Zubietako errauskailuaren inguruetan (Gipuzkoa) hainbat substantzia kutsatzaileren presentzia neurtzeko azterketa jarraitua egiten ari da Toxicowatch elkartea, 2019tik. Gisa bereko jarraipena egiten die Europan beste errauskailu batzuei ere. Abel Arkenbout elkarteko ikerketa buruak azaldu duenez, Zubietatik hurbil egindako azken neurketetan kutsatzaile kopuruen goranzko joera «kezkagarria» baieztatu dute. Besteak beste, Hernanin jasotako arrautza batean azken hamahiru urteetan Europan aurkitu duten dioxina mailarik altuena topatu dute.
Azken txosteneko datuak 2024an jasotako laginenak dira. Zubietako errauskailutik 5 kilometroko erradioan bildutako arrautzak, goroldioak, lurra eta ura aztertu dituzue. Nola analizatzen dituzue lagin horiek?
Dioxinak aztertzeko, bi metodologia erabiltzen ditugu: biologikoa eta kimikoa. Lehena, dioxinak neurtzeko metodo berri bat da. Metodo kimikoaren aldean, askoz ere substantzia gehiago atzemateko gai da. Adibidez, errauskailuetan erretzen diren objektuek suaren kontrako geroz eta material gehiago izaten dituzte, eta horiek erretzen direnean dioxina bromatuak sortzen dira, zeinak oraindik ez dauden erregulatuta Europako Batasunean, nahiz eta gainerako dioxinen toxikotasun maila bera duten. Analisi biologikoa EBko araudiak babestutako metodo bat da, baina oraindik nahiko ezezaguna da Espainian eta Euskal Herrian. Ez dago laborategirik lan hori egiteko. Guk metodologia horrekin egin dugu lan Parisen [Ivry-Paris XIII errauskailuan]. Gobernuak kontrol programan txertatu zuen analisi biologikoa. Oso egokia litzateke Euskal Herrian ere hala egitea, jendearen osasuna zaintzea baita kontua.
Analisi kimikoen muga nabarmenagoa da PFASetan [substantzia perfluoroalkilatuak]. Milaka PFAS daude ingurunean, eta soilik lau mota daude erregulatuta. Teknika berriekin ari gara lanean, ikuspegi zabalagoa izateko inguratzen gaituzten kutsatzaileei buruz.
Zein izan dira azken ikerketaren ondorio nagusiak?
Lehenik eta behin, arrautzetan topatu ditugun dioxinak ugaritzen ari dira oraindik. Hernanin, bereziki, gorakada handia atzeman dugu. Baina ez dugu argi errauskailuarengatik ote den; izan ere, beste industria batzuk ere badira inguruan. Harrituta gaude dioxina isurtzaile izan daitezkeen zenbat industria dagoen. Beraz, gure ikerketa erraustegitik 1,5 kilometroko erradio eremuan kontzentratu nahi dugu, ziur egoteko neurtzen ari garena errauskailutik datorrela.
Bigarrenik, erakunde publikoekin elkarlanean aritzea espero dugu. Lanerako mahai bat sortzea espero dugu. Herbehereetan eta Parisen elkarlanean aritu gara hango erakundeekin eta errauskailuetako zuzendaritzekin, errauskailuak zer isurtzen duen argiago izateko.
Goroldioetan atzeman duzuen dioxina kopuruari dagokionez, jaitsiera bat izan da 2022ko datuen aldean, baina hazkunde argia dago 2019koekin alderatuta —errauskailua 2020an hasi zen martxan—. Esanguratsua al da?
2019an goroldio laginak hartu genituenean, ia ez genuen dioxinarik aurkitu. Orain, orduan baino 30 bider gehiago aurkitu ditugu. 2022an, 300 bider gehiago aurkitu genituen.
«Herbehereetan ere esaten zuten ez zegoela osasun arriskurik. Elkarlanean hasi eta gero, ados jarri ginen»
Txostenean metal astunen presentziari buruz ere ohartarazi duzue. Ur, goroldio, lur eta sedimentu laginak aztertu dituzue. Zer emaitza lortu dituzue?
Errauskailuak metal astunak ere isurtzen ditu, metal astunak gure zaborraren osagaietako bat baitira, eta ikusi dugu horietako batzuen presentzia handitzen ari dela. Gehiago ikertu behar dugu alor horretan, eta hemendik hilabete gutxira lagin gehiago hartuko ditugu, batez ere uretan zer gertatzen den ulertzeko.
Emaitzak ikusita, ba al da ingurumen eta osasun arriskurik herritarrentzat?
Ikertzen ari garen substantziak —dioxinak, PFASak eta metal astunak— kezka handiz behatu behar dira, pertsonen osasuna babesteko. Zubietako errauskailuaren inguruko emaitzak alarma abisu bat dira.
2024ko maiatzean, Toxicowatch-ek bost urteko biomonitorizazioaren emaitzak aurkeztu zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Erakunde publikoei elkarlanerako deia egin zenieten orduan, errauskailuaren emisioak zorrotzago kontrolatzeko. Ordutik, izan al duzue harremanik erakunderen batekin?
Lehenengo aldiz joan ginen Gipuzkoako Batzar Nagusietara zer egiten ari ginen azaltzera, eta ez dugu beste mezurik jaso. Tamalgarria da, aurkitzen ari garen emaitzak zinez kezkagarriak dira eta. Guk elkarlanean aritu nahi dugu osasun agintaritzarekin eta erraustegiarekin, irtenbide bat bilatzeko. Hori bera egiten dugu Herbehereetan. Aldaketa asko egin ditugu [Harlingengo] erraustegian, haren funtzionamendua hobetzeko. Gure ikerketaren aurretik, Herbehereetako errauskailua ere oso kutsakorra zen. Elkarlanean aritutakoan, emaitza onak lortzen ditugu. Elkarrizketarako esparru zabal bat behar da, gobernuaren eta herritarren artean zubi lana egiteko, eta kutsadurari irtenbidea emateko.
«Biogipuzkoak hitza eman zigun gurekin harremanetan jarriko zirela, baina, oraingoz, ez dugu mezurik jaso»
Alderatu al dituzue zuen emaitzak Biogipuzkoaren txostenarekin?
Ikusi dugu herritarrei hartu dizkieten odol eta gernu laginetan substantzia kutsatzaileak ugaritu egin direla, eta horixe bera aurkitu dugu guk ere: dioxinen eta PCBen kopurua gora egiten ari dela errauskailuaren inguruko eremuan, baita jendearen odol eta gernu laginetan ere. Beraz, zergatik ez da ezer egiten osasuna babesteko? Dioxinak eta PCBak minbizia eragiten dute. Kontrol zorrotzagoa behar da.
Herbehereetako osasun zerbitzuak ere esaten zuen errauskailuaren inguruan ez zegoela osasunerako arriskurik. Baina elkarrekin lanean hasi eta gero, ados jarri ginen, eta herritarrak babesteko jarrera hartu zuen. Dena ondo dagoela esan diezaiokegu geure buruari, baina zerbait gertatzen ari da Gipuzkoan.
Saiatu zarete Biogipuzkoarekin harremanetan jartzen?
Han izan ginenean, gurekin harremanetan jartzeko helbidea eman genien, eta eskatu genien, mesedez, gurekin harremanetan jartzeko. Hitza eman ziguten hala egingo zutela, baina, oraingoz, ez dugu mezurik jaso. Kutsatzaileak gutxitzea lan oso konplexua da. Elkarlana behar da horretarako, bestela ezin da arrakastarik izan. Hori da gure mezua: goazen elkarrekin lan egitera, ez borrokan aritzera.