Ernaik dio ziklo politikoari «gaztetasunetik erantzuteko prest» atera direla topagunetik

Gazte antolakundeak Berriozarko ekinaldiaren balorazio ona egin du, eta uste du gazteria independentista «borrokaren lekukoa» hartzeko moduan dela.

Ernaik larunbat arratsaldean antolatutako ekitaldia, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Ernaik larunbat arratsaldean antolatutako ekitaldia, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 21a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Ernai pozik azaldu da Gazteon eskutik independentziara ekinaldiak izandako harrerarekin. Azaldu dutenez, Berriozarren (Nafarroa) egindako topagunean 3.000 gazte inguru batu ziren ostegunetik igandera bitarte, eta bertaratutakoek aukera izan zuten egungo erronkez elkarrekin hausnartzeko. «Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politikoari gaztetasunetik erantzuteko tresnak eskuratu dituzte», azaldu dute ohar baten bidez.

Berriozarren egin beharrekoak amaituta, EH Bilduk Iruñean deitutako Aberri Eguneko mobilizazioarekin bat eginez bukatu zuen gazte antolakundeak aurtengo topagunea. Halere, Ernaiko kideek adierazi dute topagunearekin ez dela amaitzen antolakundearen lana. Kontrara, adierazi dute horrek indar handiagoa eman diela ziklo politiko berriari erantzuteko: «Gazteria independentista borrokaren lekukoa hartzeko prest dago».

Hain zuzen, larunbatean egindako ekitaldi politikoan, Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak nabarmendu zuen «nazio bulkada berri bat» abiarazi asmo dutela, eta gazteak norabide horretan saretzeko deia egin zuen. Haren hitzetan, ez dago denbora galtzerik: «Ezin dugu itxaron baldintza egokienak heldu arte: ezin gara esperoan egon iraultza perfektua noiz iritsiko».

Ekinaldiari ekin aurretik, Nafarroako eskuineko alderdien eta PSNko zenbait ordezkariren jomugan egon ziren Ernai eta topagunea bera. Preso politikoen nazioarteko egunaren harira egitekoak ziren mahai inguruak ekarri zuen haien kritika. Hura bertan behera utzi eta manifestazio bat antolatu zuten, euskal presoen etxeratzea exijitzea zilegi dela adierazteko.

Haratago ere iritsi ziren, baina, zenbait kritika, eta topagunea bera ezbaian jarri zuten hainbatek. Halere, Ernaik adierazi du Berriozarko herriarekin izandako harremana ona izan dela, eta gazteak «esku zabalik» hartu izana eskertu diete herritarrei.

Era berean, espazio seguruak sortzeko egin duten lana ere aipatu nahi izan dute. Azaldu dute «espazioen errotiko feministatze bat» emateko lan egin dutela, eta hala jardun dutela ekinaldiaren antolaketa prozesuan ere. Gainera, aurtengo ekitaldian, protokolo feminista soilik ez, protokolo antirrazista ere izan dute. Adierazi dutenez, lehen pauso bat izan da hura, eta aurrera begira afera horretan sakontzeko prest azaldu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.