Pablo Azkona. Nafarroako Udalen Federazioko burua

«Erra dezakegu, baina gure independentzia lehenetsi nahi dugu»

2011tik Lodosako alkatea da, eta urriaren 3tik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente, oso babes zabala lortuta. Orain arte egin ez den bezala erakundeak udalen zerbitzura egon behar duela dio.

joxerra senar
Iruñea
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Pablo Azkonak (Lizarra, 1980), Lodosako alkateak, ia hilabete darama Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente gisa. Zorion ugari jaso ditu «Mankomunitatera» heldu delako. Azkonak uste okerra zuzendu ostean, herritar askok galdetu diote berehala:«Zer demontre da federazioa?». Udal askok ere ez dute argi zein funtzio duen erakundeak. Iraganean batik bat UPNren interesen zerbitzura egoteak gaitz horiek eragin ditu, eta Azkonaren lehen zeregina hori amaitzea izango da. Erronka nagusia, dena den, udal administrazioaren erreforma da. Iragan legealdiko krisi politikoek eten zuten, eta oraingoan ezingo du gehiago itxaron.

Batzarrean, 833 boto bildu zenituen, bigarrenak baino lau aldiz gehiago. Udaletan gertatu den aldaketaren isla da?

Tokiko erakundeen barruan ez daude soilik ohiko alderdiak. Gehiengoa dira hautagaitza independenteak, eta horietako askok izaera aurrerakoia eta ezkertiarra dute. Udaletako aldaketa parlamentukoa baina askoz ere handiagoa izan da. Horrek bere isla izan behar du federazioan.

Orain arte federazioak ez zuen modu irekian lan egiten?

Gure ikuspuntutik, ez du hartu tokiko erakundeek nahi luketen norabidea. Lehenik eta behin, uste dugu federazioaren independentzia bermatu behar dela bai gobernuaren, bai beste erakundeen aurrean. Azken legealdietan hori galduz joan da. Independentzia hori galduta, eguneroko lana gaiztotu egiten da, alderdien aginduen aurrean. Erra dezakegu edo ez, baina beste interesen aurrean independentzia hori lehenetsi nahi dugu.

Nola?

Parte hartzearen bidez. Federazioak mekanismoak ditu lan batzordeen eta batzarren bidez mandatu bat emateko federazioko zuzendaritzari. Ezin dira federazioaren erabakiak hartu bulego itxi batean. Gaiak zabal planteatu behar dira eta udalek ematen duten mandatua irmo defenditu alderdiren baten interesen gainetik.

Akatsa litzateke babestu zaituzten alderdien interesen defendatzaile bihurtuko balitz?

Bai, eta zaindu behar dugu halakorik ez gertatzea. Aldaketa handi bat jada izan da. Zuzendaritza batzordearen osaerak Nafarroako aniztasuna islatzen du. Sentsibilitate politiko desberdinak hor egotea aurrerapausoa da.

Krisiak agerian utzi ditu udalen finantza arazoak. Hori al da arazo nagusietako bat?

Espainiako finantza egonkortasunerako legeak gauzak ondo egin dituzten udalak ere estutu ditu. Bestalde, Nafarroako udalek oro har ez dute arazo ekonomiko larririk, eta udal batek ateak ireki eta funtzionamendu hutsarekin gastuaren %90 betetzen du. Orduan, hori garatu behar da. Marjin txikia dugu.

Nafarroako Gobernuarekin hitz egin behar da horri buruz?

Oraingoz, akordio programatikora mugatzen naiz. Finantzaketari dagokionez, konpromisoa dago berreskuratzeko transferentzia arrunten funtsaren ekarpeneanohiko igoera ezartzea: KPIa gehi %2koa. 2011n kolpe handia eman ziguten hori kenduta. Hori da oinarria, egoerari adabaki bat jartzeko. 2016rako nahi genuke aurrekontuetan berreskuratzea inbertsio planak. Udal batzuek dirua izan dezakete bereari aurre egiteko, baina ez badu gobernuak bultzatzen, ezin dute ezer egin. Lau urteren ondoren, toki batzuetan beharrak daude: saneamendu sareak, errepideak, kaleak...

UPNk eta PSNk bere udalei mesede egiten zien?

Printzipioz, eredu horrek ez luke tarterik izan behar interes sareak sortzeko. Ezin du funtzionatu zu gogoko zaitut, eta zu ez sistemak. Lege inpartzial bat bilatu behar da guztiontzat, eta irizpide objektiboak aintzat hartu.

Legealdiko proiektu izarra izango da udal maparen erreforma. Beharrezkoa da?

Bai; beharrezkoa da tokiko administrazioa modernizatzea. Herritarrengandik gertuen dagoelako eta zerbitzuok modu eraginkorrean jaso behar dituelako. Orain arte proposamen asko egin dira, eta argi dago denok utzi beharko ditugula bidean gure aldarrikapenak.

Zer bide izan behar du erreformak?

Funtsezkoa da, egiten dena egiten dela, ahalik eta adostasun handiena izatea. Hori lor daiteke prozesu parte-hartzaile zabal baten bidez. Denbora nahikoa eman behar zaio. Tokiko erakunde bakoitzak bere errealitatea erakutsiko du, eta horien guztien gainean erabakiak hartu behar dira. Arrazoizko denbora eskaini behar zaio, gutxienez bi urte. Saiatu behar dugu legealdian proposamena aktibatuta egotea.

Hobe da orain motel eta ondo egin eta ez, duela lau urte PSNk nahi bezala, gaizki eta azkar?

Bai. Azkenean proposamen desberdinak daude, baina gehiengo batek errefusatu ditu. Garai hartan Tokiko Administrazioko zuzendari zen Jose Luis Izkok bilera batera deitu gintuen Lizarraldeko udalak. Ez genekien zer zen, eta hainbat aldaketa proposatu zizkigun antolamenduan eta funtzionamenduan, baina finantzaketaz hitz egin gabe. Harri eta zur gelditu ginen. Federaziora jo genuen, baina ez zuten ezer erantzun, nahiz eta informazioa ematea euren zeregina izan. Gero esan ziguten zuzendaritzari erreforma ondo iruditzen zitzaiola. Ezin da berriro errepikatu halakorik. Udalen parte hartzea bideratzen bada, emaitza gustuko izan edo ez, gutxienez kontuan hartu dira.

Zer hartu behar du aintzat?

Lehenik, argi utzi behar da zer eskumen hartu behar dituzten udalek; bigarrenik, foru administraziotik eratorriak diren eskumenak %100ean finantzatu egin behar dira. Arazoa garai oparoetatik dator. Nafarroako Gobernuak zerbitzuok eratorri zituen udaletara. Dena ondo doa finantzaketa duzun bitartean, baina administrazioak erdira kenduz gero, arazoak datoz.

Lasaitzen zaitu Xabi Lasa Tokiko Administrazioko zuzendari izatea?

Uste dut ardura politikoa izan duten beste batzuek ez zuten baldintza betetzen duela. Lehen eskutik ezagutzen ditu tokiko administrazioaren gabeziak eta beharrak. Iragan legealdia, udal batek izandako zailtasunen paradigma, pairatu zuen gainera. Konfiantza ematen du. Borondate politikoa dago beste modura egiteko.

Eudelekin elkarlana egiteko gertu?

Egoera normalizatzearen alde lan egin behar da. Eudelekin eta beste federazioekin harremanetan jarri gara esateko elkarlanerako prest gaudela. Eudelen kasuan, gai asko ditugu jorratzeko, antolamendu arloan antzekoak garelako.

Eta Udalbiltzarekin?

Kontuan hartu behar ditugu mota horretako erakundeak: tokiko erakundeak batzen dituzte eta Nafarroako udal asko barruan daude. Normalizatu behar da egoera. Ezin zaio inori ukatu. Federazio gisa ziurrenik gauzak elkarrekin egin ahalko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.