Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko proiektua txalotu dute memoria historikoarekin lotutako 30 bat eragilek

Manifestu batean adierazi dute EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen arteko akordioak «faxismoaren aurkako borrokarako bide berri bat» irekiko duela.

Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak, apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak, apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko azaroaren 22a
09:15
Entzun

Azken urteetan, Iruñeko Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko asmoen aurka mintzatu izan dira elkarte memorialistak eta oroimen historikoaren aldeko ekintzaile ugari. Mausoleo frankista eraldatu ez, erabat eraitsi nahi dutela adierazi dute behin baino gehiagotan. Zoruarekin berdindu. Orain, baina, hasiak dira ñabardurak azaleratzen esparru horretako eragileen artean ere, eta 30 bat ekintzailek, historialarik eta biktimen senidek sostengu publikoa adierazi diote EH Bilduk, PSNk eta Geroa Bai-k sinatutako akordioari. Manifestu bat sinatu dute, zeinean txalotu egin baitute monumentua eraldatzeko eta bertan Maravillas Lamberto izeneko oroimen zentroa irekitzeko erabakia. Uste dute «bide berri bat» ireki dezakeela «faxismoaren aurkako borrokan».

Agiriarekin bat egin dutenek nork bere izenean sinatu badu ere, manifestuan bertan azaldu dute urteak daramatzatela oroimen historikoaren esparruko hainbat elkartetan militatzen. «Gure kemena jarri dugu Nafarroan eraildako milaka pertsonen izena eta izana berreskuratu eta duintzeko. Era berean, lan egin dugu Nafarroako gehiengo sozialak bere egin ditzan demokraziaren, justizia sozialaren eta berdintasunaren balio errepublikanoak, totalitarismo frankista eta frankismoaren biktimak alboratu nahi dituztenen aurrean. 1942an monumentua eraiki zutenek ezarri zuten isiltasun, ahanztura eta izu mantua hausteko lanean ari gara duela hamarkada batzuetatik, bortxatutak, arpilatuak, umiliatuak eta erailak izan ziren pertsonen omenez».

Akademiaren eta unibertsitateen esparruko irakasleak eta ikerlariak dira batzuk; beste asko, elkarte memorialistetako kideak; eta sinatzaileen artean, badira frankismoko biktimen senideak ere.

Adierazi dutenez, UPN Iruñeko alkatetzatik egotzia izan zenetik, «ilusioz» bizi izan dute Erorien Monumentua botatzeko aukera, eta eraikina eraistearen alde azaldu izan dira manifestu honen sustatzaileetako batzuk ere: «Gutako batzuek monumentua eraistearen aldeko eskaera sinatu dugu, gure senideen memoria errespetatzeko irtenbidea hori zela ulertuta; beste batzuek monumentu horri beste esanahi bat ematearen alde egin izan dugu, genozidio faxistaren kritika iraunarazteko modurik onena zelakoan; azkenik, beste batzuek, iraganaren ezagutza ez ezik, etorkizunerako proiekzioa ere bermatuko duen memoria proiektu batean oinarrituta, inolako aukerarik baztertu gabe esku hartzeko beharra defendatu dugu».

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik akordioa lortuta, ordea, urratsa txalotu dute sinatzaileek, «faxismoaren aurkako borrokarako bide berri bat» irekiko duelakoan. «Memoria demokratikoaren arloan atzera egiten ari den testuinguru historiko batean, urrats honek aukera ematen du erorien etorkizunari buruzko eztabaida publikoa desblokeatzeko eta monumentua egungo egoeran iraunarazteari amaiera emateko», azaldu dute. Egoki deritzote, gainera, han zabaldu nahi duten interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena jartzeko asmoa: «Maravillas Lamberto Iruñeko erdigunean jarriko du».

«Urrats historikoak»

Manifestuaren sinatzaileek argi dute memoria historikoaren aldeko ekintzaileek hamarkadetan eginiko lanarengatik izan dela posible akordioa, eta horren inguruan zabaldutako eztabaida politiko eta sozialagatik. «Eztabaida horretan, hain zuzen ere, monumentuak gerraren eta frankismoaren apologia izaten jarraitzea nahi duten horiek isilik egon dira. Horregatik bakarrik balitz ere, konponbide iraunkorra eskaini ez duen eztabaida desblokeatzeagatik eta hiltzaileen omenezko monumentua iraunarazi nahi dutenen aurrean jarduteagatik, merezi du hasitako bidea babestea».

Agirian nabarmendu dute «urrats historikoak» direla, batetik, «fokua jartzea diktadura frankistak iraun izana ahalbidetu zuten arrazoietan», eta, bestetik, «monumentuan esku hartzea ikuspegi antifaxista batetik». Ez dute uste eraikina, orain dagoen bezala, memoria lekutzat jo daitekeenik, «biktimagileen eraikina delako, ez biktimena». Hala ere, begi onez ikusten dute aldez aurretik nabarmentzea etorkizuneko interpretazio zentro horren «eduki antifaxista» eta, besteak beste, apologia frankista egiten duten ikurrak eta elementuak kendu edo ezkutatu egingo dituztela, «modu pedagogikoan erabiltzeko».

Azkenik, ohartarazi dute «erne» egonen direla eta prozesua gertutik zainduko dutela, sinatutakoa «paper errea» izan ez dadin: «Musika gustatzen zaigu; orain letra ikusi beharko da». Bidean segitzeko asmoa ere agertu dute, «ekarpenak egiten, eraikitzen eta sektore erreakzionarioek jar ditzaketen trabak gainditzen».

Horretarako, helbide elektroniko bat ere zabaldu dute, [email protected], atxikimendu gehiago jaso ahal izateko.

Kontrara, badira akordioa salatu eta eraikina eraitsi behar dela uste dutenak ere. Hala adierazi dute, besteak beste, ELA eta CCOO sindikatuek zein Zurekin koalizioak. ELAren kasuan, argudiatu dute aste honetan iragarritako akordioak «itxiera faltsua» ematen diola auziari.

MANIFESTUAREN SINATZAILEaK

  • Carlos Otxoa (Iruñea). Memoria ekintzailea. 
  • Regino Etxabe ( Lizarra). Memoria ekintzailea.
  • Pedro Ibañez Garcia (Larraga). Memoria ekintzailea.
  • Josu Txueka Intxusta (Lerin). Historialaria.
  • Fernando Mendiola (Iruñea). Historialaria eta memorialista.
  • Amaia Nausia Pimoulier (Iruñea). Historialaria.
  • Amaia Oloriz Rivas (Atarrabia). Idazlea.
  • Javier Etayo, 'Tasio' (Iruñea). Ilustratzailea.
  • Edurne Beaumont (Zaraitzuko Esparza). Historialaria eta memorialista.
  • Maite Mangado Fernandez (Sartaguda). Memoria ekintzailea.
  • Julio Martinez Sancho (Mendabia-Venezuela). Memoria ekintzailea.
  • Adelaida Urquizo Sadaba (Mendabia). Memoria ekintzailea.
  • Ana Barrena (Iruñea). Memoria ekintzailea.
  • Ramon Contreras (Iruñea). Memoria ekintzailea.
  • Jose Angel Reta Ibeas (Gares). Memoria ekintzailea.
  • Soraya Lopez Zufia (Larraga). Memoria ekintzailea.
  • Iosu Imaz Prim (Altsasu). Memoria ekintzailea.
  • Maria Santos Santaquiteria Lerga (Iruñea). Memoria ekintzailea.
  • Agapito Martinez de Bujanda Salcedo (Mendabia). Memoria ekintzailea.
  • Nerea Mikelez Arroniz (Mendabia). Memoria ekintzailea.
  • Rosa Maria Martinez Lezea (Mendabia). Memoria ekintzailea.
  • Luis Miguel Martinez Moreno (Sartaguda). Memoria ekintzailea.
  • Jose Luis Garcia Carasusan (Badostain). Memoria ekintzailea.
  • Alberto Goikoa de Lorenzo (Iruñea). Memoria ekintzailea.
  • Pilar Diaz Elvira (Mendabia). Memoria ekintzailea.
  • Paolo Albanese Weiss (Sartaguda). Sartagudako alkate ohia eta memorialista.
  • Julio Ariz Larunbe (Arazuri). Memoria ekintzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.