EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik erantzun egin diote Erorien Monumentua Eraisteko Plataformari. Lau puntuko adierazpen bat aurkeztu dute, eta datorren osteguneko udalbatzan eztabaidatuko dute. Testuak aurrera begirako bide orria definitzen du. Besteak beste, proposatu dute eraikinaren inguruko proiektu lehiaketa bat egitea eta herritarren partaidetza prozesu bat bultzatzea.
Lehenik, hiru udal taldeek berresten dute azaroaren 20ko akordio politikoa aurrera eramateko konpromisoa. Bigarrenik, alderdiek diote «aditu talde batek» zehaztuko duela etorkizuneko interpretazio zentroaren edukia. Batzorde hori eratu egin beharko da.
Hirugarrenik, alderdiek iragarri dute udalaren hiri katalogoan «Erorien Monumentuaren fitxa aldatu egingo dela «Memoria Demokratikoaren araudira egokitzeko».
Laugarrenik, egitasmoen kalitatea bermatzeko, herritarren parte hartzean oinarritutako proiektu lehiaketa bat egingo dute. Asmoa da «akordioaren edukira hobekien egokitzen den proposamena hautatzea». Alderdien arabera, «prozesu parte-hartzaile, informatibo eta pedagogiko bat egingo da», eta Iruñeko herritarrei kontsulta bat egingo zaie.
Bi urte eta lau hilabete geratzen dira agintaldia amaitzeko, eta talde sinatzaileek diote proiektuen lehiaketa «ahalik eta lasterren» bultzatuko dutela. Akordioaren edukiari erreparatuta, gogorarazi dute Iruñeko Udalaren esku egongo dela eraikina eraldatzeko lanak eta ondorengo interpretazio zentroaren kudeaketa.
Azkenik, akordioan datorren bezala, aipatu dute koordinatu beharko dela Nafarroako Gobernua sustatzen ari den Memoria Institutuaren helburuekin bat egin dezan. Alde Zaharrean, Rozalejos jauregian izango du egoitza institutuak, eta, helburuei dagokienez, ez dute nahi interpretazio zentroak izango dituenekin kontrajartzea.