Astebete igaro da Erorien Monumentuaren auzian PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik Memoria Historikoaren legea aldatu zutela. Elkarte memorialistek gogor kritikatu dute aldaketa, eta hiru alderdiei leporatu diete frankismoaren gorazarrerako eraikina «babestea». «Eraispena eragoztea izan da legea aldatzeko helburu bakarra», adierazi dute, eta gaineratu: «Gaztela eta Leonen [Espainia] PPk eta Voxek egin bezala jokatu dute. Italiar faxista hilen omenez altxatutako piramidea babestu dute PPk eta Voxek».
Iruñean prentsaurrekoa egin dute aldaketaren inguruko euren ikuspegia azaltzeko. Kritikatu dute legea «eztabaidarik gabe eta elkarte memorialisten eta biktimen parte hartzerik gabe» aldatu izana. Frankismoko biktimen erreparaziorako legea Erorien Monumentua babesteko lege bihurtu nahi izatea leporatu diete. «Biktimak erreparatu nahi dira borreroen gorazarrerako monumentu bat babestuz? Ba al da irain handiagorik?».
Ikusi gehiago
2013ko Memoria Historikoaren Legeari xedapen bat gehitu zaio. Xedapenak dio Erorien Monumentuak «oraindik propaganda totalitarioa islatzen eta erregimen frankista goratzen» duela. Agintzen du soilik erabil daitekeela diktadurako giza eskubideen urraketa larrien zergatiak azaltzeko, eta faxismo forma berriez ohartarazteko. Halaber, agintzen du oraindik zutik diren ikur frankistak kentzeko eta kupulako margolanak estaltzeko.
Elkarte memorialistek gogoratu dute memoria demokratikoaren arloan egin diren urratsak biktimen, elkarteen eta gizartearen ekinaldiak bultzatuta egin direla. «Herritarrek bultzatu zuten Nafarroako Parlamentuak 2003an adierazpen bat egitea, 2013an legea onartzea eta 2016an ikur frankisten zerrenda bat egitea».
Hiru alderdiei kritika
Azpimarratu dute lege guztiek agintzen dutela ikur frankistak kentzeko: «Lege bakar batek ere ez du esaten ikur frankistei eutsi egin behar zaiela arrazoi pedagogikoengatik eta monumentua kontserbatzeko». Euren ustez, hauteskunde arrazoiek bultzatu dituzte hiru alderdiak eraikina eraldatzeko bidea hartzera «eta ez biktimen interesen alde aritzera». PSNk «historikoki» alboratu egin dituela salatu dute. «Orain, EH Bilduk eta Geroa Baik bat egin dute haiekin».
Behin aldaketa onartuta, elkarte memorialistek uste dute frankismoak giza eskubideak nola urratu zituen azaltzeko gune bihur daitekeela eraikina, baina bestelako interpretazioa egiteko aukera ere eman dezakeela: «Zabaldu egin daiteke, eta UPNk eta PPk dioten moduan, bi bandoen urraketak salatu daitezke bertan. Frankismoa zurituko litzateke horrela, eta frankismoko biktimak berriro biktimizatu», gaitzetsi dute.
Alderdi horietako militanteei dei egin diete, eta aipatu dute aurrera jarraituko dutela, «legearen eta herritarren kontzientziazioaren bidetik».