Ernaik Lezon egingo du topagunea, gazteak «protagonista» bilakatzeko helburuarekin

Gazte antolakundeak martxoaren 29tik 31ra bitarte egingo du urteroko gazte topagunea, 'Gazteon eskutik loratuko da udaberria' lelopean.

Gazte topagunea
Ernaik Elorrion egin zuen iaz gazte topagunea. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko abenduaren 29a
11:50
Entzun

Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak Lezon (Gipuzkoa) egingo du aurtengo udaberriko topagunea. Gazteon eskutik loratuko da udaberria lelopean, gazte independentisten topaleku bilakatu nahi dute herria, martxoaren 29an, 30ean eta 31n. Antolakundeak azaldu du Euskal Herria «martxan» dela, eta gazteriak «lehen lerroa» hartu duela, baina uste du orain gazteak «protagonista» bilakatzeko garaia dela. Helburu horrekin egingo dute egitasmoa, hain zuzen ere: «Gazteek duten jakintza, ahalmena eta indarra erdigunean egongo da».

Antolakundeak azaldu du ikasturte hasieratik «aktibo» egon dela euskal gazteria, hala Aitor eta Galder gazteen atxiloketaren aurkako mobilizazioetan, nola Euskal Herriko Neska Gazteen Baterajotzean. Baina baita Palestinaren aldeko egitasmoetan edota greba feminista orokorrean ere, besteak beste. Eta azpimarratu du aurrerantzean ere alternatiba baten alde lanean arituko direla eta independentziaren alde indarrak bilduko dituztela, «belaunaldi krisiaren aurrean esperantzaz eta anbizioz».

Helburu hori lortzeko bidean, Lezo izango dute lehen geralekua. Gazte antolakundeak egitarau zabala prestatu du topagunea egingo duten hiru egunetarako. Egitarau «politikoa» izango da, ohi bezala, baina aisialdia eta musika ere uztartuko ditu. Bada, Bizitza duinen udaberria eta Pornoa, desira, plazera eta morala hitzaldiez gain, bertso saioak eta Hofe x 4:40, Eire, Azken Sustraiak eta Burutik musika taldeen emanaldiak izango dira.

Egitarauaren zati bat besterik ez du aurkeztu Ernaik, otsailean emango baitu xehetasun guztien berri. Dena den, dagoeneko salgai jarri dituzte topaguneko hiru egunetako sarrerak, Internetez zein euskarri fisikoan, eskualde buruetako tabernetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.