Ernairi jarritako isunak indargabetu edo murriztu egin dituzte auzitegiek

Ertzaintzak 300.000 euroren isunak jarri zizkien 133 gazteri 'mozal legea' aplikatuta. Banan-banan helegiteak jartzen ari da gazte erakundea. Lehen ebazpenetan, indargabetu edo apaldu egin dituzte isunak.

Ernairen agerraldi bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ernairen agerraldi bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 18a
15:50
Entzun

Ertzaintzak 133 gazteren kontra jarritako isunen helegiteen lehen ebazpenak hasi dira iristen. Gasteizko Auzitegiko 4. aretoak isunak bertan behera uztea ebatzi du, eta Bizkaikoak, 2.500 eurotik 1.800era murriztea, «gehiegikeria» egon zela argudiatuta. Ernaik salatu zuenez, guztira ia 300.000 euroren isunak jarri nahi zizkieten gazteei, mozal legea baliatuta.

Honek guztiak iazko irailaren 22ko Ernairen bi ekinbide dituzte oinarrian. Egun hartan, Ernaiko kideek bidea moztu zuten Espainiako Gobernuko ordezkaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean eta Ertzaintzaren Gasteizko polizia etxearenean, Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko. Orduan, Ertzaintzak 133 lagun identifikatu zituen, eta Segurtasun Sailak denei ezarri zizkien isunak; 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak. Ernairen arabera, diru kopuru horiek ohikoak baino handiagoak ziren.

Hargatik, isun haiei banan-banan helegiteak jartzea erabaki zuen gazte mugimenduak, «Segurtasun Sailaren desproportzionaltasuna eta partzialtasuna» salatzearekin batera. Gasteizen aurkeztu zituzten lehen helegiteen ebazpenak dira gaur jasotakoak, eta isun horiek bertan behera uztea ebatzi du 4. salak.

Bizkaian ere jarri zituzten helegiteak, eta hango auzitegiak erabaki du 2.500 euroko isunak 1.800 eurora apaltzea, aurreko kopurua gehiegizkoa zela ebatzita.

«Baikor»

Ernairentzat, positiboak dira auzitegietatik iritsi diren lehen berri hauek, baieztatzen baita «Ernairen kontrako operazio bat martxan dagoela» ebazpenetan adierazi ostean isun haietan gehiegikeria eta desproportzionaltasuna egon zela.

Isunen berri izan zutenetik kanpaina zabala egin du gazte mugimenduak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren jokabidea salatzeko batetik, eta isun haien bidegabekeria salatzeko bestetik. Eragile askoren babesa jaso dute, irailean Donostian egin zuten manifestazioan ikusi zenez.

Bertan salatu zutenez, isun haien helburua zen gazte erakundea «ekonomikoki itotzea eta politikoki deuseztatzea». Gazte mugimenduak esan zuen jarraituko zuela «kalea hartzen», eta lanean segituko zutela independentziaren alde ahalik eta gazte gehien batzeko.

Gazte topaketak Berriozarren

Horretarako plaza eskaini nahi du, hain zuzen, apirilean, Berriozarren (Nafarroa) egingo dituzten topaketetan. Gazteon eskutik independentziara lelopean egingo dute, apirilaren 17tik 20ra.

Haien iritziz, mundu mailako erronkei erreparatuz gero, Euskal Herria garai erabakigarrian dago «jauzi berri bat egiteko», eta uste dute jauzi horrek independentziarantz izan behar duela. «Bi prozesu hauek lotuta daude. Euskal Herrian, maila globaleko erronkei aurre egiteko eta bidegurutze historiko honetan posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra independentzia baita».

Ernaik azaldu du independentziaren aldeko gogo hori are eta nabarmenago sumatu dutela horren inguruan egiten ari diren hainbat ekinbidetan. Aipatu dituzte, esaterako, Donostiako iraileko manifestazioa, urriaren 12an Nafarroako gazteek egindako mobilizazioak eta herrietako beste hamaika ekinaldi. Datorren urteko topaketak independentziarako bide horretan jauzi bat egiteko gunea izatea nahi dute.

Gogoetez gain, egitarau oparoa prestatu dute aisialdirako ere. Haien berri aurrerago luze eta zabal emango badute ere, honako hauen parte hartzea baieztatu dute: Skabidean, Sukena, Olatz Salvador, Zilibito records, Naxker, Nogen eta Toc. Horretaz gain, feminismoari buruz, larrialdi linguistikoari buruz eta espetxeetako egoerei buruzko tailerrak ere izango dira Berriozarren.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.