Ernaik eta «bestelako Euskal Herri bat» nahi duten hainbat eragile sozialek, sindikatuk eta alderdi politikok Eusko Jaurlaritzari eskatu diote amai dezala euren aurkako «jazarpen estrategia». Manifestu bat kaleratu dute gaur, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako galerian egindako agerraldian.
Amaiur Egurrola Ernaiko kideak irakurri du dokumentua, manifestua sinatu duten eragileen ordezkaritza bat atzean zuela. Bertan izan dira, besteak beste, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra edo Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea. Egurrolak esan du «geroz eta ohikoagoak» bihurtu direla Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak protesta sozialen aurka egindako erasoak: «Horiek horrela, Euskal Herriko hainbat mugimendu sozialek ezin dugu gure jardun politikoa erabat normal aurrera eraman, eta salatu nahi dugu hori erasoa dela gure eskubide zibil eta politikoentzat».
«Sistematikoa bilakatu den praktika erabat larria dela deritzogu, eta ezinbestekotzat jotzen dugu horri aterabide bat ematea»
AMAIUR EGURROLAErnaiko kidea
Egurrolak jazarpen estrategia horren barruan kokatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kideri jarritako isunak. Horiek 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak dira, eta, osotara, ia 300.000 euro dira. Horrek, Egurrolaren hitzetan, Ernai «egoera oso larrian» kokatu du.
Apirilean jaso zituzten isunak gazte antolakundeko kideek, eta helegiteak aurkeztea erabaki zuten. Hilaren 28an hasiko dira lehen epaiketak. Galder Barbado eta Aitor Zelaia kartzelan sartzearen aurka Gasteizen eta Bilbon egindako mobilizazioak daude isun horien oinarrian, eta horietako bakoitzean isuna jasotako kideen banakako auziak izango dira lehenak. Izan ere, apelazioak aurkeztuta, banan-banan aztertuko dira kasuak.
Gazte erakundeak baikortasun mezua helarazi du, sinetsita baitaude lortuko dutela isunak baliogabetzea. Aurrekari juridikoak euren alde daudela esan dute.
Eskakizunak
Jazarpen estrategiaren erantzule Eusko Jaurlaritza egin dute. Segurtasun Sailaren bidez mugimendu sozialak «kriminalizatu eta zigortzen» dituela azaldu dute. «Azken bitarteko gisa, militanteei isuna jartzen diete, eta atxilotu ere egiten dituzte», gaineratu du Egurrolak.
«Sistematikoa bilakatu den praktika erabat larria dela deritzogu, eta ezinbestekotzat jotzen dugu horri aterabide bat ematea». Proposamen bat ere egin dute: eztabaidari heltzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta adierazpen askatasuna errespetatzeko. «Jazarpen estrategia sistematikoa amaitzeko eta herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko exijitzen dugu».
32Manifestuaren sinatzaileak Nafarroako AHT Gelditu, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko etxebizitza sindikatuaren sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extintion Rebellion, Gazte Abertzaleak, Gazte Feministak, Gasteiz Antirrazista, Gurea Geroa, Haritu, Ikama, Jauzi, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak eta Nafarroako Yalah Palestinaren Alde.