Erne (eguneko laburpena)

PCR proben bidez 13 kasu berri atzeman dituzte (atzo baino lau gutxiago), zortzi Bizkaian eta bost Nafarroan. Lau hildako izan dira azken orduetan (hiru EAEn, eta bat Nafarroan).

Basurtuko Ospitaleko Iturrizar pabiloia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 12a
19:02
Entzun

Txagorritxu eta Basurtuko ospitaleetako agerraldiek nolabaiteko tentsioa ekarri dute koronabirusaren izurriaren jarraipenaren inguruan. Basurtuko ospitaleko Revilla pabiloiko kasuen ondoren, positibo bat agertu da ginekologiara eta amatasunera bideratutako Iturrizar pabilioian, eta erditze gelak itxi behar izan dituzte. Emakume haurdun baten kasua da, duela bost ospitaleratu zenean PCR proban negatibo eman zuena, baina bigarren test batean positibo eman duena. Osakidetzaren ustez, kasu honek ez luke zerikusirik Revilla pabiliokoekin, kasu isolotua izango litzateke. Baina erne egon beharra dago. 

Revilla pabilioko agerraldiaren harira, PCR probak egiten jarraitu dute azken orduetan eta hiru positibo berri atzeman dituzte (paziente bat, profesional bat eta bisitari bat). Guztira, 1.109 proba egin dituzte eta 32 positibo agertu dira. Gasteizko Txagorritxuko Ospitalean proba gehiago egin dituzte, baina ez da agertu positibo berririk. Guztira, 134 PCR proba egin dira eta zazpi kasu agertu dira.

Donostiako Jesuiten ikastetxean alarma piztu da ikasle batek koronabirusaren sintomak izan dituelako, baina PCR proba egin diote eta negatiboa eman du. Hala ere, klase prresentzialak bertean behera utzi dituzte. 

Gaurko datuen arabera, gutxitu egin da PCR proben bidez positibo emandakoen kopurua. 13 kasu berri atzeman dituzte (atzo baino lau gutxiago), zortzi Bizkaian eta bost Nafarroan. Positiboen gutxitzearekin batera, EAEko oinarrizko birsortze tasa ere gutxitu da, baina batetik gora jarraitzen du: R0 = 1,67. Bestalde, lau hildako izan dira azken orduetan (hiru EAEn, eta bat Nafarroan). Guztira, gaur arte 2.116 hildako izan dira Euskal Herrian, koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Ospitaleetako egoerari dagokionez, lau ospitaleratzen berri izan dira (denak EAEn), eta pertsona bat gutxiago dago zaintza intentsiboetarako unitateetan (24). Guztira, 231 pertsona daude ospitaleratuta. Gorabeherekin, ospitaleratuen kopurua oso erritmo geldoan gutxitzen ari da.

Agian honek ere merezi du

Funtsezko jarduera. Kazetaritzaren funtsezko jardueraren izaera indartu egin da COVID-19ak eragindako osasun krisian. Informazioaren beharra areagotu egin da eta hedabideen eginkizuna oso garrantzitsuena izan da. Halaxe erakusten dute audientzia datuek. BERRIAren webgunearen kasuan, inoizko audientziarik izan du azken hilabeteotan. Iazko datuekin alderatuta, bisitak bikoiztu egin dira martxoan eta apirilean. Audientzia gorakada handi horren atzean kazetaritza dago, krisi garai batean kalitatezko informazioa eskaintzeko ahalegina. Hilabeteotako audientzia datuak irakurleen esku jarri ditu BERRIAk. 

Aztarnarien garaia. Birusaren atzetik aritzea funtsezkoa bihurtu da izurritea mendean hartzeko. Horretan ari dira aztarnariak. Kutsatuen arrastoa jarraitzea da aztarnarien lana. Positibo bat azaltzen denean, harekin harreman estua izan dutenak identifikatu behar dira, eta haien arrastoa jarraitu.  Osakidetzan eta Osasunbidean, eginkizun hori nola ari den betetzen jaso du Jakes Goikoetxea kazetariak, Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzaren deskofinamendu faserako zaintza eta kontrol planaren koordinatzailearen eta Oscar Lezea Nafarroako aztarnarien taldeko koordinatzaileetako baten eskutik. 

Oharra: Koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.