Hamar urte eman ditu Ernaik «krisiaren» eta «kapitalismoaren» aurkako borrokan, baina oraindik ere egitekoak dituztela aldarrikatu dute kideek Gasteizen. Azaldu dutenez, gazte belaunaldiak «krisiak» baino ez ditu bizi izan, eta horrek «etorkizunerako espektatibak» hautsi dizkie. Salatu dute, gainera, egungo testuinguruak gazteen bizi baldintzak prekarizatu besterik ez dituela egiten. «Bizitzaren garestitzeaz», «hezkuntzaren merkantilizazioaz» eta «eredu patriarkalen indartzeaz» aritu dira bereziki, eta esan dute «erroko eraldaketa sozial erradikala» behar dela horiek amaitzeko. Horri lotutako dinamika bat abiatuko du gazte antolakundeak, Orain dugu aukera lelopean.
Horiek horrela, sistemari aurre egiteko «alternatibak» plazaratu ditu Ernaik, ideia hau xede nagusia izanik: «Sistemari su eman eta berriz hasiko gara, gurea eraikiko dugu». Horren harira, hainbat aldarri egin eta herritarren duintasunari eusteko neurriak eskatu dituzte. «Merkatuaren interbentzioa», «aberastasunaren banaketa erradikala», «zaintza sistema komunitarioa» eta «hezkuntza publiko, burujabe eta nazionala» exijitu eta gazteen bizitzak «berehala» duintzeko proposamenak egin dituzte. «Lan duinerako», «etxebizitzarako» eta «osasun mentalerako» eskubideak horretarako «ezinbestekoak» direla ere aldarrikatu dute. «Energiaren eta oinarrizko produktuen prezioak» jaisteko beharra ere azaldu dute.
Beste eskaera batzuk ere xehatu dituzte: «Bizi eredu eraldatzailearen aldeko apustua egin eta Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzea nahi dugu». Hala, herrietatik eta auzoetatik sistema eraikitzeko modua ematen duen alternatibaren nahia adierazi dute, bai eta «balio komunitarioak» indartzen dituenarena ere.
Gazteak «borrokara»
Egungo krisi horri aurre egiteko eta aurreko helburuak lortzeko, «borrokara» eta «antolatzera» deitu ditu Ernaik gazteak, «krisiaren aurrean zer eta nola egin behar den beraiek baitakite hobekien». Bestalde, aldarri horiek guztiak «zabaltzeko», dinamika berriarekin zerikusia duten hamar egitasmo antolatu dituzte. Hurrengo hilabeteetan egingo dituzte ekintza horiek guztiak; «kale agitazioa», herri eta auzoetarako egitarauak eta «problematika lokalei» lotutako lanketak izango dira horietako batzuk.
Horrez gain, Gazte Topagune erraldoia egingo dute «euskal gazteriak bestelako alternatibak sortzeko gaitasun kolektiboa duela» adierazteko. Apirilaren 6tik 9ra izango da, Elorrion (Bizkaia), eta «hausnarketarako eta konspiraziorako» gunea izatea nahi dute. Egitaraua «askotarikoa» izango da, eta «aisialdi eskaintza» ere izango du. Kale mobilizazioei dagokienez, gainera, bestelako mugimenduekin «bateratzeko» erabakia hartu dute, hala nola pentsiodunekin eta bestelako gazte mugimenduekin.