Ernaik Tafallan mobilizatzera deitu du Hispanitatearen Egunerako

«Nafarroan urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko», esan du gazte erakundeak, eta «Euskal Herria irabaztera» deitu du.

Ernaik Donostian egindako manifestazioa, irailaren 8an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ernaik Donostian egindako manifestazioa, irailaren 8an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Erredakzioa
2024ko irailaren 12a
14:30
Entzun

Ernaik manifestazio bat antolatu du Tafallan (Nafarroa) urriaren 12rako, Hispanitatearen Egunerako, alegia. Gazte erakundearen ustez,  «ukaezina» da egun horrek «espainolismoaren eta faxismoaren normalizazioan» jokatzen duen rola, eta horregatik deitu dute mobilizaziora: «Gu Nafarroako etorkizuna gara; haiek, aldiz, iragana. Argi utziko diegu faxismoak lekurik ez duela herri honetan».

Ernaik uste du handia dela Nafarroan «gauzatzen ari den aldaketa sozial eta politikoa», eta eskuinak hartutako «jarrera bortitza» horren aurkako erreakzioa dela. Nafarroa «gero eta euskaldunagoa, ezkertiarragoa eta feministagoa» ikusten du erakundeak, eta, hori dela eta, «Madrildik datozen aginduei jarraituz erreakzionatzen ari dira». Hala ere, Ernaik esan du «erregimena, nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera, faxismoaren oldarraldi baterako agertoki bikaina» dela, eta dagoeneko gorakada horren ondorio batzuk badirela Nafarroan: «Cara al sol abesten aritu dira Tuteran; gure ikurrak debekatzen Atarrabian; jai herrikoi eta euskaldunak debekatzen Lizarran; euskararen meritua legez kanpo uzten osasungintzan...».

Horregatik, Ernaik uste du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela beste etorkizun baten alde aritzea. «Nafarroan, urriaren 12an, ez dugu ezer ospatzeko», erantsi du: «Euskal Herria irabaztera goaz», aldarrikatu du erakundeak, eta urriaren 12rako Tafallara deitu ditu nafarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.