Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan antolatu ditu Ernaik Independentziara egunak, besteak beste, Algortan, Hernanin, Donostian, Leitzan, Tafallan, Gasteizen, Aiaralden, Enkarterrin eta Zornotzan; 75 herri baino gehiago dira denera. Independentziara egunetan askotariko ekitaldiak egongo dira: hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, bazkariak eta abar.
Ernaik hiru erronkari erantzuteko baliatu nahi ditu egun horiek: «Alde batetik, gazteok Euskal Herriaren independentziara bidean egin beharreko urratsez gogoeta egiteko eta borroka horretan gazteok dugun rolaz hausnartzeko. Bestetik, herri eta eskualdeetako gazte komunitate independentistak biltzeko». Horrez gain, apirilaren 17tik 20ra bitartean Berriozarren egingo duten Gazteon Eskutik ekimena ezagutzera emateko baliatu nahi dituzte Independentziara egunak.
Beste jauzi bat
Independentziara lemapean hainbat elkargune antolatu izana «ez da ausaz hartutako erabakia», Ernaik azaldu duenez. Gazte antolakundearen arabera, «azkenengo hilabeteetan antzeman den joera baten adierazle bat da». Ernaik uste du «gero eta gehiago» direla posizio ezkertiar eta independentistetan lerratzen diren gazteak. Gogoratu dute «4000 gaztetik gora» batu zirela Ernaik iazko irailaren zortzian antolatutako mobilizazio nazionalean, eta, urriaren 12an, «Nafarroako ehunka gazte» aritu zirela, Tafallan.
Hala, Ernairen ustez, «independentziaren aldeko borrokan beste jauzi bat emateko beharra» dago. Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko «bide bakarra» da hori, gazte independentisten arabera. «Inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria lortu behar dugu». Horiek horrela, Ernaik dei egin du «gazteria herriz herri antolatzeko» Independentziara egunetarako, eta parte hartzeko apirilaren 17tik 20ra Berriozarren (Nafarroa) egingo den Gazteon Eskutik ekitaldian.