«Herrialde irekienen eta progresistenen parte izanen gara». Ernalketa lagundua emazte guziei zabaltzea urrats garrantzitsua da, Beñat Gachen Les Bascos elkarteko lehendakariarentzat. Horregatik, erne erreparatuko diote ostegunetik aitzina Frantziako Asanblea Nazionalean aztertuko duten biotekari buruzko lege proiektuari: zenbait puntu zehaztea nahi dute, eta espero dute ez dela kontrakoen mobilizazio handirik sortuko, 2012an sexu berekoen ezkontzak onartu zituztenean gertatu gisan.
Orain arte, antzutasun arazoak zituzten bikote heterosexualek soilik zuten ernalketa lagundurako aukera Frantzian. Gainerako emazteek ahal bezala egiten zuten: lagun edo ezagun bati laguntza eskatuta, ezezagun bati Interneten gametoak erosita, atzerriko klinika pribatu batera joanez...
Emmanuel Macron Frantziako presidentea iazko udazkenean engaiatu zen ernalketa lagundua emazte guziei zabaltzera 2019 bukaerarako. LGBT elkarteek eta mugimendu feministak lege berezitu bat nahi zuten, baina bioetikari buruzko lege proiektuan sartu dute azkenean. Uztailaren 24an aurkeztu zuten Frantziako Kontseiluan. Lehen lau artikuluetan aipatzen dute emazte guziei zabaltzea medikuntza bidezko haur sortzearen eskubidea; gameto ematearen eta kontserbazioaren baldintzak finkatzen ditu; helburutzat hartzen du medikuntza bidez sortutako haurren eskubideen aitortza; eta, emazte bikoteen kasuan, medikuntza bidez sortutako haurren gurasotasuna onartzeko bidea irekitzen du.
Les Bascos eta Planning Familial elkarteek aitzinamendutzat jo dute proiektua; hala ere, zenbait puntuk kezka sortu diete. Gurasotasunari dagokionez, emazte bikoteen kasuan, aitzinetikako borondate adierazpen bat izenpetzea eskatzen du lege proiektuak, haurra izanen duen emaztearen bikotekidea ere guraso gisa aitortua izan dadin. Adierazpen hori baldintza gisa ezartzekotan, ernalketa lagundua erabiltzen duten emazte guzientzat ezartzea nahi dute bi taldeek, bikotekidearen sexua kontuan hartu gabe.
Bestalde, lege proiektuak eskubidea ematen dio haurrari 18 urte betetzean gameto emaileari buruzko informazioa lortzeko. Horren ondorioz, orain arteko gameto bilketak deuseztatzea aurreikusi du lege proiektuak. Les Bascos eta Planning Familial haurra gameto emaileari buruz informatzearen alde dira, baina beharrezkotzat jo dute baldintzak zehaztea. Halaber, orain arte emandako gametoak deuseztearen kontra agertu dira, «galtze» handia litzatekeela ebatzita. Emaileak galdekatzea proposatu dute, haien nahia zein den jakiteko, eta emaileak biderkatzeko sustapen kanpainak egitera deitu dute.
Azkenik, medikuntza bidezko haur sortzea erabili nahi dutenei ebaluazio psikologikoa egitearen kontra agertu dira.
Ahalak dituen ospitalea
Bi elkarteen hitzetan, legea ez da «osoa». Gachenek salatu du haurrak ernaltzeko aukera atxiki duten gizon transexualen kasua «erabat baztertuta» geratu dela. Bestalde, heriotzaren ondorengo ernalketa lagundua ere ez dute aipatzen. «Gaur egun, emaile bat hiltzen bada, haren gametoak erabil daitezke. Haatik, bikote batean gameto emailea hiltzen bada, emazteak ez ditu gameto horiek erabiltzen ahal».
Azkenik, zerbitzu publikoa indartzeko beharraz abisatu dute: «Gaur egun, Espainiako Estatuko klinika pribatuetara joaten dira medikuntza bidez haurra izan nahi duten emazteak. Sekulako negozioa dute. Uste dugu publikoak bermatu beharko lukeen eskubidea dela. Gaur egun, zinezko arazoa bada ospitale publikoarekin: ahal gehiago behar dira», azaldu du Nadine Leonard Les Bascos elkarteko kideak.
Ernalketa lagundua zabaltzea erne zainduko du Les Bascos elkarteak
Ostegunean aztertuko dute Frantziako Asanblean, bioetikari buruzko lege proiektuaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu