Aroztegiko auzipetuei babesa agertzeko agerraldia egin du gaur Ernai gazte erakundeak: gogoratu dute zazpi auzipetuetatik lau Ernaiko militanteak direla, eta, hain justu ere, salatu dute militantzia politikoa zigortu nahia dagoela epaiketaren atzean.
2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrentzako. Ernairen ustez, auzia ez da «bakana», ezta «ausazkoa» ere; are, iritzi dio «sistema kapitalista, ekozida eta zisheteropatriarkalari» mesede egiten dion aurrekari bat sortu nahi dutela, eta ziur da mugarria ezarriko duela «herri mugimenduen kriminalizazioan».
Ernaik argi du kanpaldian parte hartu zutenen artean zazpi lagun auzipetu izanak zera erakusten duela: «Militantzia politikoan aritzeagatik eta herri mugimenduan parte hartzeagatik» epaituak izango direla. Gazte erakundearen iritziz, agerikoa da militantzia politikoa kriminalizatu eta «herria beldurtu eta kikildu» nahi dutela.
«Baztan ez dago salgai»
Aroztegia proiektuak aurreikusten du Baztango Lekaroz herrian 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea. Egitasmoaren aurka agertu dira Ernaiko gazteak, irmo: «Baztan ez dago salgai». Salatu dutenez, etekin ekonomiko «mugagabeak» lortzea helburu zuen Palacio de Arozteguia S.M. enpresak lehen proiektuarekin, eta baita orain ere, Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatu dizkien «43 milioi euroren kalte ordainekin».
Aroztegiko auzipetuei babesa erakusteko, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte otsailaren 1erako, Iruñean, eta manifestaziora joateko deia egin du Ernaik. Gazte erakundeko gazteek aldarrikatu dute «natura, herriak eta bizitza duinak» erdigunean dituen Baztan bat eraiki nahi dutela, eta bide horretan borrokan jarraituko dutela proiektu «txikitzaileen» aurkako borrokan. «Baztanek ez du behar Aroztegia bezalako proiekturik; Baztanek herritarrak erdigunean kokatuko dituen trantsizio ekosoziala behar du», erantsi dute.