Nafarroan ez zen gerra fronterik izan 36ko gerran, eta falangistek eta erreketeek 3.500 pertsona erail zituzten. Iruñean, 309 lagun hil zituzten, horietako asko Gaztelugibeleko harresietan, fusilamenduak ikustera joaten ziren iruindar askoren begiradapean. Egun, monolito bat jarria dago harresiko txoko batean, eta 2007tik Nafarroako Fusilatuen Elkarteak oroimen ekitaldia egiten du bertan apirilaren 14aren aurreko asteburuan. Aurtengoan, Amaia Lerga elkarteko presidenteak aldarrikatu du Erorien Monumentuak ez duela zutik jarraitu behar. «Oso urte zaila izan da», adierazi du.
Ehunka lagun elkartu dira monolito alboko zelaian, Espainiako II. Errepublikako bandera asko astinduz, baita Palestinako ikurren bat ere. Koiuntura musika talde nafarrak jarri dio doinua ekitaldiari, eta bizpahiru abesti kantatu ditu —tartean, Amapolas de abril—. Amaieran, fusilatuen senideek eta alderdietako eta erakundeetako ordezkariek krabelin gorriak paratu dituzte monolito aurrean. Maialen Indakoetxea dantzariak aurresku bat dantzatu du amaieran. Bertan izan dira, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea; Patxi Bera arartekoa; UPNko Javier Ansa; PSNko Javier Remirez, Inma Jurio eta Nuria Medina; Geroa Baiko Mikel Asiain; eta Zurekin Nafarroako Javier Garrido eta Txema Mauleon.

Maite Menak gidatu du ordubete inguruko omenaldia. Gogora ekarri du nola errepublikanoak ihesean zihoazen bitartean «mundu katoliko eta falangistak festa moduko bat izango balitz bezala» bizi izan zuela 1936ko uda hura. «Kolpe bakoitza, paseo bakoitza, ihesaldi bakoitza ospatzen zuten. Eta ospatzen ez bazuten, hiri honetan eta herrietan gauero zer gertatzen zen jakinda ere ez entzunarena egiten zuten, tiroak entzungo ez balituzte bezala». Gogora ekarri du, halaber, «txurro usainaren, andere dotoreen eta hil aurreko garrasi latzen artean» fusilatzen zituztela, Gaztelugibelen. Goizero harresia tirokatutako balen zuloak ikusten zituztela oroitarazi du. «Bai isiltasun ozena!».
Berehala eman dio hitza Amaia Lergari. Hark gogoratu du krimen horiei guztiei gorazarre egiten dien eraikina, Erorien Monumentua, zutik dagoela oraindik ere. «Hura botatzeko garaia da, biktimak berriz biktimizatzen baititu etengabe». Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko akordioaren sinatzaileei adierazi die «egia, justizia eta erreparazioa sustatzen ez duen proiektu bakar batek ere ez duela balio memoria demokratikorako, ez eta pedagogia egiteko edo elkarbizitzarako ere».
Gogoratu du Iruñeko Udalak kale bati Victor Eusa arkitektoa zenaren izena kendu diola berriki: «36ko gerran Karlisten gerra batzordeko buruzagi izan zen, eta gerora Erorien Monumentua diseinatu zuen Jose Yarnosekin batera. Emilio Mola jeneralaren gidari ere izan zen». Gero, Premin izena beste kale bati kentzeko eskatu du, goitizen hura baitzuen Ignacio Baleztena buruzagi karlistak.
Amaieran, Lergak faxismoaren goraldiaz eta horrek gazte batzuengan duen eraginaz ohartarazi du.
Arellanoren hitzak
Jarraian heldu da ekitaldiko unerik hunkigarriena. Felix Arellano 90 urteko corellarra oholtzara igo da Josune alabarekin. Gogora ekarri du Errepublikak ekarri zuen aldaketa politikoa, ikasteko aukera eman baitzien ordura arte hezkuntza jasotzeko modurik izan ez zuten langileen eta nekazarien seme-alabei. Alta, bere bizipenak kontatzen hasi denean, ezin izan dio emozioari eutsi: «Ni 1934ko ekainaren 30ean jaio nintzen...», eta, negarrez, aurrera egin ezinik, alabari eman dio lekukoa, eta aitaren ikuspegia eta hitzak irakurri ditu hark.

Felix Arellanok ondo gogoan du amaren aldeko osaba falangista batek, Santiago Diazek, aitari ohartarazi ziola militarren altxamendua hastean hura erailko zutela. «Ni, zergatik?», ihardetsi zion. Uztailaren 18an bertan, ohetik altxatu, prakak eta panazko jaka jantzi, eta txurroak erostera atera zen, gosaltzeko. Etxera itzultzean atxilotu zuten. «Gure ama lau hilabeteko haurdun zegoen», kontatu du, hunkituta berriro; txaloka hartu dute. Guardia Zibilaren kuartelera azkenekoz bisitan joan zirenean, hilko zutela jakinik, Jesus Arellanok lepoa moztera zihoazkion keinua egin zuen, eta emaztea eta semeak musukatu zituen. «Nire anaiak lau urte zituen, eta beti oroitu zuen musu hura. Nik, aldiz, ez dut gogoan».
Bardean fusilatu zuten, beste seirekin batera, eta odolusten utzi zituzten. Gero, Tuterako hilerriko kanpoaldean bota zituzten gorpuzkiak, «jendeari beldurra sartzeko». Handik astebetera, hiltzaileetako batek soinean zeraman panazko jaka, eta aitonak zera aurpegiratu zion: «Zer gutxi kostatu zaizun jaka hori!». Eta besteak erantzun: «Zihoan toki horretan ez zuen beharko». Felix Leon Fernandez deitzen zen, eta el Siete (Zazpia) goitizenez ezaguna zen Corellan. Arellanok Nafarroako beste hiltzaile krudel batzuk gogoratu ditu jarraian: Benito Barcelona, Luis Atienza Gordillo, Pedro Diez Berbintzanako Txato...