Ernaik AP-1 errepidea trabatu du Eskoriatzan, «bizitza duinak» aldarrikatzeko

Gazteen «etengabeko prekarizazio egoera» eta «etorkizunik eza» salatu nahi izan dituzte ekintzarekin: «Bizitzen aurka egiten duen sistema gelditu beharra dago». Arratsalderako mugimendu sozialek hainbat herri eta auzotan deituriko protestekin bat egin dute.

Hainbat gazte, gaur goizean, AP-1 errepidea mozten. ERNAI
2021eko abenduaren 1a
12:47
Entzun

Ernai gazte antolakundeko hogei bat kidek AP-1 errepidea trabatu dute gaur goizean Agozibar errekaren gaineko zubian, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Gazteentzat «bizitza duinak» aldarrikatzeko egin dute protesta, eta «Euskal Herria kolpatuko duen krisi sozialari» aurre egiteko greba orokorraren «beharra» azpimarratu dute. «Etengabeko prekarizazioan murgilduta dago gazteria: ez enplegu duinik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere. Etorkizunik eza da gazteoi eskaintzen zaigun bakarra», salatu du gazte antolakundeak, ohar baten bidez.

Gaitzetsi dutenez, hain zuzen, «espektatiben krisi bete-betean» daude, eta «ezinegona eguneroko ogi» bihurtu zaie gazteei: «Gazteon bizitzak baliorik gabe utzi dituzte». Horrekin lotu dituzte osasun mentaleko arazoak eta «ospitalizazioen gorakada» ere: «Antsietatea, depresioa, elikadura nahasmenak, suizidioak... Gazteon ondoeza arazo garrantzitsua da euskal gizartean, eta hala izan beharko luke euskal instituzioentzat ere».

«Bizitzen aurka» egiten duen «sistema gelditu beharra» nabarmendu du Ernaik: «Euskal Herriak bere egoera iraultzeko beharra du, errotiko aldaketak behar ditugu herri gisa datorren krisi sozialari, ekologikoari, ekonomikoari... aurre egiteko». Horretarako «mugimendu sozial eta herritar indartsua» behar dela uste dute: «Kaleak hartu beharrean gaude, bizitzak erdigunean jarri eta bizimodu duinak eraikiko dituen Euskal Herria pausoz pauso aletzeko». Gaurko sindikatuek deituriko protestak ere «norabide horretan» kokatu dituzte.

Aldarrikatu dute «independentzia, sozialismoa eta feminismorako bidea halaxe» eginen dutela, «pausoz pauso», eta «eraldaketaren motore» gazteak izanen direla: «Herrietan, auzoetan, eragile, mugimendu eta mobilizazioetan geure alea jarriz. Antolatzen eta borrokatzen. Dena baitugu irabazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.