Ernaik protesta egin du Barbado eta Zelaia kartzelan sartzearen aurka

Bilbon eta Gasteizen egin dituzte ekintzak. Bilbon 92 lagun identifikatu dituzte; Gasteizen, berriz, hiru atxilotu, eta beste 42 identifikatu

Bilboko Plaza Eliptikoan Ernaik egindako eserialdia, atzo. ERNAI.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Protesta ekintza egin zuen atzo Ernai gazte erakundeak Bilbon. Eserialdia egin zuten Espainiako Gobernuak Plaza Eliptikoan duen egoitzaren aurrean, 07:30 aldera, eta trafikoa moztu. Bi gaztek lepotik kateatu zuten beren burua. Gasteizen ere protesta egin zuten, Ertzaintzaren egoitzan. Gazte batzuek eraikinera lotu zuten beren burua.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek joan den astean jasotako espetxeratze aginduen kontrakoa izan zen protesta. «Lau urte daramatzate espetxean sartzeko arriskuan, eta horrek erantzule zuzena du», gogoratu zuten Ernaiko kideek Bilbon. Izan ere, «ankerkeria horren erantzuleak jopuntuan» izan zituzten, eta espetxeratzea «euskal gazteriaren eta herri honen duintasunaren aurkako erasotzat» jo. Argi utzi zutenez, lau urte hauetan bezala, «azken txanpa honetan ere kalean» jarraituko dute.

Bilbon, Ertzaintza errepidean eserita zeudenen aurka oldartu zen, eta banan-banan identifikatu zituen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 92 pertsona identifikatu zituzten. Lepotik lotuta zeudenen kateak metalerako aizturrekin mozten saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Suhiltzaileek moztu zituzten, 11:10 aldera. Orduan amaitu zen protesta. Gasteizen, hiru pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, eta beste 42 identifikatu.

Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. «Militante politiko izateagatik zigortu nahi gaituzte», adierazi izan dute gazteek.

Hamaika mobilizazio

Bi gazteek espetxeratze agindua jaso zutenetik, mobilizazio ugari egin dituzte Euskal Herrian. Atzo egin zituzten horietako batzuk; besteak beste, Hernanin (Gipuzkoa) eta Bilbon. Hernanin, zenbait lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, errepidea moztu ostean. Datorren larunbatean egingo dute mobilizazio nagusia, Gasteizen. Ernaik bertaratzeko deia egin zuen atzo: «Milaka pankarta, eskuorri eta elkarretaratze egin ditugu. Gaur ere horrela salatu dugu. Hurrengo larunbatean, Gasteizko kaleak beteko ditugu. Aitor eta Galder aske».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.