Ernaiko kideek ez dute jaso epailearen jakinarazpen ofizialik

Inputatu dituztela zabaldu bada ere, ez dakite zergatik deitu dituzten «berriz» deklaratzera

Erredakzioa
Donostia
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ernaiko kideek ez dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren jakinarazpen ofizialik jaso, eta ez dakite haiek deklaratzera deituak izateko arrazoiak zeintzuk diren. Hala jakinarazi zuen atzo gazte erakundeak bere webgunean argitaratutako ohar batean. Berri agentziek herenegun zabaldutako informazioen arabera, Eloy Velasco instrukzio epaileak deklaratzera deitu ditu Ernaiko sei kide eta Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa, «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta.

Xabier Lopez Peña Thierry martxoan hildako ETAko kidea «omentzea» eta «terrorismoa goratzea» leporatu omen die epaileak Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Jon Buttoni. Berri agentziek zabaldutakoaren arabera, irailaren 19an deklaratu beharko dute guztiek Auzitegi Nazionalean, inputatu gisa. Haiez gain, eta egun berean, Periko Solabarrietak ere deklaratu beharko du, betiere iturri horien arabera.

Atzo zabaldutako mezuan, Ernaik gogoratu du jadanik gazte erakundeko lau kidek —Elizburuk, Buttonek, Mikel Morenok eta Sienrak— deklaratu zutela auzi beragatik uztailaren hasieran. Gerora, abuztuan jakin zuten Etxeberriak, Andak eta Mugertzak ere deklaratu beharko zutela auzi beragatik, eta horiek ere jadanik deklaratu dutela edo datozen egunetan deklaratuko dute Euskal Herriko epaitegietan.

Prozesua «trabatu»

Ernaik adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren asmoa da gatazkaren konponbidearen alde egin daitekeen edozein mugimendu «trabatzea». Horri aurre egin eta lan politikoarekin eta indarrak biltzen jarraitzeko» dei egin du gazte erakundeak.

Sortuk ere salatu egin ditu Ernaiko kideen eta Solabarriaren aurkako zitazioak; uste du «prozesua apurtzeko» helburu argia dutela: «Madrilgo gobernua zelai politikoa lokazten ari da etengabe, konfrontazio giroa sortu nahian». Baina nabarmendu du jarrera horrek ez duela bake prozesua zapuztuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.