Ernairen kontrako isunak «zuzenbidearen aurkakoak» direla salatu du gazteen defentsak

Ernaiko 133 kideri jarritako zigorren aurkako helegiteei lotuta, lehen bi epaiketa egin dituzte Gasteizko epaitegietan. Defentsak eskatu du zigorrak bertan behera uzteko.

Maddie Bilbao Aretxaga abokatua, gaur, Gasteizko epaitegien aurrean komunikabideei azalpenak ematen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Maddie Bilbao Aretxaga abokatua, gaur, Gasteizko epaitegien aurrean komunikabideei azalpenak ematen. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko azaroaren 28a
18:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kideri jarritako 2.500 eurorainoko isunen aurka defentsak jarritako helegiteak aztertzen hasi dira gaur. Errekurtso horiei lotutako bi gazteen aurkako epaiketak egin dituzte Gasteizko epaitegian; goizean eta arratsaldean izan dira saioak, eta horietan gazteen defentsak adierazi du Segurtasun Sailak jarritako isunak «neurriz kanpokoak» izan direla, eta «zuzenbidearen aurkakoak» direla.

Iazko irailaren 22an Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxeratzearen aurka Gasteizen eta Bilbon egin ziren protestetan, Ertzaintzak hiru lagun atxilotu eta ehun baino gehiago identifikatu zituen, eta, gertaera haiengatik, Segurtasun Sailak zigorrak eskatu zituen. Aurtengo maiatzean heldu zitzaizkien identifikatutako 133 gazteri 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak. Orotara, 298.000 euro.

Maddie Bilbao Aretxaga abokatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mozal legearen «interpretazio oso zigortzailea» egin du, eta modu «arbitrarioan» jokatu zuen isunak jartzeko. Helegiteen bitartez frogatu nahi dute irailean protestak egin zituztenean bazutela mobilizatzeko eskubidea, eta, oinarrizko eskubide bat denez, ez dela zigortzekoa. Bilbaok salatu du Eusko Jaurlaritzaren erantzuna, ordea, «neurrigabea» izan zela. Gainera, ohartarazi du ez duela oraindik arrazoi sendoekin argudiatu zer dela-eta ezarri dizkieten gazteei isun ekonomiko hain handiak.

Defentsa abokatuak azpimarratu du epaitegiak direla eskubideen bermatzaile, eta haiek direla administrazioari «mugak» jarri behar dizkion organoa. Hala, gaurko saioan epaileari eskatu diote «kontrol» neurriak ezar diezazkiola administrazioari eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta ezarritako zigorrak erretira ditzan. Halaber, prozesuko kostuak ordaindu eta gazteei eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzea galdegin du defentsak.

Lekukoei esker, tesia bertan behera

Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aburuz, berriz, frogatutzat geratu da iazko gertakarietan desordena publiko larriak izan zirela, eta gazteek Bilbon eta Gasteizen egindako eserialdiek eragin zuzena izan zutela trafikoan, errepideak moztu zituztelako, eta pertsonen segurtasuna «arrisku larrian» jarri zutela. Defentsaren aburuz, ordea, ez zen halakorik gertatu; are, abokatuak salatu du Jaurlaritzak ez duela hori frogatzerik izan ez prozedura administratiboan, ez gaurko epaiketan, eta defentsaren eskariz lekuko gisa deklaratu duten hainbat lagunek tesi hori bertan behera utzi dutela.

Gaurko epaiketaren ebazpena bi hilabete barru egotea espero du defentsak. Bide judiziala luzea izango da oraindik, helegite guztiak aztertu behar dituztelako, baina gazteen defentsak uste du gaurko epaiketetan emango duten ebazpenak eragina izango duela gainerako ehunka prozeduretan.

Bestalde, epaiketa amaitzerakoan Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak salatu du Segurtasun Sailak ezker independentistaren eta gazte independentisten aurkako jarrera sistematikoa duela. «Prozeduraren helburu bakarra Ernai eta gazteria independentista isilaraztea da, baina ez dute lortuko», ohartarazi du. Gaineratu du ez dutela atzera urratsik egingo, eta bide judizial hau «beste borrokabide» gisa hartzen dutela Ernaiko gazteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.