«Lehen urrats positiboa». Baikor agertu dira gaur Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea eta Maddi Bilbao abokatua, Eusko Jaurlaritzaren kontra aurkeztutako helegiteen lehen bi ebazpenak argitaratu eta biharamunean. Ertzaintzak 133 gazteri isunak ezarri zizkien, eta horien kontrako helegiteak aurkeztu ditu gazte antolakundeak. Gasteizko Auzitegiko 4. aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, «gehiegikeria» egon zela argudiatuta. «Gutxienez kasu horietan, argi geratu da Segurtasun Sailak zuzenbidearen kontrakoak diren ebazpenak igorri dituela», azpimarratu du Bilbaok.
Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko, Ernaik bi ekinbide egin zituen iazko irailaren 22an. Bilbon, eserialdia egin zuten Espainiako Gobernuaren egoitzaren aurrean, eta trafikoa eten zuten lau orduz. Gasteizen, berriz, Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoaren atarian mobilizatu ziren. Ertzaintzak 133 lagun identifikatu zituen denera, eta Segurtasun Sailak 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ezarri zizkien denei. Ernaik salatu zuenez, guztira ia 300.000 euroren isunak jarri zizkieten, mozal legea baliatuta.
Ernaik maiatzean salatu zuen gazte antolakundea «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzen ari zirela. Orduan, jakinarazi zuten auzitara joko zutela, eta helegiteak aurkeztuko zituztela banan-banan, isunak «ezohikoak eta gehiegizkoak» direlako. Azaroaren 28an hasi ziren helegiteak aurkezten, eta atzo iritsi ziren lehen bi ebazpenak.
Bilbaok argi utzi duenez, lau aretotan ari dira helegiteak aztertzen, eta atzo iritsitakoak areto bakar baten ebazpenak dira. Gasteizko gertakariak aztertu dituen helegitea «guztiz baietsi» dutela nabarmendu du Bilbaok; Bilbokoa, ordea, «partzialki». Egurrolak zehaztu du ebazpenok Gasteizko hamabi kideri eta Bilboko hemeretziri eragiten dietela. Nahiz eta aurkeztutako 126 helegiteen lehenengo ebazpenak izan, Bilbaok argi du bertan aitortutakoak eragina izango duela gainontzeko kasu guztietan.
Epaitegiak ondorioztatu duenez, iazko irailean ez zen desordena publikorik egon Gasteizen. «Are gutxiago, larriak izan zirenik», zehaztu du Bilbaok. Eta erantsi du ebazpenaren arabera administrazioak ez duela «inondik inora» frogatu mobilizazio horretan parte hartu zutenek gainontzeko herritarren segurtasuna arrisku larrian jarri zutenik. Hortaz, ebazpenak Segurtasun Saila zigortu du isunarengatik jasotako diru hori bueltatzera.
«Eztabaida juridiko guztiz beharrezko bat ematea lortu da, herritarren manifestaziorako oinarrizko eskubideen eta horiek mugatzeko administrazioak duen ahalmenaren arteko alderatze bat egin delako»
MADDI BILBAO ARETXAGAAbokatua
Bestalde, epaitegiak administrazioari gogorarazi dio Segurtasun Sailaren betebeharra dela isun bat jartzen duenean gertakariak frogatzea. «Ez dute horrela egin, eta nabaria izan da epaiketa prozesu osoan», kritikatu du abokatuak. Are, adierazi duenez, Ertzaintzaren kontakizuna «ezbaian» geratu da, Ernaik aurkeztutako frogabideen bitartez, baita euren deklarazioetan egondako «kontraesanen» bitartez ere.
Epaitegiaren ebazpenean adierazi dute Ertzaintzak Gasteizen egindako operazio poliziala «justifikatu gabea» izan zela. Bilbaok salatu duenez, gainera, operazio horren ondorioak «isuna jaso dutenei» egotzi nahi izan dizkiete, «batez ere haiek eragindako trafiko mozketak».
Froga falta Bilboko kasuan
Bilbon, berriz, epaileak ondorioztatu du desordena publikoak egon zirela errepide mozketarengatik. Halere: «Kasu honetan ere, lortu dugu adieraztea administrazioaren partetik kontraesanak eta froga gabeziak egon direla». Ondorioz, Bilboko mobilizazioan parte hartu zuten herritarrei ezarritako isunak jaistea erabaki dute, eta administrazioari diru kopuru bat itzultzeko zigorra ezarri diote.
Bilbaoren ustez, helegite horiekin, erakundeek duten zigortzeko ahalmenaren eta mozal legearen esparruan «eztabaida juridiko guztiz beharrezko bat» ematea lortu dute, «herritarren adierazpen askatasunerako eta manifestaziorako oinarrizko eskubideen eta horiek mugatzeko administrazioak duen ahalmenaren arteko alderatze bat egin delako».
«Ernai zein gure proiektua deserosoa zaie, eta are deserosoagoa zaie gero eta gehiago izatea independentziaren alde lerratzen eta antolatzen garen gazteak»
AMAIUR EGURROLAErnaiko bozeramailea
Ebazpena ez da irmoa; hortaz, apelazioa aurkeztu dezakete Ernaik zein Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Ernai ez dago ados Bilboren kasuan desordena publikoaren inguruan egin duten interpretazioarekin. Hori dela eta, gaia juridikoki aztertzen ari dira orain.
Egurrolak argi utzi du Ernairen aurkako isunak ez direla «ausaz» izan, eta Eusko Jaurlaritzaren «erabaki politiko bat» izan direla. «Ernai zein gure proiektua deserosoa zaie, eta are deserosoagoa zaie gero eta gehiago izatea independentziaren alde lerratzen eta antolatzen garen gazteak». Era berean, nabarmendu du atzo iritsitako ebazpenak «gazteria independentistaren borrokaren» emaitza izan direla.
Ebazpenak irmoak ez dira, baina, Egurrolaren hitzetan, frogatuta geratu da Ernairen kontrako operazio bat badela, eta Segurtasun Sailak «era arbitrarioan» eta «neurririk gabe» jokatu duela: «Gezur bidez, gertakariak manipulatu, behar izanik gabeko operazioa aktibatu, herritarrei errua egotzi, eta hori guztia epaitegietan justifikatzen saiatu dira». Jokabide horiek gelditzea helburu du Ernaik, eta horregatik erabaki zuten auzitara jotzea.
Egurrolaren esanetan, garrantzitsua da administrazio publikoak egiten dituen jardun desegokiak epaitegietan salatzea. Alde batetik, «gazteria independentistaren aurka abiatutako operazioa salatzeko». Eta, beste alde batetik, horrelako isunak aurrekaritzat ez jotzeko, eta, hala, beste herritarren edo herri mugimenduen aurka egin ez dezaten. Azken hilabeteotan adierazi bezala, Egurrolak argi utzi du borrokan jarraituko dutela, baita «kaleak hartzen» ere.