Euskaltzaindiak jakinarazi du Erramun Baxok ohorezko euskaltzainak azken hatsa eman duela; 96 urte zituen. Filosofian doktorea zen Baxok, eta irakasle eta ikerlari gisa aritu izan da lanean. Euskal Herriko mundu pedagogikoan, soziolinguistikoan eta kulturalean inplikatua izan da. Pizkundean eta Euskal Konfederazioan parte hartu zuen, eta Euskal Kultur Erakundearen buru izan zen 1990etik 2005era. Euskaltzaindiak ohorezko kide izendatu zuen 2010ean. «Euskaltzain jakintsua, euskararen geroaz kezkatuta beti, eta soziolinguistikan goren mailako aditua» zela oroitu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Suhuskunen (Nafarroa Beherea) sortu zen Baxok, 1928an, sei haurrideko familia batean. Gurasoak euskaldun elebakarrak zituen, eta frantsesezko hitz gutxi zekizkiela hasi zen herriko eskola publikoan, sei urterekin. «Eskolan dena frantsesez egiten genuen, errientsa euskalduna zelarik». Euskaltzaleen Biltzarrarekin harremana izan zuen, baina bere baitarik landu zuen euskara nagusiki, Piarres Lafitteren hiztegiarekin, eta gerora Xarles Bidegainekin. Terexa Lekunberrik elkarrizketatu zuen 2010ean, Ipar Euskal Herriko ahozko memoria biltzea helburu duen Mintzoak proiektuarentzat, eta orduan kontatu zuen oroitzapen hori.
Seminarioan egin zituen ikasketak, Landetan, Bretainian eta Frantzian; unibertsitateko ikasketen ondotik, Filosofiako lizentzia eskuratu zuen 1953an. Apaiza eta filosofia irakaslea izan zen 1967 arte.
Gerora, Renee Samsonekin ezkondu, eta 1968tik 1978ra Quebecen bizi izan ziren. Han sortu ziren haien hiru haurrak. Ikasketekin segitu zuen Quebecen, eta pertsonalismoari buruzko doktoretza aurkeztu zuen 1976an. Soziolinguistikari buruzko ikasketak egin zituen ondotik, Elebitasunari Buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroan (CIRB).
Euskal Herrira itzuli zenean, hizkuntzalaritza aplikatua irakasten aritu zen, baina Quebecen eskolak ematen ere segitu zuen. Euskal Herriko proiektu anitzetan hartu zuen parte, hala nola Ikas pedagogia zentroan: Euskaraz Bizi multimedia metodoa sortzen aritu zen. Euskararen eta euskal kulturaren jardunaldietan parte hartu zuen, eta Pizkundea elkarteko eta Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kide izan zen. 1991tik 2011 bitartean, bost urtean behin egin ziren inkesta soziolinguistikoetan parte hartu zuen.
Soziolinguistikan ekarpena
1995 eta 2000 bitartean, hizkuntzaren antolaketa eskemaren idazketan parte hartu zuen Baxokek, Euskal Herriko Garapen Kontseiluan. Halaber, EKE Euskal Kultur Erakundeko eta Euskararen Erakunde Publikoko soziolinguistika aholkularia zen, eta Euskaltzaindiko euskararen sustapen saileko kide aktiboa. 2005ean, EKE utzi zuenenean, Erramuzpek hartu zuen Baxoken segida lehendakaritzan. Eskerrak eman nahi izan dizkio, «kuraia eta konfiantza» handia eman ziolako. «Jendekina zen biziki, eta jakintsu handia zen enetzat», oroitu du.
Soziolinguistika arloan egin zuen ekarpena azpimarratu du Xarles Bidegain euskaltzainak. «Quebecen hizkuntzaren inguruan egiten zuten lana ikertu zuen, eta hona ekarri zuen». Erran du hizkuntza politika bat zutik ezartzeko «ikuspegia» ekarria zuela Baxokek, «euskara ez zela norberaren problema, problema publikoa baizik». Gauza bera nabarmendu du Mikel Erramuzpek ere: «Ekarpen ikaragarria egin zuen: Quebeceko kontzeptuak eta irakurketak ekarri zituen Euskal Herrira. Guk ez genekizkien gauza horiek. Euskararen alde ginen, bai, baina nola funtzionatzen du hizkuntza batek gizarte batean? Hori ekarri zuen Baxokek».
X sarean zabaldutako mezu batean, Soziolinguista Klusterrak jakinarazi du Baxokek egindako proposamenetatik abiatu zirela Klusterraren sorrerarako lehen hausnarketak. «Euskal Herrian Quebecen ezagututakoen antzeko soziolinguistika ikergune bat sortzeko beharra azaleratu zuen». Hogei urte beteko ditu aurten Soziolinguistika Klusterrak.
«Langile porrokatua» izan zela adierazi du EKEk, sareetan zabaldutako mezu batean, eta doluminak adierazi dizkio familiari. Euskalgintzaren Kontseiluak besarkada estua helarazi die «bidelagun» izan zutenaren adiskide eta senideei. «Herriak militante bat galdu du. Milesker euskararen alde egindako lan guziagatik», adierazi du EH Baik. «Euskararen aldeko defendatzaile nekaezina» omendu du EAJk.
BERRIAk elkarrizketa egin zion 2013an, BERRIAlaguna kanpainaren harira. Euskarazko hedabidea laguntzeko beharraz aritu zen: «Lehenik Euskaldunon Egunkaria, eta gero BERRIA; beti irakurri ditut biak. Ideia nuen BERRIAri ez zitzaiola gertatu behar Egunkaria-ri gertatu zitzaiona, ez behintzat gure faltagatik».