Ernaiko zazpi kide inputatu dituzte Lopez Peñaren aldeko omenaldiagatik

Bai omenaldietan eta bai euren webgunean terrorismoa goratzea egotzi die Espainiako Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok Ernai gazte erakundeko zazpi kide inputatu ditu, Xabier Lopez Peña Thierry-ren omenaldietan terrorismoa goratu zutela egotzita. Galdakaon, Urduñan eta Basaurin egindako omenaldiei buruz ari da epailea, eta Ernairen webgunean Lopez Peñaren alde egindako aldarria ere aipatu du —webgunea apirilean bertan itxi zuten, epailearen aginduz—.

Berri agentzien arabera, Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Jon Button —lehen ere inputatu zuen epaileak webgunearen arduradun gisa— Ernaiko zuzendaritzako kide gisa deitu dituzte deklaratzera, eta Pedro Mari Solabarria horien laguntzaile gisara. Irailaren 19an deklaratu beharko dute guztiek Auzitegi Nazionalean, inputatu gisa.

Xabier Lopez Peña euskal presoa martxoaren 30ean hil zen, burmuinean izandako odol isuri baten ondorioz, Parisko espetxe batean. Haren gorpua Euskal Herrira iritsi zenean, harrera egin zitzaion eguerdian aireportuan, eta familiartekoen omenaldia iluntzean Galdakaon, jaioterrian. Velasco epailea Galdakaoko, Urduñako eta Basauriko omenaldiak ari da ikertzen, eta berak hartu du kasua, eta ez Ismael Morenok, Velascok hartu zuelako webgunea ixteko erabakia ere. Epailea ikertzen ari da gazte horiek, Lopez Peñaren omenaldietan ez ezik, Angel Figeroaren omenaldietan ere parte hartu eta terrorismoa goratu ote zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.