Eroritako arbola, ongarri

Jose Angel Altzuguren 'Kotto' hilik topatu zuten Soriako espetxeko ziegan. Beran, 'Loratzen' dokumentala ondu nahi dute, hura oroitzeko. Ekainaren 10ean amaituko da ekarpenak egiteko epea.

Loratzen dokumentala
'Loratzen' dokumentala aurkezteko agerraldia. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko ekainaren 5a
10:00
Entzun

Loratzen dokumentala egiteko, Berako Espidobaita kultur elkarteak (Nafarroa) herri proiektu bat jarri du martxan. Asmoa da Jose Anjel Altzuguren Kotto-ren istorioa jasotzea, «beste batzuek kontatu beharrean guk kontatzea garrantzitsua delako», Ekhiñe Zapiain Arlegi Espidobaita elkarteko kidearen esanetan. Itsulapikoa.eus webgunean egin daiteke ekarpena.

Kotto 2005eko urriaren 31n aurkitu zuten bere ziegan hilik, Soriako espetxean, Espainian. Aurretik, hiru urte eta erdiz preso izan zuten, ETAri laguntzea egotzita. Atxiloaldian torturak salatu zituen. Hiru urte eta erdiz sakabanaketa jasan ostean utzi zuten aske, eta 2005eko urriaren 22an berriro atxilotu zuten, etxean, zigorra osorik betetzeko. Torturek eta atxiloaldiek zuzenean eragin zioten Kottoren osasunari. Psikologoek eta psikiatrek artatzen zuten, eta botikak hartzen zituen, depresioa diagnostikatu baitzioten azken aldiz atxilotu zutenean. Abokatuek salatu zuten espetxean haren egoeraren berri izan arren medikuek ez zutela artatu.

«Kottoren istorioa kontatu nahi dugu, beste batzuek kontatu beharrean guk kontatzea garrantzitsua delako».

EKHIÑE ZAPIAIN ARLEGI Espidobaita elkarteko kidea

Memoria ariketa bat egin nahi dute dokumentalarekin. Zapiain: «Ikusten zen gazteek ez zeukatela Kottoren berri, eta garrantzitsua zela memoriaren transmisioa egitea. Dokumentalak funtzio hori bete dezake». Hil zenetik, urtero egin izan da ekitaldi bat haren oroimenez Otxanda mendian. Hamargarren urtemugan, herri antzerki bat egin zuten, baina, hogeigarren urtemuga gerturatzearekin batera, dokumentalaren ideia garatzen hasi zen euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten taldean, Beran. Espidobaita elkarteak hartu zuen lekukoa, Labrit ekoiztetxearekin batera proiektua landuta.

Zitalkeriaz moztuta

Loratzen izena hartuko du dokumentalak. «Zuhaitza zitalkeriaz moztuta lurrera erortzen bada ere, ikusten dugu ongarri ere bihurtu litekeela eroritako arbola, eta Kottorengan ikusten dugu besteek bultzatuta erori zen zuhaitz bat, baina, hainbeste gauza egin zituenez, ongarri bilakatu da basoarentzat».

Dokumentalaren asmoa da elkarrizketen bidez Kotto lanean aritu zen esparruetan sakontzea, hura ezagutarazteko. Kotto Berako Udaleko zinegotzi izan zen bi legealditan. «Herrigintzan sekulako lana egin zuen. Kulturari lotua zegoen, beti euskararen aldeko borrokan», dio Zapiainek. Kirolzalea ere bazen, mendia eta futbola zituen batez ere gustuko. Lanbidez zurgina zen.

Herri ekimenetik egitea pentsatu zuten, Kotto ere hala aritu zelako. Itsulapikoa.eus webgunean daude ekarpena egiteko argibideak. Ekainaren 10ean amaituko da epea. Ekarpena egiteko hainbat modu daude, eta ekarpena egiten duenak oroigarri bat jasoko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.