Ernaik manifestazioa eginen du irailaren 8an, «zapalkuntzarik gabeko Euskal Herrian aurrera egiteko»

Gazte antolakundeak dirua biltzeko kanpaina bat jarri du martxan, eta herritarren laguntza «ezinbestekoa» dela diote.

Isunen berri emateko agerraldia egin zuen Ernaik, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 19a
14:15
Entzun

Mozal legea aplikatu diote Ernai gazte antolakundeari, eta, ondorioz, kideek ia 300.000 euro ordaindu beharko dituzte isunetan. Joan den maiatzean eman zuten horren berri, eta, orain, irailaren 8an manifestazio bat eginen dutela iragarri dute, «taldearen kontrako operazio judizialak dituen oinarri politikoak salatzeko». «Gazte independentistak aktibatu eta antolatzeko» baliatuko dute mobilizazioa: «Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herrian berretsi eta aurrera egiteko anbizioa erakutsiko dugu».

Gaia gizarteratzeko ere baliatu nahi dute mobilizazioa. Izan ere, dagoeneko martxan dute antolakundea ekonomikoki laguntzeko diru-bilketa kanpaina –herritarrek banku transferentziak egiten ahal dituzte taldeak irekitako kontu korronte batera–, eta, mobilizazioaren harira, gaiaren berri izanen duten horiek taldeari ekarpena egiteko aukera dagoela jakinen dute; antolakundearendako «ezinbestekoa» baita herritarren laguntza. Hortaz, propio aukeratutako eguna da irailaren 8a: «Estropaden finalaren harira antolatutako mobilizazioa da, eta giroaz eta kirol eremuko zirkuituaz abiatuko gara». Zehazki, 13:30ean hasiko da manifestazioa, Donostiako Bulebarretik.

Antolakundeak 2023ko irailean egindako bi egitasmo daude salaketen gibelean: zehazki, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernaik bi protesta egin zituen, bat Bilbon eta beste bat Gasteizen, joan den irailaren 22an. 133 gazte identifikatu zituzten, eta zortzi hilabete geroago 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zaizkie. Mozal legea «modu neurrigabean» aplikatu izana salatu du taldeak: «Historikoki borroka sozial eta protesta demokratikoen kontra herri mugimendua itotzeko izan duten asmo argian beste urrats bat egin dute».

2015etik indarrean

Mozal legea 2015ean jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak, PPko Mariano Rajoyren agintaldian. Urte bat geroago, Hego Euskal Herriko gobernuek haren kontrako proposamenak onartu zituzten; halere, arauak hor dirau oraindik. Hiru arau hauste nagusi erabili ohi dituzte hori aplikatzeko: legez kanpoko drogak kontsumitu edo edukitzea; baimenik gabe armak eduki, erakutsi edo erabiltzea; eta Poliziarekiko errespetu falta, desordena publikoak eragitea eta autoritateari desobeditzea. Azken atal horrek ekarri ohi ditu gorabehera handienak: Poliziak edozein herritar salatzeko aukera duelako, baldin eta iruditzen bazaio hark ez diela men egin. 

Joan den agintaldian, legeari aldaketa batzuk egiteko proposamen bat egin zuten, baina irizpena ez zen aurrera atera: aldeko hemezortzi boto jaso zituen –PSOE, UP eta EAJ–, eta kontrako hemeretzi –ERC, EH Bildu, Junts, PP, Vox, Ciudadanos eta UPN–. Lau puntu ez erreformatzeak baldintzatu zuten EH Bilduren eta ERCren ezezkoa: segurtasun indarrek istiluen kontrako materiala nola erabiltzen duten, eta, bereziki, gomazko pilotak –23 artikulua–; agenteekiko errespetu faltak zehazten dituena –37.4 artikulua–; agintaritzari edo haren agenteei «desobeditzea edo jarkitzea» zigortzen duena –36.6 artikulua–; eta Ceutako eta Melillako lurreko mugetan dauden migratzaileak kanporatzeko modua ematen duen xedapen gehigarria.

Izan ere, taldeak BERRIAri azaldu zionez, gisa horretako egitasmo edo protestetan arduradun gisa aurkezten direnak identifikatu ohi dituzte, eta ez ekintzako parte hartzaile guztiak. Horren guztiaren gibelean asmo bat dagoela uste dute: «Badago intentzionalitate bat ezkerreko gazte independentistak geldiarazi edo itotzeko».

Hortaz, bide administratiboa itxi dute isunak beherapenarekin ordainduta. Orain, helegiteak banan-banan aurkeztuko dituzte, «neurrigabekeria» salatuta. «Burumakur eta apal nahi gaituzte, baina horren aurka antolatzen jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.