Erorien Monumentua «sakon» eraldatzeko prozesuari ekin dio Iruñeko Udalak

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurkeztutako adierazpenaren eztabaidan, UPNko Maria Caballerok adierazi du iruindarrak orain arte «normal» bizi izan direla eraikin horrekin.

Iruñea
Iruñeko udalbatza. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
2025eko otsailaren 6a
20:04
Entzun

«Gaur da lehen eguna azken laurogei urteetan ezagutu dugun Erorien Monumentu hori desagerrarazteko». EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik adierazpen publiko bat onartu dute frankismoaren omenezko eraikin hori sakon eraldatzeko asmoz. Eztabaidan, Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko bigarren alkateorde eta EH Bilduko kideak iragarri du «berehala» abiatuko dituztela lehen urratsak. «Ohartarazi nahi dugu ez dugula eraitsiko, baina eraikina eta ingurunea sakon eraldatuko ditugu, eta ideologikoki erabat eraitsiko dugu».

Onartutako adierazpenaren bidez, azaroaren 20an hitzartutako akordioa gauzatzeko konpromisoa berretsi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. UPNk, PPk eta Zurekin Nafarroak kontra bozkatu dute. Hain zuzen ere, Txema Mauleon udal gobernuko zinegotziak «hutsegite historikotzat» jo du hartutako bidea.

«Ohartarazi nahi dugu ez dugula eraitsiko, baina eraikina eta ingurunea sakon eraldatuko ditugu, eta ideologikoki erabat eraitsiko dugu»

JOXE ABAURREA Iruñeko alkateorde bigarrena

PPko Carlos Garcia Adanerok Mauleoni galdetu dio ea noraino eramango duen jarrera hori. «Merezi du hor geratzea? Hurrengo aurrekontuak onartuko dituzue, jakinda proiektu hori aurrera eramateko diru sailak dituela eta gai hau hain funtsezkoa dela zuentzat?». 

Bizi-bizi dago eztabaida Iruñean, eta horren isla izan da osoko bilkura. Hitza hartu duenean, Abaurreak azpimarratu du sakoneko eztabaida ez dela eraitsi edo eraldatu  erabakitzea. «Eztabaida da ea modu sakonean eraldatuko dugun edo dagoen bezala utziko dugun», aipatu du. Haren esanetan, «erantzukizunez» jokatu dute urte luzez blokeatuta egon den auzi bati irtenbidea aurkitzeko, eta aurrerantzean adostasuna zabaltzeko itxaropena agertu du.

Eraistea, «ezinezkoa»

Abaurrearen arabera, legez «ezinezkoa» da eraisteari ekitea. Gogora ekarri duenez, administrazio auzietako epaitegiak eraikin neutro gisa definitu zuen monumentua 2008an, eta «2022ko Memoria Demokratikoaren legeak ez du exijitzen eraistea». Gainera, gaur egungo Iruñeko eraikinen katalogoan babesturik dago, eta «ezin daiteke ukitu» araudi hori bera aldatu gabe. «Ez diot nik, udaleko zerbitzu juridikoen txosten batek baizik, eta hura betetzea dagokigu».

Haren esanetan, behin adierazpena onartuta hurrengo erabakiak berehala hartuko dituzte. Lehenik, aditu batzorde bat osatuko da, berme juridikoak, aldaketa arkitektonikoak eta akordioaren edukia aztertzeko. Horrekin batera, eraikina babestutzat jotzen duen katalogoaren araudia aldatuko da. Abaurreak aurreratu du hurrengo osoko bilkuran «ziurrenik» hizpide izango dutela eraikinaren babes maila aldatzeko proposamena. Proiektuen lehiaketari dagokionez, azaldu du aintzat hartuko dela 2015etik 2019rako legealdian egindako ideien lehiaketa. 

Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiaren arabera, garrantzitsua da prozesuaren lema Iruñeko Udalak izatea, «hura baita jabea». Gaineratu du Geroa Bairentzat garrantzitsua dela eraikinaren kupulan «esku hartzea» eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzea. 

«Nahi bada, egiten ahal da. Eskatzen dizuet gehiengo sozialari entzuteko eta eraikina eraisteko»

TXEMA MAULEON Zurekin Nafarroako hautetsia

PSNko Marina Curielek «funtsezkotzat» jo du emandako pausoa, «bere zama sinboliko guztiagatik hainbesteko negatibotasuna duen eraikin hori» eraldatuko delako.

Mauleonen arabera, ordea, eraldatze prozesua «xahutze ekonomiko handia» izango da, ideien lehiaketan bederatzi eta hamahiru milioi euro arteko proiektuak aurkeztu baitziren. «Nahi bada, egiten ahal da, eta eskatzen dizuet gehiengo sozialari entzuteko eta eraikina eraisteko». 

UPNren ikuspegia

Polemika UPNk eragin du. Maria Caballerok ez du beharrezkotzat jo eraikinean aldaketarik egitea. Haren ustez, urte luzez iruindarrak «normal» bizi izan dira ingurune horretan. «Herritarrek ez dute kontu hau arazo eta drama gisa bizi». Haren irudiko, eraikinari eutsi egin behar zaio. «Bestelako sentimenduak dituztenak errespetatuz diot: eraikinak balio artistiko eta arkitektonikoa du. Ez dugu monumenturik sobran». 

Abaurreak erantzun dio UPNn oraindik «frankismoaren aztarnak» nabari direla, eta gogora ekarri du Joseba Asironen agintaldira arte Emilo Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak hobiratuta zeudela monumentu horretan, eta UPNk auzitegietan borrokatu zuela plazari Rodeznoko kondearen izena kentzea. «Erantzukizunak hartu behar zenituzkete», aipatu dio. 

«Bestelako sentimenduak dituztenak errespetatuz diot: eraikinak balio artistiko eta arkitektonikoa du. Hirian ez dugu monumenturik sobran». 

MARIA CABALLERO UPNko hautetsia

Bilkura amaitzean, 18:30ean, kanpoan elkartu da eraispenaren aldeko plataformak deitutako makina bat herritar. Erorien Monumentua eraisteko eskatu dute berriz. Plataformako eledunen ustez, hiru alderdiek «harropuzkeriaz» erantzun diote egindako eskaerari. 

Memoriaren aldeko elkarteek Erorien eraispena eskatu dute
Memoriaren aldeko elkarteek Erorien eraispena eskatu dute. IÑIGO URIZ / FOKU

Legea aldatzeko eskaera aurkeztu dute hiru taldeek

Udaletik at, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik frankismoaren biktimen 2013ko legea aldatzeko proposamena erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan. Konpromiso hori azaroaren 20ko akordioan hitzartu zuten. 

 

Proposamenak xedapen bat gehitzen dio legeari, modua egon dadin «Erorien Monumentuko sinbologia faxistari lotutako elementuak eraisteko eta eraikinean faxismoa salatzeko eta memoria demokratikoa lantzeko interpretazio zentroa sortzeko». Urgentziaz tramitatuko da, irakurketa bakarreko bozketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.