Ernaik topagunea baliatu nahi du gazteek «beste jauzi bat» emateko

Antolakundeak uste du gizartea «une erabakigarri» batean dagoela, eta gero eta gazte gehiagok egiten dutela independentziaren aldeko hautua.

Ernaiko kideak, gaurko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ernaiko kideak, gaurko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko otsailaren 12a
20:00
Entzun

Ernaik egungo testuinguru politikoaren eta, batez ere, gazteei eragiten dieten problematiken inguruan hausnartzeko baliatu nahi du aurtengo Gazte Topagunea, eta horrekin batera «beste jauzi bat» emateko. Apirilaren 17tik 20ra bitarte egingo du hori, Berriozarren (Nafarroa). Topagunea «ekimen soil bat» baino gehiago dela azaldu dute, gazteek duten rolari erreparatzeko «bilgune» bat: «Euskal Herriko txoko guztietako gazteak bildu eta indarrak batzeko modua da».

Antolakundearen esanetan, egungoa «une erabakigarria» da, hala nazioarteko erronkei dagokionez, nola «Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegiari dagokionez». Hain zuzen, bi prozesuak lotuta daudela uste dute. Izan ere, argudiatu dute nazioarteko erronkei erantzuteko beharrezkoa dela burujabetza eskuratzea: «Bidegurutze historiko honetan, independentzia da posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra».

Horretan gazteek badute zer esana, antolakundearen ustez, eta asmo horri erantzuten dio aurtengo leloak ere: Gazteon eskutik. Lelo hori aukera dute haien ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin, eta hori hauspotzen jarraitu nahi dute: «Gero eta gehiago gara etorkizunari begiratu eta independentzia baino ikusten ez dugunok».

Horretarako, Ernaik hainbat hitzaldi prestatu ditu, gazteen bizitzetan eta haien arteko eztabaidetan puri-purian dauden gaiak jorratzeko. Besteak beste, etxebizitza, euskara, klima larrialdia eta «gazteen arteko joera erreakzionarioak» landuko dituzte. Horietako zenbaitek ohiko hitzaldi eredua izango dutela azaldu dute, baina bestelako molde batzuk ere probatu nahi dituzte topagunean: hitzaldi musikatuak, proiekzioak eta tailerrak, esaterako. Eta hizlari batzuk ere aipatu dituzte: esaterako, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Jule Goikoetxea eta Maider Galardi.

Ekitaldi nagusian, berriz, mugimendu gisa dituzten erronkez aritzeko asmoa dute: «Ziklo politiko berri baten atarian gaude, eta beharrezkoa da horrek eskatzen duenaren inguruan hitz egitea».

Musikarako tartea ere izango da Gazte Topagunean. Han arituko dira, besteak beste, Olatz Salvador, Nogen, Skabidean eta Biznaga taldeak. Gainera, «Iruñerriko eszenari eta Euskal Herriko gazte sortzaileei» lekua eskaintzeko asmoa ere badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.