Ernaik maiatzean salatu zuen gazte antolakundea «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzeko ahalegina. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatu dizkie isunetan iazko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako protestetan parte hartu zuten 133 gazteri. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak gaur azaldu duenez, «gazteria independentistaren posizio politikoa isilarazteko ahalegin bat» da hori, eta, erantzun gisa, independentzia aldarrikatu dute Donostian egin duten manifestazioan.
«Kalea hartzen» jarraituko dutela adierazi du Egurrolak, «geroz eta gehiago garelako independentziaren aldeko hautua egiten dugunak». Gogorarazi du martxan dutela isunei aurre egiteko diru bilketa, eta gazteei dei egin die antolakundeak ikasturte honetan egingo dituen ekintzetan parte hartzera, bereziki Gazteon Eskutik ekinaldian —udaberrian egin asmo dute—.
Protesta 13:30ean abiatu da Bulebarretik, Kontxako Bandera amaitutakoan, eta erdiguneko kaleetan ibili ostean, leku berean amaitu da. Bat eginez independentziara zioen manifestazioaren aurrealdeko pankartak, eta, besteak beste, «euskal gazteria aurrera», «gazte borroka, gazte antolakuntza» eta «ez gaituzte geldituko» oihuak entzun dira. Zenbait manifestarik ikurrinak eta Nafarroako banderak ere eraman dituzte.
Amaierako ekitaldia poesia errezital batekin hasi da, eta Egurrolak jarraian hartu du hitza. Eledunak kontatu du azken hilabeteak ez direla errazak izan, isunek baldintzatu baitituzte, eta nabarmendu du Ernairen aurkako operazioa ez dela ausaz hartutako erabaki bat: «Eraso hori noiz-eta Ernaik geroz eta babes zabalagoa duen honetan heldu da, geroz eta gazte gehiagok Ernairen barruan antolatzeko hautua egin dugun honetan. Operazio hori, beraz, horren aurkako erreakzio bat baino ez da».
Euskal Herriko egungo garai politikoan egin du azpimarra, eta errepikatu ez dela kasualitatea isunak «ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta soziala lortzeko lehian ari denean heltzea».
Urriaren 12an, Tafallan
Jarraian, aldarrikatu du independentzia dela «etorkizun bizigarri bat» eraikitzeko tresna baliagarri bakarra. «Ametsak egia bihurtzera goaz, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabaztera!», esan du.
Egurrolak Jaizkibel zoriondu du, lehen aldiz konpainia gisa desfilatu duen honetan; ongietorria egin dio ikasturteari, eta «ekinaldiz betea» izango dela gogorarazi; eta Gazteon Eskutik ekinaldian parte hartzera gonbidatu ditu entzuleak.
Amaitzeko, iragarri du urriaren 12an Tafallan (Nafarroa) mobilizatuko direla, «Nafarroan proiektu espainolistaren defendatzaileak bultzatzen ari diren oldarraldia salatzeko eta Euskal Herria antifaxista dela aldarrikatzeko».