Erorien Monumentua eraldatzea «errazteko», Memoria Historikoaren Legea aldatu du Nafarroako Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik xedapen bat gehitu diote legeari, eta atzera bota dituzte elkarte memorialistek aurkeztutako zuzenketak. «Parlamentuaren historiako orrialderik ilunenetakoa idatzi dugu», kritikatu du Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek.

Nafarroako Parlamentua eta goian gonbidatuen harmailak. Bi elkarte memorialistako ordezkariak izan dira, baita NUPeko Esperientzia Gelako ikasleak ere.
Nafarroako Parlamentua eta goian gonbidatuen harmailak. Bi elkarte memorialistako ordezkariak izan dira, baita NUPeko Esperientzia Gelako ikasleak ere. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko martxoaren 6a
11:35
Entzun

Iruñeko Udalak bidea libre du Erorien Monumentua eraldatzeko prozesuan aurrera jarraitzeko. Nafarroako Parlamentuan, PSNk, EH Bilduk eta Geroak 2013ko Memoria Historikoaren Legean eraldaketa hori «errazteko» xedapen bat gehitu dute, eta alde bozkatu dute; UPNk, PPk, Voxek eta Zurekin Nafarroak kontra bozkatu dute. Hain zuzen ere, elkarte memorialistek eta Zurekin Nafarroak proposamenari aurkeztutako zuzenketak atzera bota dituzte gainerako taldeek. Gertatutako guztiagatik «minduta» agertu da Carlos Guzman (Zurekin Nafarroa): «Gaur parlamentu honen historiako orrialderik ilunenetako bat idatzi dugu».  

Gonbidatuen harmailak beteta zeuden. Bertan izan dira Nafarroako Unibertsitateko Esperientzia Gelako ikasle multzo bat eta Nafarroako bi elkarte memorialistetako ordezkariak: Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko Josetxo Arbizu eta Pedro Rascon, eta Txinparta elkarteko Koldo Pla. «Bataila juridikoa ez da hemen amaitu, eta lotsarena galdu egingo dute», adierazi dio BERRIAri Plak, eztabaida amaituta, aldaketaren alde bozkatu duten alderdiei erreferentzia eginez. 

Oso gogor mintzatu da Carlos Guzman. Haren esanetan, memoria historikoaren arloan Nafarroak urrats aitzindariak egin ditu, eta oraingo aldaketarekin «atzean» geratu da. Haren esanetan, lehen aldia da biktima elkartearen iritziaren kontrako lege bat egiten dela. «Gaur, zartarazi egin dute legitimitate memorialista; zapaldu egin dute elkarte memorialisten borondatea». Tonua goratuz joan da Nafarroako Gobernuko beste bazkideen kontra. «Prozesu honen ondorioz, munstro itsusi horrek biktimak birbiktimizatzen jarraitzen duenez, zuek izango zarete erantzule bakarrak». Elkarteei barkamena eskatu die. «Lotsatuta gaude», onartu die.

PSNko Inma Juriori egokitu zaio proposamenaren edukia defenditzea. Azken hilabeteetan eztabaida bizia piztu da Iruñean eraikin hori eraisteko edo eraldatzeko beharrari buruz, baina, Jurioren arabera, proposamena «harago» doa: azaroaren 20an, hiru alderdiek hitzartutako akordioa abian jarriko dute Memoria Historikoaren Legeari xedapenak gehituta. «Eraikin hori frankismoa goratzeko sortu zen, eta diktadorea hil zenetik ez da ezer egin eraikina gaurko errealitatera egokitzeko, biktimen minari aurre egiteko. Hemen gaude; 50 urtez immobilismoa izan da nagusi», azaldu du, zehazteko orain arte gehiengoak ez direla gai izan egungo egoera aldatzeko.

Zurekin Nafarroako hiru parlamentariak: Carlos Guzman, Daniel Lopez eta, zutik, Miguel Garrido. IÑIGO URIZ / FOKU
Zurekin Nafarroako hiru parlamentariak: Carlos Guzman, Daniel Lopez eta, zutik, Miguel Garrido. IÑIGO URIZ / FOKU

Harrabotsa sortu dute, baina, lege proposamenak eta azaroaren 20ko akordioak. Elkarte memorialistek hasieratik irmo egin dute kontra, beren minari eta aldarrikapenei «traizio» egin dietela adierazita. Juriok esan du errespetatzen duela min hori. «Monumentuak harriak dira, eta badakigu sinbolikoki min handia eragin dezaketela, baina, era berean, uste dugu desagertzen den hori ez dela existitzen. PSNk nahi du min hori etorkizuneko belaunaldien memoriarako erabiltzea», aipatu du.

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak nabarmendu du aldaketa horrek «segurtasun juridikoa» emango diola Iruñeko Udalari hurrengo pausoak emateko. Gaur egun, babes maila handia du hiriko eraikinen katalogoan. «Horrek ezinezko egiten du eraikina eraistea eta edozein aldaketa egitea. Hirigintza arloko babesa aldatzea ez da talde batzuek uste duten bezain erraza. Memoria Historikoaren Legearen bidez ezin da eraikina eraitsi edo eraldatu». Izurdiagak zehaztu du katalogazioa aldatzeko «ongi arrazoitu» behar dela, txostenak eskatuko direla eta Vianako Printzea institutuaren aldeko iritzia behar dela. Bide hori «erraztu» nahi diote udalari.

EH Bilduk gogoratu du beharrezkoa dela orain arteko korapiloa askatzea; 2022an Espainiako Kongresuan Memoria Demokratikoaren Legean Iruñeko Erorien Monumentua eraisteko xedapen bat gehitzen ahalegindu zirela, baina PSOEk eta Sumarrek kontra bozkatu zutela. «Soilik EH Bilduk eta ERCk bozkatu genuen alde». Haren ustez, eraikinaren eraispena asmo hutsa da egun, «ez dagoelako gehiengorik eta zailtasun juridikoak daudelako». 

Bide beretik, Geroa Baiko Mikel Asiainen iritziz, azaroaren 20ko akordioak modua ematen du aurrera egiteko eta gaur egungo immobilismoa gainditzeko. Gogora ekarri du eskuinean Navarros Todos izeneko plataforma sortu dela eraikina dagoen bezala uzteko, eta kultur intereseko ondare deklaratzeko asmoz herri ekinaldi legegilea aurkeztu duela. 

UPN eta PPren ikuspegia

Eztabaida horretan, Javier Esparzak kritikatu du eraldatze prozesua «baztertzailea» dela, beste ikuspegiak ez direlako aintzat hartu, eta eraikinari «erabilera bakarra» eman nahi zaiolako «herritar guztien kaltetan». UPNko eledunak adierazi du urteotan beste esanahi bat eman zaiola eraikinari eta ikur frankistak kendu zaizkiola. «Bertan jarduerak egin dira, eta horrek ez du zerikusirik frankismoaren loria aldarrikatzearekin. Saldu nahi diguzue ez dela ezer egin, eta hori gezurra da». Haren ustez, eraldatze prozesuak «mendekua» bilatzen du, eta udal autonomiaren kontra egin du. Amaitu du esanez EH Bilduk ezin duela gidatu faxismoaren kontrako ekinaldi bat. «EH Bilduk ukitzen duen guztia zikintzen du».

Bide beretik jo du PPko Javier Garciak. Haren esanetan, Erorien Monumentua ez dago iruindarren kezka nagusien artean. «Benetan EH Bilduk hitz egin dezake faxismoaren aurkako borrokaz? Benetan uste duzue autoritate morala duzuela?».

Eztabaida amaitutakoan, Zurekin Nafarroako hiru parlamentariek Josetxo Arbizu, Koldo Pla eta Pedro Rascon agurtu dituzte. Plak onartu du elkarteak bereziki minduta daudela eraikinari Maravillas Lamberto izena eman nahi zaiolako. Hain justu ere, gaur arratsaldean Iruñeko Udalean Zurekin Nafarroaren proposamen bat eztabaidatuko da izen hori emateko Nabarrerian aurten inauguratuko den Rozalejos jauregi eraberrituari, Memoriaren Institutuaren egoitzari.

leGE PROPOSamena

Zer aldatuko da legean?
Xedapen gehigarri bat erantsiko zaio 2013ko Memoria Historikoaren Foru Legeari.

Zehazki zer aldatzen da?
Xedapenak dio Erorien Monumentuak «oraindik propaganda totalitarioa islatzen eta erregimen frankista goratzen» duela. Agintzen du soilik erabil daitekeela diktadurako giza eskubideen urraketa larrien zergatiak azaltzeko, eta faxismo forma berriez ohartarazteko. Oraindik zutik diren ikur frankistak kentzeko eta kupulako margolanak estaltzeko agintzen du, halaber.

Zer zioten zuzenketek?
Zehazten zen helburua eraikina eraistea zela, monumentua eta haren elementuak babesten dituzten arauak debekatzea, eta eraikina desjabetzeko eskubidea aitortzea. Eraikineko gurutzea eta kupulako Frantzisko Xabierkoari buruzko margolana Iruñeko Artzapezpikutzari emateko aukera ere aipatzen zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.