GAZTEAK

Ernaik errepide bat moztu du Donostian, gazte «kriminalizazioaren» aurka

Mirakruz Gainean moztu dute errepidea, gazteen etorkizunik eza salatzeko afixak eskuan.

Gazteak, gaur, Mirakruz Gaineko errepidea mozten, Donostian. ERNAI
2021eko martxoaren 10a
13:53
Entzun

«Hilabeteak pasatu ditugu asteburuero albistegietan irudi eta titular berak ikusten. Gaur Donostiako Alde Zaharra, atzo Mendillorri, herenegun Mungia. Gazteak jazartuak eta kriminalizatuak izan gara, eta arduragabeak izan garela leporatu zaigu, baina benetan jabetu al dira gazteon egoeraz? Hitz egingo al dute Teleberri-n gure benetako arazoei buruz?». Horrela azaldu du Ernai gazte antolakundeak gaur Donostian Mirakruz Gainean errepidea moztearen arrazoia: gazte kriminalizazioa salatu dute, eta gaitzetsi dute «pandemiaren gestio negargarria ezkutatzeko eta eskuineko lobby gisa funtzionatzen duen polizia sindikatuen ahotsa zuritzeko» jarri dituztela gazteak «jopuntuan».

Salatu dutenez, «inork» ez du hitz egiten gazteen «benetako» arazoez: «Depresio kasuek ikaragarrizko gorakada izan dute gazteen artean; suizidio kasuak ere handitzen ari dira; iaztik %50 inguru igo da gazte langabezia Euskal Herrian; ikasketetarako arazoak besterik ez ditugu; harremantzea debekatu zaigu, eta sozializazio espazioetan egotea debekatu digute. Kalean egotea aukera bakarra zen gazteontzat, eta orain hori ere debekatu nahi digute. Argi dago apustu etxeetan nahiago gaituztela».

Gazteen etorkizuna «beltza» dela uste du Ernaik, eta hori ikusita «errazagoa» dela «errua» haiei botatzea. Agintari politikoei eta hedabideei galdegin diete utz diezaiotela gazteak «kriminalizatzeari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.