Ernaik antolatutako gazte ekinaldiak 3.000 gazte eta mila boluntario bildu ditu Lezon, Gipuzkoan. Jardunaldiaren amaierako mezu politikoan aldarrikapen argia egin dute: «Gazteen eskutik loratuko da udaberria». Nahiz eta lan prekaritateak eta etxebizitza lortzeko zailtasunek etsia harraraz diezaioketen gazte askori, itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan du Ernaik, eta adierazi «aldaketa posible» dela. Horretarako, «gazte fronte bat» osatzera deitu du, «beste Euskal Herri bat posible dela erakusteko».
Gazteen lan baldintzak salatu dituzte, «eliteak, elite izaten jarraitzeko, beste batzuk zapaltzeko beharra duelako. Kapitala ahalik eta gehien metatzen jarraitzeko esplotatzen gaituzte, gure bizitzak, gazteon bizitzak arriskuan jartzeraino». Horren alternatiba mahai gainean jartzen ari direla adierazi dute, «gazteon beharrak, nahiak eta anbizioak asetzeko egingo dugu politika, eta horretan jarraituko dugu. Kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, aldaketa posible baita».
Bizitza duina izateko eskubidea defendatu dute, «argi baitugu zer den duintasuna gazteontzat: argi dugu ez dela bikote heteronormatibo batekin etxe bat erosteko 8 ordu lan egin eta bizitza osoan ordaindu ezingo dugun hipoteka bat izatea». Esan dutenaren arabera, etxebizitzarako sarbidea izatea da duintasuna, bizi proiektuak eraiki ahal izatea soldataren parterik handiena etxebizitzetan utzi gabe; erasorik gabe bizi ahal izatea eta «bizi eredu alternatiboak eraikitzeko ahalmena eta erabakimena izatea» da duintasuna.
Horregatik uste dute «jauzi bat» egiteko garaia dela. «Gu utopikoen saga bateko kide baikara. Euskal Herriarekin amesten zuten gau eskolako ikasle eta irakasleena, Sartagudako alargunena, intsumisioaren bidea aukeratu zutenena. Martxoaren 3ko borrokalariena, Euskaldunakoena, baita greba feministako etxeko langileena ere». Eta hari horri segida eman nahi diote: «Bihar inongo gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herri sozialista eta feminista errealitatea izan dadin».
«Bidea gazteekin»
Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 21eko bozak ere izan dituzte hizpide. Uste dute EH Bilduk lortuko duela «boto gehien», eta koalizioa irabazle aterata herritarren bizi baldintzak hobetuko direlakoan daude, «ezker independentismoaren bokazioa hori baita: herri hau askatu eta guztion bizi baldintzen alde lan egin eta borrokatzea».
Hainbat jardunaldi izan dituzte egunotan, eta besteak beste, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bilduren lehendakarigaia ere Lezon izan da. Gazte independentisten topagunea da Lezokoa, eta gazteekin hitz egin du EH Bilduren hautagaiak, gazteen egoeraz eta Euskal Herriaren etorkizunaz. Gazteen garrantzia nabarmendu du: «Apirilaren 21ean [hauteskunde eguna] ziklo politikoaren aldaketa bizkortu egingo da, eta horretarako ezinbestekoa da gazteen bultzada». EH Bilduk uste du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ziklo politiko berri batean daudela, eta, Otxandianoren iritziz, aldaketa bizkortzeko funtsezkoak izango dira «gazteen arnasa eta ekimena».
«EH Bildu ez dator gazteak ordezkatzera», ohartarazi du. «Bidea gazteekin batera egitera dator EH Bildu». Gazteei ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna ematearen alde agertu da Otxandiano: «Gazteek izan behar dute momentu honen subjektu politiko eta ziklo politiko berriaren protagonista. Hartu behar diren erabaki nagusien subjektu protagonistak izan behar dute. Beraz, gazteei bidea elkarrekin egitea proposatzera, horretara gatoz gu».
Gazteak erakartzeko asmoz, esan die EH Bildu dela etorkizuneko indarra, gauzak egiteko beste modu bat duelako eta bidea gazteekin batera egin nahi duelako. Otxandianorentzat, «ezinbestekoa» da gazteei bizi eta lan baldintza duinak bermatzea. Etxebizitzaren egoera eta lan merkatuko baldintzak aipatu ditu.
«Herri gogoa» aipatu du EH Bilduren lehendakarigaiak. Korrikak eta euskal selekzioak erakutsi duten herri gogoa, eta «ziurrenik» biharko Aberri Egunean ere ikusiko dena. «Konbentzituta gaude herri gogo horrekin eta gazteen bultzadarekin herri honek etorkizuna duela eta herri honen zati honetan inflexio puntu bat markatuko dugula».
Otxandianok Lezon izan duen solasaldian parte hartu dute Eraitz Saez de Egilaz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak, Edurne Benito del Villa Bizkaiko hautagaiak eta Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkari eta Donostiako zinegotziak.