Erorien Monumentua botatzeko aldarria kalera eraman dute Iruñean

Manifestazio jendetsu batean, ehunka herritarrek EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi eskatu diete «okerra» zuzendu dezatela eta Erorien Monumentua eraldatzeko akordioa «eraisteko akordio» bihur dezatela.

(ID_14594052) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-01-18, Iruñea. Erorien Eraispenaren aldeko Elkarte Memorialisten Plataformak deitutako...
Manifestazioaren hasiera. Buruan, langilez jantzitako manifestariak eta kartel nagusia. Atzean, Erorien Monumentua bera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko urtarrilaren 18a
20:00
Entzun

Ehunka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Iruñeko Askatasunaren plazan, Euskal Herrian frankismoari gorazarre egiten dion eraikinik handienaren aurrean. Bertatik hasi da manifestazioa, eta Erorien Monumentua eraisteko eskatu diete EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi. Hiru alderdiek azaroaren 20an eraikin hori sakon eraldatzeko akordio politikoa iragarri zuten, eta, manifestazioaren deitzaileen arabera, hori «lotsagarria» da. Euren akordioan atzera egin eta monumentua eraisteko eskatu diete berriz.

Manifestazioa hasi aurretik, plataformako eledunek adierazpenak egin dizkiete kazetariei. Hasteko, gogora ekarri dute euren plataforman memoria historikoko 33 elkarte biltzen direla jada —duela gutxi, 31 ziren—. Yolanda Anso plataformako eledunak eraikina eraldatzeko akordioa sinatu duten hiru alderdiei eskatu die «eraispenaren akordio» bihur dezatela. Aurten Francisco Franco diktadorea hil zeneko 50. urteurrena izango da, eta efemeride hori oroitzeko herritarrentzako «oparirik hoberena» dela uste dute.

Ordubete inguru iraun du manifestazioak, eta orotara 3.000 lagun inguruk parte hartu dute. 18:00ak pasatuta ekin diote protestari. Lehenik, eraikuntzako langileen tankerako kaskoak buru gainean, txalekoak soinean eta mailutzarrak eskuan zituzten batzuek zuzendu dute manifestazioa. Atzetik, 3.700 erailak eta Eraitsi orain zioten bi karteli heldu diete antolatzaileek, eta, atzerago, frankismoak errepresaliatutako 139 emakume ordezkatzen zituzten beste hainbat andre zihoazen. Horien artean, Maravillas Lamberto Larragan frankistek bortxatu eta eraildako neskaren irudia zegoen —printzipioz, hiru alderdien akordioaren arabera, izen hori hartu behar du eraldatutako eraikinak, baina orain ezbaian dago hori—.  

Manifestazioa, Carlos III. etorbidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Manifestazioa, Karlos III.aren etorbidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Manifestazioak Karlos III.aren etorbidea zeharkatu du. Hainbat oihu entzun dira: «Eraitsi orain»; «dinamita monumentuarentzat»; «ikusmenetik at sinbolo frankista». Hiriburuko erdigunea zeharkatzen duen ertz batean dago eraikin frankista, eta beste aldean, hiriko ikur nagusia: Gazteluko plaza. Han amaitu da manifestazioa. Bertan, hainbat artistak parte hartu dute. Lehenik Julia Itoiz La Chula Potra eta Ritxarson abeslariek rap abesti bat kantatu dute elkarrekin.

Gero, Ilargorri taldeak beste kanta bat abestu du, eta, jarraian, eraildako 80 emakumeen izenak ahoskatu dituzte banan-banan. Bengala gorri batek argiztaturik, beltzez eta gorriz jantzitako emakume taldea jaitsi da kioskoaren alde banatan zeuden eskaileretan behera. Azken izena Maravillas Lamberto izan da, eta gogoan hartu dute haren ahizpa Josefina Lambertok hil aurretik eskatutakoa: «Bota dezatela». Amaieran, Enrique Villarrealek bi kanta abestu ditu, eta Fermin Balentziak bere kanta ezagunetako bat: Maravillas.

(ID_14594197) ESPAÑA MEMORIA HISTÓRICA
Gazteluko plazan, Erorien Monumentuaren eraispena irudikatu dute. VILLAR LOPEZ / EFE

Aurretik, Erorien Monumentua irudikatzen zuen mural bat jarri dute kioskoaren aurrealdean, eta, mailuka eta kolpeka, langilez mozorroturiko manifestariek bota egin dute. Parte hartzaileek txaloka hartu dute antzezpena.

Euren diskurtsoan, plataformako ordezkariek gogora ekarri dute 36ko gerra jasan zuten senideen «amets» bat zela frankismoaren gorazarrerako eraikin hori kentzea. «Gerra irabazi zutenak goraipatu eta biktimak laidotzen» dituela deritzote. Hala, EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi eskatu diete «oker hori zuzendu» dezatela, eta bat egin dezatela «monumentu hori botatzearen aldeko herri aldarriarekin». «Ez dakigu zer-nolako interesa ezkutatzen den horren atzean, baina argi dugu Madrilgo Kongresuan eta Nafarroako Parlamentuan onartutako memoria demokratiko eta historikoaren lege biei aurre egiten diela akordioak. Lege horien aurrean intsumiso deklaratu dira alderdiak», kritikatu du Koldo Amatria eraispenaren aldeko plataformako eledunak.

Eztabaida juridikoa udalarekin

Eraispenaren aldeko plataformak urriaren hasieran Iruñeko Udalari eskatu zion eraikina eraitsi zezala. Argudiatzen dute 2022an onartutako Memoria Demokratikoaren Legearen 35. eta 37. artikuluek ikur frankistak eraistera behartzen dutela, eta agindu bera ematen duela 2013ko Memoria Historikoaren Foru Legeak. 

Alta, udalak atzera bota zuen eskaera. Ebazpenean, udalaren zerbitzu juridikoek ondorioztatzen dute Memoria Demokratikoaren Legea ez dela oinarrizko legedia eta Nafarroa ez dagoela behartuta hura betetzera. Auzitan jarri dute, gainera, eraistera behartzen ote duen legeak, eta gogoratu dute egungo hirigintza araudiak babestu egiten duela eraikina. Hala, zerbitzu juridikoen arabera, edozein aldaketa egiteko, araudia aldatu egin beharko litzateke gehiengoz.

Plataformak helegitea jarri dio ebazpen horri. Plataformak aldarrikatu du legea oinarrizko legedia dela eta behartuta dagoela betetzera. Gaineratu dute ustez babestutako araudia ez dagoela indarrean, 2003an ez zelako osorik kaleratu Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hortaz, plataformak uste du eraikina eraitsi dezakeela udalak, eta ez dagoela derrigortuta bere araudia aldatzera.

Eskuineko Plataforma batek eraikina babestu nahi du

Erorien Monumentua botatzeko aldarria kalera atera den bitartean, eskuineko plataforma batek hura babestu nahi du berriki. Gazteleraz, honako lelo hau hartu dute: Nafarrak guztiok, historia osoa. Eraikina kultur intereseko ondare izendatu nahi dute, eta helburu horrekin prozesu bati ekin diote herri ekinaldi legegile baten bidez monumentua «ondasun historiko-artistiko» gisa babestu dadin. Egun Iruñean den eztabaidaren inguruko «kezka» azaldu dute, «historiaren gezurrezko ikuspegia» nagusitzen ari delakoan. «Fedea eta erlijioa babestu zuten arbasoen omenezko tokia» dela diote, eta ez diote zentzurik ikusten «orain gorrotoa pizteari».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.