi bat edo edukiontzi bat erori ostean isuri eta errekan amaitu dena. Perezek ez du hipotesirik aurreratu nahi izan, baina baieztatu du atzo errauste plantaren instalazioak ikuskatzen izan zirela. Gaur ere joan dira errekara uraren agentziakoak.
Errekara soilik euri ura isurtzeko baimena du errauste plantak, baina aurretik tratatu egin behar dute. Perezek azaldu du euri ura ere kutsatuta egon litekeela errauste plantatik pasatu ondoren eta horregatik tratatu behar dela errekara isuri aurretik, "solidoak eta flotatzaileak kenduz".
GHK-k bere oharrean esan du aurretik horrelakoak gertatu direnean frogatu dela erruaste plantak ez duela zerikusirik izan. Kazetariak galdetuta ea errauste planta eraiki aurretik horrelakorik gertatu den, Pereak erantzun du berak ez duela gogoan eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideak BERRIAri baieztatu dio aurretik ez dela horrelakorik inoiz izan inguru horretan.
Salaketa jartzeko, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan-ekin jarriko da harremanetan Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.